Gure baserrietako okela, loteria ederra

Xabier Bengoetxea Uriarte
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Badira sei hilabete, joan den uztailaren 2tik, hain zuzen ere, Laudioko Udal Hiltegiaren zerbitzua eten egin zela. Itxiera gauzatzeko Laudioko Udala Nerbioi ibaian egondako ustezko isurketa batean oinarritu zen. Bertako arduradunetako batek salaketa jarri zuen udaltzaingoan.

Berriki frogatu denez, ez zen egon inongo isurketarik eta zerbitzua eteteko erabilitako argudio hori baliogabetuta geratu da. Baina, hala ere, PSEko kide den Txarli Prietok aipatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko batzordean aurreratu duenez, Laudioko Hiltegiak ez du bere zerbitzua berrabiaraziko. Ez behintzat orain arteko formatuan, eta beste bide bat aurkitu beharko zaio. Beraz, argi geratu dena zera izan da: ingurugiroarekiko kalterik egon ez dela eta agintari politikoek aldez aurretik prestatuta zutela hiltegiaren itxiera.

Gure politikarien ekintzak oinarri hartuta, nola izan daiteke, ustez gure ongizateaz arduratzen diren horiek horrelako baieztapenak egitea, Bizkaian adibidez udal hiltegirik ez dagoenean? Edota, gure supermerkatuetako apaletan dagoen haragiaren %14 bakarrik denean bertan ekoitzia? Zer-nolako elikagaien ekoizpena bultzatzen ari gara?

Telebistan, gure begiak hainbat aldiz bonbardatzen dituzte Baserria Km 0-ren aldeko aldarriekin, eta baita ustez gure baserrien ikuspegi idilikoarekin. Baina benetan hori egia al da? Gure baserriak geroz eta itoago dabiltza gastuekin, gehienak ez dira profesionalak eta etxean ikusitakoari jarraipena ematen diote nahiko modu erromantikoan. Baina, euren jakiak prozesatzeko unean, adibidez, nola izan daiteke Zeberioko baserritar xume bat OƱatiraino joan behar izatea bere arkumeak hiltzera?

Orain berrogei bat urte makina bat herritan udal hiltegia zegoen, bertan ekoitzitako animaliak bertan lantzen ziren, eta zerbitzu hori bermatzeko aukera zegoen. Apurka-apurka, udal hiltegiak itxi egin dira, euren izaera sinbolikoa izateraino. Bizkaian, Zorrotzako hiltegia 2010. urtean, eta 2012. urtean Durangoko Erralde. Gipuzkoan, Tolosako hiltegiaren kontrako saiakerak izan dira eta OƱatiko hiltegia (gaur egun Bizkaiko animalien karga gehiena jasan beharko duena) inguruko baserritar eta udalerriei esker doa aurrera. Itxiera guztien atzean Eusko Jaurlaritzak instalazioen mantentze kostuak bideraezinak zirela aldarrikatu izan ohi du. Baina, gure gizartean ez al daude etekin ekonomiko handirik sortzen ez duten zerbitzuak, baina aldi berean gure gizartearen ongizaterako bermatu behar direnak? Izan ere, gure baserrietan ekoizten diren animaliek gure inguruko larre eta mendien biziraupena bermatzen dute.

Arestian aipatutakoarekin, argi geratu da komunikabideetan gure agintariek aldarrikatzen dutena eta gero dituzten ildo estrategikoen koherentzia bat ez datozela. Gure jakiak nola izango dira zero kilometrokoak bideen joan-etorrian hainbeste kilometro egin behar badituzte? Eskubideen garaian, ez al da animalien eskubidea ahalik eta kilometro gutxien egitea? Esaterako, Hiltegia Ez Itxi plataformak hainbat bide jorratu ditu. Hala ere, gizartearen inplikazioa ez da nahikoa arazo honen aurrean zintzo jokatu ez dutenen aurka egoera salatzeko.

Hori guztia kontuan hartuta, ez al da ba hau gizarteko arazo garbia, denok inplikatu beharko ginatekeena? Loteria sarien erresakan, eta esfortzu minimoekin etekin handienak lortu nahia diren garaian, ezer gutxi axola digu gure baserrien biziraupenak. Mendira joan eta garbi ikusi nahi, baina ez gara konturatzen gure baserritar gehienak 60 urtetik gorakoak direla, ez dagoela errelebo nahikorik, gazteek esperantza gutxi ikusten dutela sektorean eta burokraziak, lepotik heldu, eta itotzear daukala gure etorkizuna.

Euskaldunok garaian garaiko erronkei aurre egiteko borrokan jardun dugu elkarlanean eta borrokak beti merezi duen heinean, defenda ditzagun baserri txikien interesak. Bermatu dezagun gertuko hiltegien kalitatezko zerbitzua eta animalien ongizatea. Izan ere, horrek ahalbidetuko du gure landa eremuen paisaiez gozatzen jarraitzea era orekatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.