Eudaimonia: zoriontsuak izaten ikasten

2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Definizioak halaxe dio: zoriona edo zoriontasuna pertsona batek bere barnean sentitzen duen poza da, asaldatze eta sufrimendurik gabeko egoera. Beraz, triste ez dena zoriontsua da, antza, edo behintzat hala dio zoriontasunaz aurkitutako definizio horrek. Beste batzuek, ordea, zoriontasuna autoerrealizazioarekin parekatuko dute: norberaren helburuetara iristearekin. Plazera ere sartu ohi da zoriontasunaren jokoan. Bizitza zoriontsua eta plazeren asebetetzea eskutik joan ohi baitira kontsumismoaren bizi-forman.

Gaur ahuntzaren gauerdiko eztula dirudien arren, zoriontasuna giza pentsamendu filosofikoaren garapenean nabarmena izan den kontzeptua da. Sokratesek zioen zoriontasuna ongi jokatzean datzala. Hori bai, ongi jokatzeko ekintza on eta txarren artean bereizteko gaitasuna behar da; maiz, arazoak dakartzana. Ondoren, Platonek zoriontasuna etika eta politikaren eskuetan utzi zuen; horiek egokiak balira, gizarteak zoriontasuna lortuko zuen. Baina erlatibismoak indarrean jarraitzen duen bitartean, ez da lan makala zoriontasunaren printzipio etiko-politikoak ezartzea.

Egun, hedonistak ongi biziko lirateke. Instant batean gure nahiak bete ditzakegu. Klik batekin zoriontasun-plazera senti dezakegu: hedonismoak gailurra jo du, eta gu zoriontasun arrazionalean pentsatzen! Kontraensankor, akaso? Musika entzuteko gogoa dugula: klik! eta hortxe gure abesti gustukoena. Gosea dugula: klik! eta etxeko atean sekulako oturuntza. Sexu-grina dugula: klik! eta hamaika ohe berotzeko zain. Ez dirudi atsekabez beteriko bizitza denik, ostera, nahikoa zoriontsuak izateko?

Kontsumoa, gure gizarteko zutabe indartsuenetako bat izanik, zoriontasunerako bidetzat har genezake; aldiz, bizitzen ari garen egoera pandemikoak, harreman pertsonalek duten garrantzia argiztatu du. Aristotelesek ongi asmatu zuen bezala, zoon politikón gara: hirian, jendartean bizitzeko egindako animaliak. Erortzen garenean altxatzen lagunduko gaituen eskua behar dugu, ibilbidea xamurtuko digun ahotsa, besarkada eta babesa behar ditugu. Gure esentzia sozialaren aurka indibidualismoak borrokan dirau, eta gu pantailaren aurrean, bakarrik, itzaliak izateko zain. Elkarri begiratze hutsarekin garaile aterako garela konturatu gabe.

Ez gara inoiz guztiz zoriontsu izango; ezta beharrik ere. Zoriontasunaren zakua ezin baitugu inoiz osotasunean bete; beti egongo baita falta zaigun zerbait eta behetik alde egingo digun beste hainbeste. Zoriontasuna konkista lurraldea izanik, frustrazioa gure egunerokotasunean sartzen da, eta eudaimonia ezagutu ezean zaila egingo zaigu zulotik ateratzea. Ontasuna gure barnean aurkitu ezean, ezingo dugu mundua koloreztatu. Geure burua maitatu ezean, ezingo ditugu besteak maite; eta besteen maitasunik gabe, zoriontasunik ez.

Eudaimonia ez baita helburu huts bat; eudaimonia bizitzeko modu bat da. Zoriontasuna ohitura moduan ulertzen duen kontzeptua da. Zoriontasuna, helmuga izan ordez, egunero praktikan jarri behar dugun jarrera balitz bezala irudikatu behar dugu. Momentu oro bizi eta bertan zoriontasun izpiak aurkitzen saiatu behar gara; zoriontasuna, izatez handia izan arren, txikitasunetik irabazi daitekeelako. Zoriontasuna zer den ikasi, praktikan jarri eta luzaroan mantentzeari ekinez lortuko dugu eudaimonia, eta bertan, zoriontasunaren gailurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.