Aintzane Ezenarroren elkarrizketaz

2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Elkarrizketa sakon, aberats eta mamitsua egin berri dio joan den urriaren 9an BERRIAk Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariari. Arretaz eta oso gustura irakurri dut, Euskal Herriko bakearen eta askatasunaren aldeko lan handia egin duen pertsona baita, nire ustez, Aintzane Ezenarro, Elkarri gizarte-mugimenduan, lehen urteetako Aralarren eta Gogora-n orain. Horregatik, elkarrizketa honetan helarazten digun mezuarekin, oro har, bat natorren arren, hausnarketa kritiko batzuk egin nahi ditut, guztiontzat aberasgarri izango direlakoan.

Lehenik eta behin, mehatxatutako zinegotziei buruzko puntuaz hitz egingo dut. Gai honetan erabat ados nago Ezenarrorekin, ezin hobeto azaltzen du gertatu zena, eta ez dut gehiago erantsi behar. Benetan lotsagarriak izan ziren PSOE eta PPko zinegotziek desberdin pentsatzeagatik pairatu behar izan zituzten giza eskubideen urraketa larriak, eta hemen denok egin behar dugu autokritika; ezker abertzalearen sektore gogorrek, batez ere.

Presoak bisitatzean izandako istripuei buruz hausnarketa egin nahi dut, bigarrenik. Puntu honetan ez nator guztiz bat Aintzane Ezenarrorekin. Gai honi buruz nazioarteko legeriak zehatz-mehatz zer esaten duen ez dut ezagutzen, baina nik oso-oso argi dut presoak etxetik hain urrun izateak izugarrizko sufrimendua dakarkiela presoei berei eta senideei, eta hori funtsezko giza eskubideen urraketa larria da, nire ustez; ez dugu horretarako arrazoibide sakonegietan sartu behar. Gainera, borondate ona izanez gero, presoak azkar asko hurbil daitezke, legea aldatu beharrik ere ez dago horretarako.

Hirugarrenik, biktima eta biktimagileei buruz hitz egin nahi dut, gai hori dirudiena baino askoz konplexuagoa delako eta, sarritan, ur handiegietan sartzen garelako gertatu zena aztertzeko orduan. Oso gai triste eta gogorra da, badakit —nire hitzekin ez dut inolaz ere inor mindu nahi—, baina zuzentasunaren arabera jokatu behar dugula iruditzen zait izan zen errealitatea aztertu eta baloratzeko orduan.

Biktima eta biktimagileak nortzuk izan ziren? Ez da galdera erretorikoa, beti ez baitago hain argi. Argalaren adibidea oso ondo datorkit horretarako. Biktimagilea izan al zen? Egia esan, nik ez dakit, agian inork ere ez daki, baina orduko egoera eta testuingurua hartu behar ditugu, betiere, kontuan, galdera honi erantzuteko orduan; eta, egoera eta testuinguru horiek kontuan hartuta, Argala eta orduko militanteak ez ziren biktimagileak izan, Francoren diktaduraren kontra altxatu ziren matxinoak baizik; Francoren erregimena baitzen orduan biktimagilea, eta Euskal Herria biktima.

Berriro diot: badakit oso gai mingarria dela, eta sufritu duten guztiei zor diedan erabateko errespetutik hitz egiten dut. Horrek esan nahi al du pertsona horiek egin zuten guztia ondo dagoela? Ez. Gaurko ikuspegiaren arabera, borroka egiteko modu onena eta gizakoiena erabili al zuten? Seguru asko, ez. ETAko militanteek pertsona askori kendu al zioten bizitza? Bai. Hori guztia tragedia ikaragarria izan al zen? Bai. Askotan ETAk krudelkeria handiz jokatu al zuen? Bizitzeko giza eskubidea urratu al zuen? Bai. Guztiz ados nago eta, gainera, aspaldi ETAren kontra guztiz jarri nintzela esan dezaket, inork susmo txarrik izan ez dezan; baina zer izan garen eta gure herrian zer gertatu den argitu nahi izan dut artikulu honetan, besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.