Athletic 2-0 Betis

Irabazteak, beti mesede

Athleticek merezita irabazi dio Betisi, eta etxeko bolada txarra eten du. Zuri-gorriek, sasoi honetan ohiko den legez, sufritu egin dute azken minutuetan

Iker Muniain eta Iñigo Lekue elkar besarkatzen, Athleticek atzko partidan sarturiko lehen golaren ondoren. JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Muniainek (76. min). 2-0: Adurizek (92. min). Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Betiseko Bartra eta Javi Garciari.Bestelakoak. 34.491 ikusle San Mamesen. Atsedenaldian klub bakarreko jokalariari saria eman zioten Carles Puyol Bartzelonako erdiko atzelari izandakoari.

Athleticek kolpe gogorra hartu zuen Anoetan. Galtzeak adina min eman zien jokalariei emandako itxura eskasak. Derbiko porrotari aurrez Deportivoren eta Levanteren kontra San Mamesen erreskadan galdutako bi lehiak gehituz gero, ez zen giro jarraitzaileen artean. Betisen bisitak ere ez zuen asko laguntzen, sasoi bikaina egiten ari baita. Baina egoera gaitza izan arren, Athleticek irabazi egin zuen. Azken minutuetan sufrituta baina garaipena eskuratu zuen. Merezita, gainera.

Hasteko, ikusmina zegoen zaleek taldea nola hartuko zuten jakiteko. Txaloek gain hartu zieten txistuei. Hiru puntuak eskuratzeko lehen pausua emana zegoen. Bigarrena, Jose Angel Zigandak eman zuen. Sei jokalari aldatzeaz gain, ohiko jokamoldea ere aldatu zuen. Athletic, Betisek egiten duen legez, hiru erdiko atzelarirekin zelairatu zen. Berritasunen artean Muniain eta Aduriz zeuden. Taldeko izar nagusietako bi. Gerora protagonista izan ziren.

Neurketa hasiera motela izan zen. Talde bakoitza besteak egiten zuenari begira zegoen. Inork ez zuen arriskurik hartzen. Betisek baloia zuen,baina sakontasuna falta zitzaion. Athletic, berriz, baloi gutxiago izan arren errazago hasi zen Pedroren area ingurura ailegatzen. Eta lehen zatiak aurrera egin ahalaaukerak sortzen hasi zen. Hiru argi izan zituen. Lehena ordu erdia betetzeko denbora gutxiren faltan. Beñatek eskuinetik ateratako falta Iñigok jo zuen buruz penalti puntura eta Williamsek langara jaurti zuen gura zuena egiteko aukera zuenean. Bigarrenean Ricok jaurti zuen langara. Eskuin hegaletik Lekuek egindako barneraketatik hasi zen jokaldia. Eta lehen zatia amaitzear zegoenean Adurizek gehiegi gurutzatu zuen burukada ezker hegaletik egin zioten erdiraketan.

Atsedenaldian Carles Puyol izan zen protagonista. Txalo artean jaso zuen klub bakarreko jokalarien saria. Bigarren zatian Betis hasi zen agintzen, baina Kepa estutu barik. Athletici gehiago kostatzen zitzaion arriskua sortzea, baina partida amaitzeko ordu laurden falta zenean Muniainek goleko marran egindako burukada bati esker aurreratu zen talde zuri-gorria. Ona izan zen Lekuek eskuinetik egindako erdiraketa.

Golarekin batera esnatu zen Betis, eta, beste askotan legez, Athletic larri ibili zen azken minutuetan. Fabianek eta Javi Garciak langara bidali zuten baloia, eta bi jokaldien tartean Ruben Castrori legezkoa zen gola baliogabetu zion epaileak. Sufrikarioarekin amaitzeko, Adurizek sartu zuen lehoien bigarrena, Williamsek egindako jokaldi bikain bati esker. Betis esku hutsik itzuli zen etxera, baina Joaquin kapitain beteranoak ez du ahaztuko aldatu zutenean Katedralak eskaini zion txalo zaparrada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.