Gwangjuko sarraskia 36 urte geroago

Manifestariei oldartu, eta triskantza eragin zuen Hego Koreako armadak Gwangju hirian, 1980ko maiatzean. Biktimek eta haien senideek gaur egun duten egoera hartu du oinarri Han Kang idazleak 'Sonyeon-i Onda' eleberrian.

2016ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Hego Koreako diktadore Park Txun-hee bere segurtasun buruak erail zuenean (1979), gobernu eredu demokratikoago baten aldeko protestak zabaldu ziren herrialdean. Txun Doo-hwan armada jeneralaren erantzuna, ordea, gerra legea ezartzea izan zen, horrek protestariak etxera bidaliko zituelakoan. Kontrakoa izan zen emaitza. Gizarte klase eta adin guztietako jendeak hartu zituen kaleak, aginte totalitario gehiagorik ez zutela onartuko argi erakutsiz. Gobernuak mehatxu moduan hartu zuen protestarien jarrera. 1980ko maiatzean Gwangjuko kaleetan protestan zebiltzan ikasle eta gainerako zibilei oldartu zitzaien armada, baita tartean ziren umeei ere. Militarren ekintzek amorrua zabaldu zuten herritarren artean, eta ehunka lagunek kalera jo zuten protestariei elkartasuna adierazteko. Gobernuak indar bereziak bidaltzea erabaki zuen orduan, baina, egoera baretu beharrean, soldaduak, neurrigabeko indarkeria erakutsiz, protestariei tiro egiten hasi zitzaizkien. Astebeteko jazarpen odoltsuaren ostean, maiatzaren 27an protesta gehiagorik ez zen. Gobernuaren arabera, 200 lagun hil ziren armadaren eta protestarien arteko borrokan. Atzerriko prentsak, ordea, militarrek 1.000-2.000 pertsona inguru hil zituztela jaso zuen, eta ehunka lagun tortura latzak jasaten ari zirela komisarietan. Desagertuak ere bazeuden.

Kopuruak kopuru, gobernuak bereari eutsi zion. Gwangjuko altxamendua komunistek, hots, erregimenaren etsaiek antolatu zutela eta, gogor gaitzetsi zituen protestarien ekintzak. Ipar Korearen esku hartzea ere iradoki zuen egoeraren «seriotasuna» azpimarratzeko. Gwangjuko sarraskiak, baina, ez zuen apaldu herritarren gogoa. Aitzitik, antzeko mugimenduak inspiratu zituen ondoko urteetan, harik eta 1987an Hego Koreak presidentea izendatu zuen arte —1960tik lehena—, herritarren parte hartze zuzenaren bidez. Gwangjuko gertaerak gogoan, Kim Young Samek, Hego Koreako zazpigarren presidente eta herrialdeak inoiz hautatutako lehen buruzagi zibilak, 1993an esan zuen hamahiru urte lehenago «isuritako odola herrialdeko demokraziaren oinarria» zela. «Biktimek demokraziaren alde galdu zuten bizia».

Sarraskiaren erantzuleen kontrako neurririk ez zen hartu, eta hainbat familiak ez dakite desagertutako kideekin zehazki zer gertatu zen. Hori bai, orain demokrazia badute. Hari esker da gaur egun presidente Parken alaba zaharrena.

1995ean, Hego Korea demokrazia liberala bihurtu baino zazpi urte lehenago, gobernuak Gwangjuko Biurtekoa jarri zuen abian, herritarren «sakrifizioa» omentzeko. Bi hilabetez, artea, zinema eta denetariko performaceak jasotzen ditu egitasmoak, 1980ko gertaerak gogoan. Hala ere, biurtekoaren ereduak —normalizaturiko oroimen kolektiboarenak, alegia— ezer gutxi egin du Kwangjuko triskantzak eragindako trauma osatzeko. Hala erakusten digu Han Kangen (Hangul, Hego Korea, 1970) azken lanak: Sonyeon-i Onda (2015, Mutila badator). Hiru ikuspuntu erabilita —hildako lagunaren gorpuaren bila dabilen nerabea, kontzientziak abandonatutako gorpua, bere ahotsaren bila dabilen herrialdea—, nobelak zehaztasun handiz deskribatzen dizkigu biktimek eta haien senideek oraindik ere aurre egin behar dieten zentsura eta ukapena.

Nobelaren hasieran, Dong-ho izeneko ikaslea euriak kezkatuta azaltzen da. Lehen begiratuan, garrantzi gabeko kezka dela eman dezake, baina berehala ohartzen gara egoeraren larritasunaz: udal kiroldegian hainbeste gorpu daudenez, haietako batzuk kanpoan uztea erabaki dute. Euriak haien usteltze prozesua azkartzearen beldur da Dong-ho, gorpuen identifikatzea izugarri zailduko lukeelako horrek. Beste hainbat bezala, 15 urteko Dong-ho boluntario dabil hildakoen gorpuak garbitzen eta identifikatzen laguntzen. Jarduera horrek bere lagun Jeong-dae-ren gorpua aurkitzen lagunduko diola espero du. Arimak gorputz izandakoaren begi hilei begiratzen ote dien galdetzen dio bere buruari Dong-hok. Gorpua hilobi komun batean harrapatuta dagoen Jeong-dae-ren arimak baietz erantzuten dio, baina Dong-hok ezin dio entzun.

Gizatasunaz galdezka

Nobelak 1985era jauzi egiten du, sarraskiaren gaineko liburua idazten ari den editoreak zentsura gainditzeko dituen zailtasunak azaltzeko. Hortik 1990era jotzen du, eta kontatu protestari batek nola deskribatzen dizkion komisaria soto batean jasandako torturak Txun jeneralaren indarkeriazko prozeduren gaineko lana osatzen ari den akademiko bati. Akademikoak gertaeretara mugatzeko eskatzen dio elkarrizketatuari —haren trauma ez zaio interesatzen—. Handik hamabi urtera, 2002an, torturatzaileen eskutan bere gizatasuna galtzen sentitu zuela-eta ordutik izan dituen arazo fisiko eta psikologikoak azaltzen ditu protesten garaian jostun izandako emakume batek. 2010ean, idazleak berak tragediarekin duen lotura kontatzen du: bere familiak ez zuen kiderik galdu, 1980an Seulera ihes egin zutelako, baina haien etxea erosi zuen familiako 15 urteko semeak, nobela abiarazten duen Dong-hok, ez zuen zorte bera izan. Haren ama semearen galerak eragindako kalte emozionala eta justizia lortzeko borrokaz mintzo zaio egileari.

«Tortura aurrean ez dago mundura itzultzerik. Sarraski aurrean ez dago mundura itzultzerik», esaten digu une batean Sonyeon-i Onda-k, baita ondokoa galdetu ere: «Zer da gizatasuna? Zer egin behar dugu gizatasuna modu batera eta ez bestera mantentzeko?».

Sonyeon-i Onda ez da Gwangjuko sarraskia ardatz duen nobela bakarra. Tx'oe Yun-en Chogi sori opshi hanjom kkonnip-i chigonobelak (1988, Lore-osto bat isilki erortzen da hor) gogoeta egiten du estatu indarkeriaren gainean, amaren hilketagatik traumatizatuta dagoen neskato baten bidez. Hwang Seok-yeong-en (Txangtxun, Txina, 1973) Oraedoen jeongwon lanak (2000, Antzinako lorategia) sarraskiaren ondoko urteak ditu hizpide, torturak eragindako trauma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.