HILBERRIA. Isao Takahata

Nahiago izan zuen itzalean gelditu

MARTIAL TREZZINI / EFE

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2018ko apirilak 7
Pijama soinean egin zuen ihes garrek hartutako etxetik, arrebaren eskutik. Okayaman izan zen, 1945eko ekainean. II. Mundu Gerra betean. 10 urte betetzeko zituen Isao Takahatak (Ise, Japonia, 1935). AEB Ameriketako Estatu Batuetako hegazkinetatik irten ziren bere eta beste hamaika japoniarren etxea, hiria, bizitza suntsitu zuten bonbak. Eta betirako markatu zuten.

Bakezaletasunak zeharkatzen duTakahataren bizitza osoa, izan ere. Baita bere lana ere. Eta bere lana animazioa izan da. 1959an hasi zen lanean Toei estudioan. Ken, haur otsoa (1963) izan zuen lehen ekoizpena Toein; Toein hasi zen lanean Hayao Miyazakirekin. «Berehala egin ginen lagun», kontatzen zuen Takahatak berak. 1968an egin zuten lehen lana elkarrekin: Horus, eguzkiko printzea. Mendebalde osora zabaldu zen Heidi telesaila sortu zuten 1974an. Handik hamar urtera, Miyazakiren Haize Haraneko Nausicaa film luzea ekoitzi zuen Takahatak, eta, lan horrek lortu zuen arrakastari esker, Ghibli animazio estudio mitikoa sortu ahal izan zuten biek.

Takahata ez zen ekoizle bakarrik izan, baina. 1988an zuzendu zuen Ipurtargien hilobia film luzeak ezagun egin zuen nazioartean. Akiyuki Nosakaren izen bereko nobela hartu zuen oinarri Takahatak film horretarako: II. Mundu Gerrako azken hilabeteetan erabat suntsitutako Kobe hirian kokatuta dago istorioa; bi haur dira protagonista. Hain da gogorra filma, estreinatu zutenean Miyazakiren Nire auzo Totoro (1988) lan luzearekin batera eman zuten Japoniako zinema aretoetan, bakarrik ikusteko latzegia gertatuko zitzaielakoan ikusleei. Takahatak ez zuen lehen aldia Miyazaki lagunaren itzalpean ezkutatzen. Ezezaguna zen haren aldean. Halaxe izango zen beti. Berak hala nahita, gehienetan.

Hurrengo lanak izan zituen, besteak beste, Pom Poko (1994) eta Nire auzo yamadatarrak (1999). Egin zuen azken film luzeak, Kaguya printzesaren ipuina-k (2014), Oscar sarietarako hautagai bihurtu zuen. Ez zuen irabazi. Ekoitzi zuen azken filma, berriz, Michael Dudok de Witen Dortoka gorria (2016) izan zen. Herenegun hil zen, 82 urte zituela, biriketako minbiziak jota.

Shinzo Aberen politika militaristen aurka nabarmendua zen azken urteetan. Hil arte eutsi zien ideia ezkertiarrei eta bakezaletasunari.