Naturaren oinarrizko eskubideak

Asier Mirón
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Hamarkada bat igaro da Andoainen agintzen zuen udal- gobernuak Otieta parkean Leitzaranbisitari-zentroa eraikitzea eta irekitzea erabaki zuenetik. Azpiegitura horren helburu nagusietako bat «garapen turistikoa jasangarria» bultzatzea zen, eta, batez ere, Andoaingo Leitzaran bailaren dagoen txoko honetara bisitariak erakartzea. Azkenaldi honetan, Leitzaran Bisitarien Etxeak bultzatuta, Sorgin-Zubi edo Unanibia inguruan tirolina bat eta aisialdi jarduera ezberdinak ezartzea da udal-gobernuak eta alderdi guztiek aho batez hartu duten erabakia. Turismo eta aisialdiaren merkatuaren rankingean lehiakorra izatea omen da, gaur egun, hiriei eta udalerriei piztu zaien sukarra. Nahiz eta bizi zaren lur eremu periferiko horrek, lurraldearen bizkar-hezurra osatzen duen konurbazioaren hamaika azpiegituren lotune nagusia eta zementu ekoizleen kokapen pribilegiatua izan. Dagoeneko, inor ez da harritzen orduan, lurzoruaren politikek eta espazio publikoaren kudeaketak —izan hauek hiri-eremukoak, landa-eremukoak edo natura-eremukoak— aspalditik funtzionatzen dutela Henry Lefebvrek «diru-truke balioa» deitu zion logika merkantilistaren mesedetan, «erabilpen balioa» kontuan izan gabe.

Memoria kolektiboa astintzen diguten andoaindarrok geure buruari egiten dizkiogun galderak, gaur egun oraindik ere zilegiak eta beharrezkoak direla uste dugu. Duela bi hamarkada baino gehiago Leitzaran bailararen defentsan, autobiaren aurka azaldu eta borrokatu ginenok, zergatik egin genuen? Zergatik Leitzaran parke naturala izateko aldarria? Zer nahi dugu? Gatazka horren konponbidean irentsi behar izan genituen kontraesanak alde batera utzita, azkenean, gatazka hura elkarrizketaren bidez konpondu zen, eta A-15 autobideak eragin duen kalte ekologikoa eta paisajistikoa erdeinatu gabe, Leitzarango bailara ez zuen azkenean zeharkatu Irurtzuneraino doan errepide horrek. Garai hartan, Lurraldea koordinakundearen bozeramaile lanak egiten zituen Jonan Fernandez jaunak esan zuen moduan: Leitzarango bandera duintasunez defendatu dugu.

Baino baso-ustiapen suntsitzaileak,lurraldeen zatiketa administratiboak,kafkiarrak diren egitura politiko-burokratikoek eta alderdi nahiz erakunde ezberdinen epe motzeko lehentasunek, Leitzaran bailara eta Plazaolako ibilbidea babesteko ikuspegi estrategikoa eta integratzailea bultzatu eta indartu baino, bakoitzak bereari eutsi zion, eta kito. Eta horrela, parke naturalaren amets zoroa alde batera utzi eta biotopoak eskaintzen dituen lege, arau eta babes aukera mugatuen eskuetan utzi dugu, herrigunetik metro eskasetara dugun altxor izugarri hori.

2000. urtean, kimikako Nobel saria jaso zuen Paul J. Crutzenek, Antropozeno deitu zion bizi garen garai geologikoari. Aro honetan, haren ustez, gizakiaren jarduerak erabakiko du ekosistemen eta gure planetaren etorkizuna eta biziraupena. Etorkizunaren ikuspegi ezkor (edo errealista) horren aurrean, egile eta pentsalari feminista batzuek ikuspegi eraikitzaileago baten alde egiten dute. Donna Haraway filosofo eta biologoak, adibidez, antros (gizon) hori erdigunetik kendu, eta planeta hau partekatzen dugun espezie bizidun guztien interes komuna erdigunean jartzearen alde egiten du. Espezie anitzeko itun bat, gure interes geurekoietatik haratago, planeta txiki honetan bizi garen guztion bizitzak eta ongia lehenetsiko dituena, beste gauza guztien gainetik.

Nire ustez, gizakiontzat, andoaindarrentzat, ingurune eder eta maitatuenak direnek —Otieta eta Sorgin-zubi kasu— orain gehien behar dutena begirunea, enpatia eta zaintza dira. Eta, bizi dugun pandemiarekin gertatzen den bezala, erantzukizun hori gutako bakoitzari dagokio, baina batez ere, hautatu eta erakundeetan ordezkatzen gaituzten pertsonei, haiek baitira, hain zuzen ere, horretarako eskumenak, gaitasuna eta boterea dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.