Gipuzkoako zahar etxeetan greba egingo dute berriz hilaren 19an

ELA eta LABek egin dute deia, bakoitzak bere aldetik. Negoziazioa berriz abian da; patronalei proposamen «zehatzak» eskatu dizkiete

Gipuzkoako zahar etxeetako langileak manifestazio batean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
ELA eta LAB sindikatuek bakoitzak bere aldetik egin dute Gipuzkoako zahar etxeetan berriz greba egiteko deia. Justu hilaren 19a hautatu dute, eta egunak badu esanahi berezia; izan ere, hilaren 20an elkartuko da berriro negoziazio mahaia. ELA sindikatuaren aburuz, «esku hutsik» joan zen patronala astelehenean egin zuten bilkurara, eta horregatik egin dute orain grebarako deia. «Izan ere, patronalaren borondate falta begi bistan geratu da», salatu zuten atzo ELAko ordezkariek agerraldi batean. Areago, esan zuten mahaia uzteko asmoa dutela baldin eta hurrengo negoziazio mahaian patronalak jarrera horri eusten badio. LAB sindikatuak ohar baten bidez egin du grebarako deia; patronalei eskatu die negoziazio mahaia ez «blokeatzeko» eta aurrera egiteko oinarriak jartzeko: «Borondateaz harago, proposamen zehatzak jarri beharko dira mahai gainean».

Sindikatu biek gogora ekarri dute bost urte direla gatazka hau hasi zela. Lau urte daramatzate grebak eta mobilizazioak egiten, eta, ELA sindikatuak deituta, 258 greba egun egin dira denera. Horietako hainbatekin bat egin dute LABeko ordezkariek. Grebarako deia egitean, erakunde biek hizpide izan dute gatazka honetan Gipuzkoako Diputazioak duen «erantzukizuna». «Aldundiari dagokio patronalei proposamenak aurkeztu ditzaten eskatzea, zabaldu den abagunea aprobetxatzeko», esan dute ELAko ordezkariek. Abagunea aipatu dute asteleheneko bilera mugarri izan zelako gatazka honetan; izurria tarteko, negoziazio mahaiak bi urte egin ditu «blokeatuta».

Diputazioaren esku hartzerik gabe auzia ezin dela bideratu nabarmentzeko, LABek gogora ekarri du gatazka hau ez dela«lan gatazka soil» bat, bestelako neurria duela. Gatazkaren zuztarrean «zerbitzu publikoen pribatizazioa, lan prekaritatea eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomikorik eza» daudela argi dute sindikatukoek, eta, diotenez, gizarte osoa ardaztu behar duten oinarrizko eskubideak berretsi behar dira zahar etxeen funtzionamenduan, «zaintza zerbitzuak jasotzekoa» eta «zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa», esaterako.

Arta hobea emateko

LAB sindikatuak nabarmendu du greba honen xedea dela lan itun egoki bat hitzartzea, eta ratioak ere «hobetzea». Langileen aspaldiko kezka da ez dutela modurik egoitzetan bizi diren adinekoei behar adina denbora eta arta eskaintzeko. ELAko ordezkariek nabarmendu dute izurriarekin okertu egin dela egoera, eta lantaldeen urria are arazo nabarmenagoa dela orain zahar etxeetan. «Oso urte gogorrak izan dira, eta egoera larria da oraindik ere», salatu zuen ELA sindikatuko ordezkari Janire Diazek, atzo egindako agerraldian. «Langileak ez dira ordezkatzen, eta egoitza askotan murrizketak ezartzen ere ari dira, argudiatuta pandemiarekin diru asko gastatu dutela; hori gertatzen ari da».

Diazek adierazi zuen pandemiaren ostean egoiliarren «erreparazio emozionala» ezinbestekoa den arren ezin zaiela erantzun behar horiei egoera honetan. «Egoiliarrak abandonatuta daude oraindik ere, eta ez dugu ikusten aldundia pandemiaren ostean horri erantzuteko ezer egiten ari denik». Adibiderako, aski langile gutxirekin ari diren egoitzen berri eman zuen: «Aurkitu ditut egoitzak 19-20 egoiliarrentzat bi zaintzaile dituztenak; gero eta gehiago daude egoera horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.