UDAKO SERIEA. Mediterraneoko mugan (III). Adingabeak. Barbara Gonzalez del Rio. Save the Childreneko migrazio arduraduna

«Adingabeak dira migratzaileak baino lehen»

SAVE THE CHILDREN.
Maite Asensio Lozano.
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Mediterraneoa zeharkatuta Andaluziara bakarrik heltzen diren adingabeen babesaren inguruan kezkatuta daude zenbait eragile. «Sistema huts egiten ari zaie», esan du Barbara Gonzalez del Rio Save the Childreneko migrazioen programako koordinatzaileak.

Zer egoeratan heltzen dira etorkin adingabeak?

Batzuk senideekin etortzen dira, eta beste batzuk, familiarik gabe —12 eta 17 urte artean izaten dituzte—, baina, edozein dela ere haien egoera, adingabe izateagatik babes eskubidea dute, eta osasun arreta eta hezkuntza jasotzekoa. Horrez gain, badaude babes premia bereziak dituztenak; adibidez, asiloa eskatzen duten helduekin doazenak edo salerosketaren biktima izan daitezkeenak. Ildo horretan, seniderik gabekoek arrisku gehiago izan ditzakete, erreferente gutxiago dituztelako edo ez daudelako helduarorako prestatuta. Baina ez da paternalismoan erori behar: eskubide auzi bat da.

Gainerako adingabeen tratu bera jasotzen al dute etorkinek?

Denek dute babeserako eskubidea, baina kontraesan bat dago atzerritarren legearen eta Espainiak haurren eskubideez sinatu dituen nazioarteko itunen artean. Gure ustez, adingabeak dira migratzaileak baino lehen.

Gatazka asko izaten al dira adingabeak direla egiaztatzean?

Bai, ez baitago adina zehazteko prozesu argi eta segururik. Batzuetan, irizpidea da poliziei begiz iruditzen zaiena, eta hori arriskutsua da; eta beste batzuetan, helburu medikorik gabeko proba medikoa egiten diete, eskumuturra neurtuz, baina hori ere ez da fidagarria, besteak beste, adierazle kaukasoarren arabera sortu zelako eta errakuntza tarte handia duelako. Halakoen ondorioz, nerabeak detektatu izan ditugu CIEetan. Guk uste dugu adingabetasun presuntzioa errespetatu behar dela, eta diziplina askotako profesionalek balorazio holistiko bat egin behar dutela.

Zer balorazio egin duzue zuek adingabe zentroez?

Ez dago baliabide nahikorik, ez bolumenari dagokionez, ez zerbitzuaren kalitateari dagokionez. Oraindik asko dugu egiteko arreta pertsonalizatua emateko: ume eta nerabe bakoitzak egoera familiar, ibilbide eta bizipen desberdinak ditu. Gainera, gure arreta sistema ez dago egokituta migratzaileen premietara: adibidez, langileak ez direlako eleaniztunak, edo ez dutelako berariazko trebakuntzarik nazioarteko babesean.

Etorkin adingabeak lurraldeka banatzeko eskatu dute erkidego batzuek. Nola gertatzen da egun banaketa hori?

Ez dago lekualdatze formalik: ez dago koordinaziorik erkidegoen artean. EAEko edo Kataluniako ongizate estatuak garatuago daude, eta erantzun hobea ematen diete haurren premiei; beraz, adingabeak arreta hobea edukiko duten lekuetara joaten dira, beren kabuz. Izatez, askok zentroetatik ihes egiten dute. Esaten da ez dutela babes sisteman egon nahi, baina ez da egia: euren premietara egokitu gabeko sistemari alternatiba bat bilatzen diote.

Zer gertatzen da adingabeak adindun bihurtzen direnean?

18 urte betetzen dituzten egunean babes sistematik ateratzen dituzte, edozein dela haien prozesua, prestakuntza, egoera administratiboa edo baliabideak. Emantzipazio programetan oso gutxirentzako dago lekua, eta gehienak kanpoan geratzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.