Eskoletan, zer barri?

Nahikari Añibarro
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan 2021-2022ko ikasturtearen antolaketa. Hauxe dugu irteera-parrila, ikasturte hasierako ebazpena alegia:

«...erresilientzia-gaitasuna ikasleak eta haien hezkuntza-, gizarte- eta emozio-beharrak ardatz hartuta» .

«Osasun mentalak eta ongizate emozionalak duten garrantzia ere agerian jarri da hilabete hauetan».

«Hurrengo ikasturtean lehentasunezko lan-ildoetako bat izango da gure ikasleek euskaraz komunikatzeko duten konpetentzia hobetzea eta ikastetxeetan euskararen erabilera areagotzea» .

«...hitzezko komunikazioko, hitzik gabeko komunikazioko eta komunikazio digitaleko zeharkako oinarrizko konpetentziari dagozkion helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak, testuen idatzizko eta ahozko ulermena lehenetsita».

«Ikasgelan baliabide teknologikoak erabiltzeak ikaskuntza hobetzea ekar dezake».

«...ikasleen esparru emozionalean arreta berezia jarri behar dela».

«Ikastetxeetan dagoeneko ikusten hasiak dira eragin afektibo eta emozional batzuk ikasleengan».

Aipatutako horren guztiaren arabera antolatu behar izan dugu maisu-maistrok 2021-2022ko ikasturtea. Nahiz eta kalean bolo-bolo ibili maisu-maistrok ondo bizi garela, opor asko ditugula, ordutegi ona... benetako profesional batek errespetu eta kezka handia adieraziko luke arestian aipatutako egoera eta erronka asko irakurri ondoren: erresilientzia, osasun mentala eta ongizate emozionala, euskaraz komunikatzeko konpetentzia hobetzea... Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, gero.

Zelan lehenetsi ahozkotasuna, hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa, euskaraz komunikatzeko konpetentzia... eskola ordu guztietan ahoa estalita eramanda?

Zelan kontatu ipuin bat Haur Hezkuntzan, esate baterako, aurpegia begietaraino estalita eramanda? Irakurzaletasuna Haur Hezkuntzan hasten da, zelan egin transmisio hori, komunikazioan eta emozioen adierazpenean horrenbeste oztopo izanda?

Zelan lehenetsi ikasleen emozioak elkarren aurpegia ikusi gabe, segurtasun neurriak mantendu behar izanda?

Zelan besarkatu, laztandu, ume bat, min hartu duelako edo etxekoak faltan botatzen dituelako? Zelan egingo du lotura 2 urteko gelako ume batek, esate baterako, bere maisu-maistrarekin, aurpegia ikusi gabe eta dagokion segurtasun neurria hartuta?

Hezkuntza Premia Bereziko umeen kasuan; harremanetan zailtasunak adierazten dituztenak, sozializazioan, ahozkotasunean... Zelan lan egin musukoa kendu gabe, aurpegia ikusi gabe, ahoa ikusi gabe, aire gabe, distantzia mantenduta... Zelan egiten da?

Baliabide digitalek itzelezko kaltea egin diete umeei zein gazteei; menpekotasuna areagotu egin da adin guztietan, bai eskoletan, bai etxeetan; sozializazioa eten egin da, bakarrik egon beharra, isolatuta eta bitartean gailu digitalak esku artean.

Eta bukatzeko, Bigarren Hezkuntzako irakasle askoren mehatxuak beraien ikasleei: iaz, jolastokian musukoa jaistearren, falta, eta, hori gutxi ez balitz bezala, tutorearen abisua. Aurten, ikasturtea hasi, eta institutu bereko irakasle baten lehenengo eguneko mezua: musukoa jaisten duenak jarreran puntu bat gutxiago.

Zelan bermatu babesa eta maitasuna, beldurra eta kontakturik eza sustatzen ari garen bitartean? Gizakiok sarritan inkoherenteak garela ebidentzia da... baina azkenaldian bizi izaten ari garena, koherentzia falta ez ezik, balio eta kritikotasun falta ere bada.

Zer egin nahi dugu, bizi ala biziraun?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.