Netanyahuk ez du immunitatea eskatu, eta aurrera doa haren auzia

Israelgo jarduneko lehen ministroak uko egin dio legearen aurrean abantaila lortzeko bozketa egiteari. Uste onaren iruzurragatik, eroskeriagatik eta iruzurragatik auzipetu dute

Benjamin Netanyahu, artxiboko irudi batean. ABIR SULTAN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Epaiketaren atarian geratu da Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa: Avichai Mandelblit fiskal nagusiak beste pauso bat eman zuen atzo, eta agintaria auzipetu duela jakinarazi zuen, ustelkeria kasuengatik. Hortaz, azken orduko ezustekorik ezean, Netanyahu epaitu egingo dute, jarduneko lehen ministroak eskura zuen azken aukera ez erabiltzea erabaki baitzuen atzo: immunitate parlamentarioa lortzeko eskaria bertan behera utzi zuen, bai baitzekien ganberan ez zuela nahikoa babes bozketa gainditzeko.

Parlamentuko presidenteari bidalitako gutunean, hala ere, bestelako argudioak aurkeztu zituen erabakia justifikatzeko. Netanyahuk «zirku bat» antolatzea eta berari «jazartzea» egotzi zion oposizioari, hain justu herrialdearentzako «historikoa» den garai honetan. «Abagunearen garrantziari arreta jarri eta argudio politikoei entzungor eginez, oposizioak nahiago izan du politika merkea egin eta parlamentuko arau guztiak zapaldu. Horregatik nahiago izan dut joko zikin hau eten», adierazi zuen Likud alderdiaren buruzagiak.

Hiru ustelkeria kasutan nahasita egotea egozten diote jarduneko lehen ministroari: 1.000 kasuan, Netanyahuri eta haren familiari leporatu diote bederatzi urtez 230.000 euroren opariak onartu izana, tartean bitxiak, puruak eta Frantziako xanpaina. Trukean, hobari fiskalak eman zituela uste dute.

Bigarren kasuan, 2.000n, agintariari egozten diote Yedioth Ahronoth egunkariko zuzendari Arnon Mozesekin adostu izana kazetaren aurkari zuzena den beste egunkari bat ahultzea, lehenak Netanyahuri tratu hobea ematearen truke. Eta hirugarren auzian, 4.000 deiturikoan, leporatzen diote Bezeq telefonia operadoreari lehen eskuko informazioa ematea, enpresak babesten duen komunikabide batek haren izena eta jardun ona goraipatzearen truke.

Orain auzitegiei dagokie epaiketarako eguna jartzea. Martxoko hauteskundeetan Netanyahuren aurkari nagusia izango den Benny Gantzatzo itzuli zen AEBetatik Donald Trumpekin bake planaz hitz egin ostean, eta kritiko agertu berriz ere egutegiarekin: Gantzek hasieratik kritikatu du Washingtonek egitasmoa aste honetan aurkeztu nahi izatea, immunitatea eztabaidatzen zen garai berean, ulertzera emanez jarduneko lehen ministroaren irudia «zuritzeko» asmoa zegoela atzean.

Israelera iritsi berritan, Gantzek nabarmendu zuen ezin litekeela bozetara aurkeztu ustelkeriagatik auzipetua dagoen buruzagi bat: «Aurrera egin behar dugu. Israelgo herritarrek argi esan behar dute zer nahiago duten: beraien alde lan egingo duen lehen ministro bat edo bere buruaren alde egingo duena. Inork ezin du estatu bat zuzendu eta, aldi berean, bere aurkako ustelkeria, iruzur eta konfiantza falta salaketak kudeatu».

Hauteskundeen atarian

Orain arte, bere aurkako auzietatik aske irtengo zela ziur zen Netanyahu, eta modu horretan jokatu du. Azken asteetan, ordea, zalantzak indartuz joan dira, eta, azken orduan, Likudek iragarri zuen ez zuela parte hartuko atzo parlamentuan egitekoa zuten bozketan, era horretan hura blokeatu edo atzeratuko zutelakoan. Baina, horretarako, ez du nahikoa babesik izan eskuineko alderdiak.

Martxoaren 2an egingo dituzte Israelen parlamenturako bozak, urtebetean hirugarrenez. Trumpek atzo aurkezturiko bake planak eskuinari bultzada emango dion itxaropena dute Netanyahuren gertukoek, baina ikusteko dago zer gertatzen den haren hautagaitzarekin, fiskaltzak aurrera egin eta auzia hasteko eskatzen badu.

Horrez gain, aurreko bi aldietan Likudek ez du lortu gobernua bakarrik osatzeko beharrezko gehiengorik, eta Gantzen Urdina eta Zuria koalizioarekiko negoziazioek ere huts egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.