Iraken Estatu Islamikoa kanporatu osteko lehen bozak egingo dituzte gaur

Al-Abadi lehen ministroak irabaztea espero bada ere, nekez lortuko du gehiengoa; hortaz, gobernu koalizioa eratu beharko du beste koalizioekin. Al-Maliki beste zerrenda batean aurkeztu da

Kristina Berasain Tristan.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Iaz kanporatu zuten erabat Estatu Islamikoa Iraketik. Muturreko talde islamistak ia lurraldearen erdia kontrolatzen zuen 2014an; urte bukaeran galdu zituen azken gotorlekuak, eta, oraindik milizia batzuk geratzen badira ere, abagune hori da gaur herrialdean egingo diren hauteskundeen gakoa. Haidar al-Abadik bere egin du muturreko suniten kontrako borrokaren garaipena, eta hori baliatu nahi du botereari eusteko. Nuri al-Maliki du aurkarien artean. Al Daua alderdikoak dira biak, baina koalizio ezberdinetan aurkeztu dira bozetara, euren arteko zatiketa agerian utziz.

Al-Malikik azken bozak irabazi zituen, baina muturreko islamistak aste eskasetan herrialdea konkistatu izanaren erantzule egin zuten, eta gobernua uztera behartu, 2014ko abuztuan. Al-Maliki 2006tik 2014ra arte izan zen lehen ministro, baina alderdikideei ez die barkatu agintetik kendu izana, eta, horregatik, beste koalizio bat eratu du: Daulat al-Qanun. Inkestek hirugarren lekua aurreikusten diote.

Al-Malikik galdutako lurrak bereganatzeko meritua aitortzen diote Al-Abadiri, baina ez dio soilik horri atera nahi etekina. Garaipen horrek mesede egiten ahal dio Hadi al-Ameriri ere. Al-Ameri EIren kontrako borrokan aritu zen milizia eratu zuen Badr erakundeko idazkari nagusia da, eta tarteko inkestek bigarren lekua aurreikusten diote haren koalizioari, Al Fathi.

Botere banaketa

Berez 87 zerrenda lehiatzen dira gaur, baina bederatzi dira bozak irabazteko aukera duten koalizioak; bost xiita, bi sunita eta bi kurdu. Badira gizarte zibilak azken urteetan sortutako alderdiak ere, konfesiorik gabeko estatu bat aldarrikatzen dutenak, baina, ez dutenez aparatuaren kontrola, nekez izango dute babes zabalik. Iraken 2005etik konfesioen eta etnien araberako botere banaketa bat dago indarrean; lehen ministro kargua xiitentzat da —gehiengoa dira herrialdean—; parlamentuko presidentetza sunitentzat, eta estatuburu kargu sinbolikoa kurduentzat.

Botere banaketa hori AEBen inbasioak (2003) eragin zuen xiiten eta suniten arteko zatiketaren ondorio da, baina orain bada sektarismoa atzean uzteko garaia dela aldarrikatzen duenik. Horren erakusle da Al-Abadik bere koalizioan sunitak ere sartu izana. Saddam Hussein agintetik bota zutela hamabost urte bete dira, eta ordutik xiitak egon dira agintean.

Al-Abadik bozak irabaztea aurreikusten bada ere, nekez lortuko du gehiengoa; hortaz, gobernu koalizioa eratzeko negoziazioak egin beharko ditu beste koalizio xiitekin. Orotara, legebiltzarrerako 329 parlamentari aukeratu beharko dituzte, hemezortzi eskualdetan aurkeztu diren 7.000 hautagaien artean. 24 milioi herritar daude boto ematera deituta, baina herritarren artean bestelakoak dira kezkak, gerraren zauriak, bereziki: segurtasunik eza, zerbitzurik eza eta ustelkeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.