Azpeitiko Guggenheim

2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Donostia aldetik datorren bidetik Azpeitian sartzera nindoan lagun batzuekin. Horien artean ezaguna den azpeitiar poeta batekin, «horra non gure Guggenheim» esan zuenean lagun poetak. Aurre-aurrean, herdoilak hartutako eraikin erraldoi bat.

Oraingo Corrugados Azpeitia Cristian Lay izeneko batena omen da. Lehenagotik Garrido izeneko estremeño batena eta horren aurretik Marcial Ucin azpeitiar batena eta bere familiarena.

Duela zortzi urte arte enpresa honek txatarretik abiatu eta eraikuntzarako kabila ekoitzi izan du. Lehen gaia txatarra da eta argindarrez baliatutako labeak erabili izan ditu. Asteburuetan argindarra merkeagoa denez, egun horiek probestu izan ditu lan ordu gehiago egiteko, asteburuak eta batez ere gauak.

Txatarra inguruko makina-lanabes lantegietatik jasotzen zuten txatar-biltzaileek, baina, batez ere, Pasaiako portuan, Lezoko partean, oraindik ere, oker ez banago, dagoen txatartegitik hartzen zuten. Lezoko herritarrek ondo ezagutzen dute gune hori, itsasontziek txatarra ekartzen zutenean eta hego haizea zegoenean herriko bazterrak ke eta laino zikinez betetzen zirelako. Gainera, noizbait, ez dakit nondik ekarritakoa zelako erradioaktiboa zen txatarra ere sartu izan zuten.

Ekoitzi izan duten barila hori ekoizteko argindar asko kontsumitzeaz gain ur asko ere behar dute. Horregatik, lantegi hori Ibaieder eta Urola ibaien tartean kokaturik dago. Eta jakina, bi ibai horiek, inguru horretan, behintzat, kutsatu egin izan dira. Orain ur garbi-garbia ari da pasatzen. Amuko zubi ederra, bertan dagoen presa eta Belokineko kanala ziren gure gazte denborako igeri leku nagusiak. Orain ez dakit nola dauden bazter horiek.

Lantegi horretan lan egin izan dutenak, gehienak, bederen, Azpeiti eta inguruko baserrietako semeak izan dira bere historian. Soldata onak irabazten zituzten, baina lan-baldintza gogorretan lan eginez. Uda partean batez ere 60 graduko tenperaturetan, istripu asko jasanez.

Orain herritar gazte asko ondo prestatuta, ikasketekin daudenez, ona izango litzateke lantegi horretako istripu eta heriotzen historia egingo balitz, eta posible balitz Abitainera gaixotasunak eraginda eta garaiz baino lehenago joan direnen zerrenda egingo balitz ere bai. Uste dut sindikatuek izango dituztela datuak.

Europako Batasunean gaudenean eta ingurumenaren zaintzari garrantzia ematen zaionean herri baten erdian horrelako lantegi hirugarren mundutar bat berrabiatzea nahi izatea, ez da azpeitiarrentzako eta ez beste inorentzako desiragarria.

Orain zortzi urte lantegia itxi behar zutela eta kezka sortu zen herrian, batez ere, bertan ziren langileak langabezian geldituko zirelako eta, bestalde, herriaren etorkizun ekonomikorako oso kaltegarria izango zela uste zelako.

Esan behar da, gaur egun, Azpeitiko herriak jakin izan duela buelta ematen egoerari eta langabeziaren kopurua ez dela inguruko herrietakoa baino altuagoa. Azpeitian %7,9 da langabezi kopurua, eta Gipuzkoan, %9,6.

Halaber, amaitu baino lehen aipatu nahi dut lantegi horrek herriko eguratsa kutsatzen zuela eta inguruko bazterrak kedarrez belzten zirela, balkoietan esekitako arropak ere zikinduz kedar beltzez.

Uste dut lantegi hori desegiten denean azpeitiarrok pozik izango garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.