Euskal herritarrak, hegoalderantz

Espainia da euskal turista gehien hartzen dituen lurraldea, eta aurtengo udan areagotu egingo da joera hori. «Zabalera handiko» opor lekuen eskaera ere handitu egin da konfinamenduaren ondoren.

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak oporraldia aldatuko du, baina euskal herritarrak irtengo dira uda honetan, edo behintzat hori ondorioztatu daiteke Egiarte Lizarraga Eroski Bidaiak-eko marketin arduradunaren hitzetatik: «Aste Santuan ez zen oporrik egon, zubiak pasatu dira, San Prudentzio... Jendea irteteko gogoz dago».

Lizarragak azaltzen duenez, mugarria Pedro Sanchez Espainiako presidenteak maiatzaren 23an eginiko agerraldia izan zen, oporrei buruz mintzatu zenean: «Dei eta erreserba zaparrada bat hasi zen. Eta oraindik horrela gabiltza; gainezka gaude eskaerekin». Hori bai, zehaztu du erreserba bertan behera uzteko eskubide eskaerak ugaldu egin direla: «Ezeztatzea doakoa izatea da aurtengo gure eskaintza».

Urte normal batean, maiatzerako udako erreserben bi herenak eginak izaten dituzte; aurten, aldiz, aste gutxitan pilatu zaizkie. Eta nora joan nahi du euskal turistak? «Iberiar penintsulako hegoaldera; hondartza eta eguzkia nahi ditu. Ingurune horietako gure ohiko eskaintza ugaritu ere egin dugu». Aurten, gainera, soslai oso ezberdineko jendea gerturatu zaie, baita adinekoak ere. «Imsersoko bidaiarik ez da egon aurten, eta nabaritzen dugu». Era berean, naturarekin zerikusia duten helmugek ere gora egin dute: «Gaztela eta Leon, esaterako. Zabalera handiko tokiak dira, konfinamenduak askatasun gogoa eragin balu bezala».

Eta Europako beste herrialde batzuk? Oraingoz ez. «Jendeak ez du arriskatu nahi. Egoerak okerrera eginez gero, Espainiatik berehala etor zaitezke: autoz, trenez.... Herrialde bakoitzean legedia ezberdina da: berrogeialdia bai ala ez... Oraingoz ez dago mugimendurik». Eta beste kontinenteetara? «Irail-urrietarako bada zerbait. Bidaia horiek udazkenean egiten dira, eta galdera batzuk jaso ditugu. Ezkonbidaiarik gabe gelditu diren bikote asko data horietara begira daude».

Eroski Bidaiak Euskal Herrian oso errotuta dago, baina Espainian ere baditu bulegoak, eta kontrako norabidean ere handitu egin da eskaera. «Andaluzian eta Madrilen interes handia dute Euskal Herria ezagutzeko», eta, Lizarragak dioenez, aurten joera aldatu egin da: «Normalean, egun pare bateko ihesaldia eskatzen dute. Uda honetan, aldiz, luzatzen ari dira. Bi egunetik astebetera; batez ere, familiak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.