Kontxako Bandera

Lehendabizi, bakoitzak berea

Kontxako Banderaren lehen jardunaldia da gaur, eta, denboraldian gertatzen ari dena ikusita, berdintasuna espero da. Horretarako, baina, ezinbestekoa izango da norberak bere lana ondo egitea.

Zierbenako Raul Garcaia aurrekalaria ziaboga emateko lanean, ostegunean sailkatze estropadan. Gaur ere, kontu txikiak ondo egitea funtsezkoa izango da. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Bazetorrela eta bazetorrela traineru askoren arteko berdintasuna, eta, iragarri baino pare bat urte geroago heldu bada ere, hemen da. Sekulakoa da aurtengo lehia uretan, gorabehera handikoa: irabazle zena azken bihurtua, atzean zegoena sekulako jauzia eginda, irabazle asko eta abar.

Hori dena kontuan izanda, aurtengo Kontxako Banderara ere heldu da berdintasunaren ezaugarria. Jokatu aurretik, bai behintzat. Gaurtik, ikuslerik gabe, hasiko da erabakitzen, edo gaur ez da ezer erabakiko, edo gaur gauza batzuk bakarrik erabakiko dira, baina 12:00 aldean emango dituzte urak eta Donostiako badiak erantzun batzuk. 11:00etan ekingo diote lanari gizonezkoek, ohi baino ordubete lehenago, eta aldaketa horrek ere bidea ireki dio berdintasunaren nahiari, txanda batetik bestera Donostian izan ohi diren haize altxatzeak ez ote dien asko ere eragingo.

Dena da kabala, dena da jarduna, urtero bezala. Hori ere bada Kontxako Bandera. Horretatik aparte daude entrenatzaileak, bakoitza bereari begira, norbere taldetik eta arraunlarietatik harago beste ezer ez balego bezala. Horren berri eman dute, behintzat, Zierbenako prestatzaile Juan Zunzunegik (Vigo, Galizia, 1976), Hondarribiko entrenatzaile Mikel Orbañanosek (Orio, Gipuzkoa, 1973) eta Santurtzikoak, Iker Zabalak (Bermeo, Bizkaia, 1979). Haien taldeak faboritoen zerrendan goi-goian ageri dira, eta ez dute hori ezkutatu. Baina guztiaren gainetik, oso garbi dute zer den ezinbestekoa gaur: «Guk gure lana ondo egin behar dugu beste ezertan pentsatzen hasi aurretik».

Pentsamolde logikoa da erabat, normaltzat hartu behar dena, beste aukerarik ez balego bezala. Baina Kontxako Banderaren beste ezaugarri bat da arraunlariak, patroiak eta entrenatzaileak urduritu ohi dituela. Ez baita edozein estropada. Bakarra da. Ez hori bakarrik, Donostiako eremuan aldeak egoten dira kale batetik bestera itsasoaren baldintzak era batekoak edo bestekoak badira, eta horrek ere eragiten die arreta galtzeko arriskua. Orbañanosek azkar esan du: «Guk guri dagozkigun aldagaiak kontrolatu behar ditugu. Besteak ez daude gure esku». Egoera psikologikoari zehatzago heldu dio Zabalak: «Faboritoak izanda, neurtu egin beharko ditugu urduritasuna eta antsietatea». Zunzunegik: «Gurea ondo egin, gero txandan ea zer gertatzen den, eta, azkenik, seinale ona litzateke beste txandakoen denborei begiratu behar izatea».

Itsasoa, haizea, txandak...

Hiru talde horietako bi elkarrekin jarri zituen osteguneko txanda zozketak gaurko: Zierbena eta Hondarribia bigarrengoan joango dira, Oriorekin eta Caborekin. Aurrenekoan egingo du arraun Santurtzik, alboan Urdaibai, Zarautz eta Donostiarra dituela.

Denek nahiago izaten dute normalean aurrenekoan joan, eguerdia pasatuta gertatzen delako haize aldaketa. Aurten nola 12:00ak aurretik jokatu duten zortzi taldeek, txanden arteko aldeari baliteke hainbeste ez begiratzea. Zunzunegik kezka azaldu du, hala ere: «Haizeak gora egiten du normalean, eta hala dago emanda gaurko ere, baina ezin da jakin noiz aldatuko den». Horregatik gehitu du nahiagoko zuela zozketak beste zerbait ematea: «Aukeran, lehendabiziko txandan joatea nahiago nuen». Orbañanosek ez du zehaztu zein txanda zuen nahiago, baina ondo daki Hondarribiarenean, bigarrenean, kontrario gogorrak izango dituela:«Aurkari indartsuak ditugu, baina aurrean ibili nahi duenak denei egin behar die aurre». Zabalak ez dauka argi lehendabizikoa, bere taldearena, izango ote den txandarik onena baldintzetan: «Berez, bigarrengoan egin behar luke haizeak gora, baina uda honetan, gauza arraroak gertatzen ari dira eguraldiarekin, eta batek daki zer pasatuko den».

Olatua dago emanda gaurko, ipar-mendebaldetik sartuko zaiena traineruei, metro eta erdikoa, eta haizea ere noranzko berekoa izango dela dio eguraldi iragarpenak, 8-9ko indarrarekin. «Ostegunean baino mugituagoa egongo da», esan du Zunzunegik, beste ezertan sartu gabe. Orbañanosek beste aldagai batzuekin sartu du itsasoaren egoera: «Dagoen berdintasunarekin, kontu txikiak izango dira erabakigarriak». Zabalak garbi dauka arraunerako baldintza onak egongo direla gaur: «Ostegunekoa baino egokiagoak, seguru. Olatu zabala egongo da, eta arraunlarien motorra bero-bero jarriko da».

Zunzunegik eman dio akabera gaurkoaren aldez aurreko azterketari: «Lehen igandean gakoa izaten da bandera irabazteko asmoa eta aukerak ez galtzea». Nork berea egin behar lehendabizi horretarako, eta gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.