«Heien izenak abestu ditzaten»

Peli Lekuona - Iratxe Esnaola Arribillaga
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Berezia da 2022. urtea Kandido Saseta gudalburuari eta Telesforo Monzoni dagokienez. Lehenak duela 85 urte bizia galdu zuen Asturiasko Areces herrian. Bigarrenak, heriotza horrek sorturiko samintasuna jaso zuen Gudarien eginak olerki bildumako Sasetaren ekiñaldiak zortzikoan, orain75 urte.

2008ko apirilaren 26an hartu zuten lurra Sasetaren gorpuzkiek Hondarribiko hilerrian. Jardunaldi osteko afarian, Antxon Zarra, gudalburuaren iloba politikoa zenak esan zuen Sasetarengatik ez ezik, buruturiko lana Asturiasko Pradon de los vascos delakoan hildako gudariak aberriratzeko ere egin behar zela. 2013an, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hauek topatzeko saiakera egin zuten. Jardunak ez zuen emaitza baikorrik izan, baina hau ez da aitzakia jardun hori behin betiko alboratzeko. Irailaren 17rako eta 27rako antolaturiko ekitaldiek dioten moduan, fokua gudarien eginetan jarri behar da. Bestela, jai izango dute herri honek hainbeste behar dituen egiak, justiziak eta erreparazioak.

Kandido Sasetak mikelete izan nahi zuen. Ondorioz, nahitaez, jaso behar izan zuen formakuntza militar espainola. Hala ere, Xauengo gelan (Maroko), argi utzi zien bere kideei zeintzuk ziren bere printzipioak: «Emen sartzen dena, Euzkadin da. Euskalduna bazera, mintzatu euskaraz; eta abertzalea bazera deadar zazu nerekin: Gora Euzkadi askatuta!».

Antzeko esaldia sinatu lezake Telesforo Monzonek ere. Abertzaletasuna, euskara eta askatasuna izan ziren bere printzipioetako batzuk. Lehenik EAJn, 1936ko Euzko Jaurlaritzan, eta urteek aurrera egin ahala, gaztedi berriaren nahi eta asmoekin bat egin ondoren Herri Batasunan. Ezker abertzalearekiko konpromisoa, bere sentimendu jeltzalearekin batera, hil arte mantendu zuen.

Jose Luis Elkoro ezagutu izana gakoa izan zen, Monzonen ametsetako bat gorpuzteko: abertzale guztien batasuna. Xiberta hautatu zen horretarako. Ez da hau edonolako gunea. 1945ean, II. Mundu Gerra betean, bertan hartu zuten atseden Gernika batailoi euskalduneko gudariek. Bertako batasuna, gainera, zabalagoa izan zen. Abertzaleez gain, sozialista eta komunistak batu ziren, Euzko Jaurlaritza ordezkatzen zuen Kepa Ordokiren aginduetara. Helburu konplikatua izan arren, azaltzeko erraza da: euskaldun guztien batasuna, faxismoa garaitu eta Euskal Herria askatzeko. Azkenean, De Gaullek berak esan zion komandante irundarrari Frantziak ez zituela inoiz ahantziko Médoc-eko penintsula askatzeko euskaldunok egindakoak. Dakigun bezala, ordea, ez zen horrela izan.

Ez ditzagun ahantzi, beraz, Saseta eta beste hainbat gudariren eginak. Irailaren 17an Hondarribian, eta 27an Bergaran, gogoratuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.