Saskibaloia. Euroligaren atarikoa

Kalbarioari 'opari' deitu behar

Euroligan ohikoak diren hegaldien iraupenari hiru ordu gehituko dizkio aldiro lehiaketan estreinatzera doan Kanaria Handiak. Gorakako inertzia zeraman kluba ataka zailean ipin dezake neke-lan horrek.
Chris Evans, Kanaria Handiak fitxatu berri duen hegalekoa.
Chris Evans, Kanaria Handiak fitxatu berri duen hegalekoa. ANGEL MEDINA / EFE

Danel Agirre -

2018ko urriak 11
Kanaria Handiak datorren astean ACB ligan Andorraren aurka jokatu beharrekoa norbaitek zapatu baterako programatu izanak erabaki tribiala dirudi, baina benetan da bitxia. Bihar, urteetan merituak pilatu ondoren, Euroligan estreinatuko da taldea. Horrelako egokierak merezi duen agertoki entzutetsuan, gainera, Istanbulen (Turkia), Fenerbahceren aurka. Handik, Malagara (Espainia) egingo du Kanaria Handiak, igande arratsaldez ACBko laugarren lehia jokatzeko. Arnasa hartzeko paradarik gabe, Europan jardunaldi bikoitza iritsiko zaio ondoren: asteartean, Bartzelona hartuko du, eta, ostegunean, Panathinaikosi egingo dio bisita. Behin lau lehia oso korapilatsuko errenkada hori libratuta, Atenastik itzuli eta etxean Andorraren kontrakoa hasi arte ahal ziren ordu gehienak tartekatzeak zirudien logikoena, igandean ahal zen beranduen jokatuta. Ez da horrela izango, larunbaterako gorde baitiote data ACBko partida horri. Horiek horrela, bihar hasita, zortzi egunean bost partida jokatuko ditu Kanaria Handiak; horietatik hiru, bisitari moduan, eta, guztira, hegazkinez ia hamabost mila kilometro osatu beharko ditu.

NBA, baina bitarteko gabe

Europako lehiaketetarako sailkatzen hasi zenetik, traba atipiko bati aurre egiten ikasi behar izan du Jose Angel Samaniego donostiarra entrenatzailearen alboko aulkian eseria duen taldeak. Beste guztiek kilometro kontagailua zeroan dutela, berari bi mila markatzen dizkio dagoeneko. Teneriferen aurkako derbia kenduta, Malagarako bi orduko txangoa da urteko laburrena Kanaria Handiarentzat. Egun osoa irauten duten odiseak errutina dira, eta entrenamenduak noizbait txertatzeko buruhausteak dituzte prestatzaileek. 67 urterekin kluba utzi zuenean, aireportuetako kalbarioei egotzi zien bere akidura lehiaketen exijentziari baino gehiago.

Kanaria Handiaren ohiko traba partaide guztiei buruhausteak eragiten ari den egutegi ezin beteagoarekin konbinatuko da orain. Europan sekula ikusi gabeko fenomeno bat sortzeko: zazpi hilabetean gutxienez 110.000 kilometro egingo dituen kirol talde bat.

«NBAren moduko egutegia inposatu digute, baina NBAn dituzten baliabideak gure esku ipini gabe». Joan den neguan Bambergek Andrea Trinchieri entrenatzailea kaleratu, eta Euroliga berria seinalatu zuen italiarrak erantzule nagusitzat. Kontinentean duin aritu nahiak dakarren zamari eutsi ezinik, Alemaniako ligan abaildu zitzaion taldea Trinchieriri.

2015ean IMG ikuskizun ekoizlearekin hitzarmen bat sinatu eta lehiaketa eraberritu zuenetik, kritiken jomuga izan da sarri Euroliga, formatu berriak atletengan dituen ondorioengatik. Aaron Jackson estatubatuarrak, esaterako, Europako klub handienen eskaintzarik gehiago ez onartzea gomendatu zien herrikideei. Gainontzekoan, kirol ibilbidea laburtzearen arriskuan leudeke, Txinara egin duen Bilbo Basketeko eta CSKA Moskuko antolatzaile ohiaren esanetan.

Testuinguru horretan iritsiko da aurrekaririk gabeko Kanaria Handiaren odisea. Klubaren zuzendaritzak aurrekontuaren zati bat apartatu du ahal diren charter hegaldi guztiak kontratatzeko. Ezbeharrak baino gehiago, bidelagunak dira, ordea, lesioak egungo kirol profesionalean, eta dagoeneko lauzpabost pairatu ditu Salva Maldonadoren taldeak denboraldi-aurrean. «Zortzi egunean bost bider jokatzearen exijentzia zer den sentitu nahi dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Danel Agirre

Informazio osagarria