AHTaren kilimak klima aldaketari

Beatriz Arana Ortiz eta Enea Andueza Otsoa
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Klima aldaketa gizakiok dugun osasun arazo larrienetakoa da. Bizitzaren sustengua diren urari etalurrari eragiten dien neurrian guri ere eragiten digu, beste bizidunei bezalaxe. Bere adierazpen ezin bortitzagoak diren neurri gabeko lehorteek, uholdeek, tenperaturen gorakadek eta suteek, besteak beste, gero eta jende gehiagori kalte egiten diete. Kima aldaketa, hau bai pandemia!

Osasunak osotasuna esan nahi du. Eri gaudenean erdi gaude, eta osotasuna berreskuratuz osatzen gara. Osasunak fisikoa eta animikoa izan behar du. Fisikoa gorputzari dagokio, eta animikoa, gogoari. Batak bestea elikatzen du.

AHT abiadura handiko trena ere Euskal Herrian dugun osasun arazo larria da. Lurraldea zatikatzen du, erdibitzen du eta, beraz, gaixotzen du. Horrek herritarron osasun animikoan du eragina. Hori dela eta, AHTaren aurreko paisaia sentsual kiribilduak ezagutu ditugunok zorionekoak garelakoan gaude. Berebiziko xarma zuten txoko zoragarriek, ipuinaren atea irekitzen ziguten. Sorpresa atseginak ezkutatuz bazter koloretsu eta lanbroek gure arima jostalaria alaitzen zuten.

Mendeetako jarduerak margotzen zituzten paisaiek museo bizidunak ziruditen. Zerien historia usaintzen genuen elkarrekintza aberasgarrian eta etorkizuna irudikatzeko gakoak ere aurkitzen genituen. Baina, zoritxarrez, AHTak desagerrarazitakoa zaharron oroimenean besterik ez da bizi. Gazteak ez dira soilik gelditu arbaso eta haurtzaroarekiko lotura onirikorik gabe. Paisaiek gordetzen zuten memoria historikoa ere errotik kendu die gazteei AHTaren eraikuntzak. Paisaia herriaren arimaren isla dela diote. Gustukoa dugu ispiluak itzultzen diguna?

Osasun fisikoari ere kalte egiten digu azpiegitura honek. AHTak isuritako gasek berotegi eragina dute, eta klima aldaketari kilima atseginak egiten dizkiote. Batzuek kontrakoa badiote ere, AHTa ez da inolaz ere ekologikoa. Izan ere, eguratsa gehiago berotzen du. Ikus dezagun zergatik:

Hasteko, bioaniztasuna gordetzen eta CO2 isurketak irensten zituzten ehunka hektarea bertako baso eta bailara desagerrarazi ditu. Euskal Herriko 400 kilometrotan zehar plataformek, zubibideek, pistek eta tunelek behar duten porlan kopuru itzela ekoizteko erabili den makineria erraldoiak CO2 isuri du etengabe. Hormigoiaren osagaiak diren harriak eta burdina lortzeko eta garraiatzeko ere tonaka CO2 isuri da.

AHTak energia kontsumo neurrigabea du. Halako tren batek, orduko 300 kilometroko abiaduran dabilenean, 25.000 bizilaguneko herri batek adina energia xahutzen du. Izan ere, abiadura handitzeak kontsumo energetikoa esponentzialki haztea dakar. AHTa zentral nuklearrez zein Castejongoa bezalako zentral termikoez elikatuko da. Zentral horiek karbono dioxido (CO2) eta karbono monoxido (CO) kopuru handia isurtzen dute eguratsera, euri azidoaren eragile. Ebroko uren beroketa ere eragiten dute, errefrigerazioan erabiltzen baitute.

Egun dauden eguzki eta haize poligonoek eta proiektatuta daudenek ere AHTa elikatuko dute. Horiek ere nekazari eremu eta naturguneak industrializatu eta suntsitzen dituzte.

Klima aldaketa kapitalismo tekno-agro-industrialaren ondorio zuzena da, eta AHTa bere ikurra. Biek suntsitzen dute behar dugun bioaniztasuna. Baina AHTa ez dute amaitu. Garaiz gaude gelditzeko eta Euskal Herriko lurraldearen suntsiketa galarazteko. AHTaren eta berak bultzatzen duen jendarte ereduaren aurka borrokatzea klima aldaketaren aurka ekitea da. Indar dezagun gure defentsa sistema lurra, ura eta airea defendatuz. Osasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.