Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Sentimenduen sokatira

2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Nork ez du sekula pentsatu «honaino iritsi naiz»? Nik askotan. Nire lekuan egoten ez dakidalako ote da? Zein da, bada, nire lekua? Dagokidan tokirik ba ote dago? Nire lekua hartu duten horiena ote da orain espazio hori? Niri zegokidala uste nuen une eta gune hori nik utzi al dut ordezkatzen? Edo ebatsi egin didate?

Lagun harremanetan ajedrez taula batean bezala sentitzen naiz noizbehinka. Batzuetan erregina, zenbaitetan peoi. Inoiz beltz, edonoiz zuri. Konkistatzaile erasokorra tarteka, harrapatu azpiratua tartetan.

Zer gertatzen da harreman batean zuk kideak baino gehiago ematen duzula iruditzen zaizunean? Errealitate baten isla izan daiteke, gertaera baten adierazle. Baina baliteke autoestimu baxuaren ondorio izatea. Gure baitan bizi diren eta guk gure beldurrez elikatzen ditugun mamuen ispilu ere bada gutxiespen sentimendu hori.

Inoiz pentsatu al duzu zu zarela besteak baino gutxiago eskaintzen duena? Harreman batean bideragarria ote da berdintasun maitematikoa? Balantzaren dantzak zalantzak sortzen ditu, ezta?

Sinisten al dugu baldintzarik gabeko maitasunaren izatean, maiztasunaren gizartean? Nigandik urrunduko den beldur... Nik bera berak ni baino gehiago maite dudala, edo nik bere behar handiagoa dudala pentsatze hutsak soka tenkatu egiten du. Alferrik da margaritari petaloak banan-banan kentzea zuztarra sustraietatik erauzi dugunean.

Horrelakoetan gure arreta erabat selektiboa bihurtzen da, eta gustatzen ez zaizkigun xehetasun horietan soilik iltzatzen dugu begirada. Lupa handiak gauza ezkorren aurrean; betaurreko ilunak keinu maitekor argien erakustaldietan. Desoreka, deus ez ordeka. Nor dabil gordeka?

Beste harreman batzuetan ere antzeko irudipena izateak argibide batzuk eman ditzake norbere jokaerari eta harremanak bizitzeko moduari buruz. Baliteke maitasun behar asegaitza pairatzea, izan ere gezurra baita trukean ezer jasotzeko asmorik gabe ematen dugula. Baten emateko modua eta intentsitatea erkatu ordez elkartu egin beharko genituzke. Parekatu beharrean partekatu.

Baina hori nola egiten da nekatuta zaudenean? Bihotza flakiak jota duzunean? Gurutze-bide banatatik bidegurutze berera nola heltzen dira bi? Nor da zubi? Zu bat eta ni bi?

Badira emozionalki zuhurrak eta utziak direnak. Gehiegi ematen eta adierazten dutenen kaltetan ia beti. Behar eta premia desberdinak ditugula ohartzea ote da onartzea? Edo egarria ase nahian ez ote zaigu laranjarena gertatuko? Erditik ebaki eta alde bakoitza zukutzea gauza bat da; haatik, gehiegi xehatuz gero birrindu egiten da, eta zukuari zapore mingotsa dario. Zuek erabaki azala kenduta osorik jan edo erditik ebaki eta zukutu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.