Desagerrarazia

2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Bai. Desagerrarazia. Horrelaxe dago euskalduna bere lurraldean bertan. Urrunago joan barik, gure familian bertan dago euskara guztiz desagertzeko zorian. Mendeetan euskaraz bizi izan ziren belaunaldiak hilda, oraintxe amaitu behar du denak. Gure aitita-amamek ia ez zekiten gaztelaniarik, eta belaunaldi horren aurrekoek gutxiago. Hurrengo belaunalditik gure ama geratzen da bakarrik bizirik, eta bera iktus bat dela-eta berba barik, bihotza apurtzeko egoera tamalgarrian dago (horra hor Osakidetzak eman dion ordaina: goizeko zortzietako ospitaleratu genuenean, ez zuela ezer larririk esan; eguerdirako neurologoak iktusa diagnostikatu, eta berehalako tratamendurik eman barik, hilzorian utzi. Bai, hori dena eta gehiago jasan du, eta hala eta guztiz ere une honetan irribarrea ahoan). Nire lobak euskaraz biziko diren itxaropenik ez daukat. Nire loba nerabe batek behin esan zidan bizi garen herrian euskaraz hitz egiten duen bakarra bere umetako lagun bat dela eta haren kuadrillan ere ez duela inork euskararik egiten. Zoroaren pare aurkeztu zidan nerabe euskalduna herri guztiz erdaldunean. Jakina, belarriprest autentikoaren moduan, dena gaztelaniaz azaldu zidan. Berak eman zidan bere umetako lagunak baino askoz erruki handiagoa. Atsekabe itzela sentitu nuen.

 

Zelan ez heldu egoera honetara gizartean euskara zein euskalduna behin eta berriro eraso, burla eta mespretxu gai denean? Zelan ez heldu egoera honetara ikastetxe askotan euskara irakasle batzuen kontua baino ez denean, eta ikasle bat bigarren batxilergora euskararik ia ez dakiela hel daitekeenean? Zelan ez heldu egoera honetara goi mailako politika egiten dutenak eta epaileak eurak euskararen kontra daudenean? Zelan gertatu zen ba euskarazko egunkari bakarra terrorismoaren akusaziopean itxi eta bere arduradun nagusiak espetxeratu eta torturatzea? Zelan gerta daiteke gaur egun iritzi artikulu bat argitaratzeagatik euskarazko egunkari bakarrari sare sozial baten egunkari hori ez dutela gehiago erosiko eta mehatxu mezua zabaltzea? Zelan da, euskaraz bilatzen hasita, ezin izan ditudala aurkitu ehun idazletik gorak Mikel Antzari adierazi dizkioten atxikimenduzko hitzak (nire despisteagatik?), eta gaztelaniaz bila aritu naizenean, delinkuenteak balira moduan desenmaskaratu dituzten idazleei buruzko titularrekin batera aurkitu beharra? Badago horretarako eskubiderik? Ez dira gertaera guztiz larriak?

Honi guztiari buruz ezer irakurtzerik ez, eta une baten pentsatu dut gure kultura kontseilaria ez eze BERRIA egunkaria ere bahitu dutela. Joxe Austin Arrieta Ugartetxearen otsailaren 3ko sentimenduz beteko artikulu eder-ederra, Sinestezina, Bingen, etorri da ni lasaitzera. Zein hitz hunkigarri eta beharrezkoak! Niretzat behintzat halakoxeak izan dira.

Txillardegik desagertzera kondenatu den eta bizitzea merezi duen herria eta hizkuntza ikusteko sentiberatasun, maitasun eta bihotz zabaltasun handia izan zuen. Gurasoengandik jaso ez zuen euskara ikasi zuen gaztetan, eta gero, Francoren diktadurari ere aurre eginez, asko eta asko egin zuen euskara eta Euskal Herria desager ez daitezen (literaturan, hizkuntzalaritzan, soziolinguistikan, politikan...). Gure hizkuntza eta herria aurrera ateratzeko, dena emanda bizi izan zen. Dena egin zuen Euskal Herria helburu. Euskal Herrian Euskaraz mugimenduaren aita izan zen eta gure hizkuntzaren normalizaziorako oinarriak eta formulak ezarri zituen. Txillardegik tratu ona merezi du, eta bere ahalegin eta lan erraldoia ez desagerraraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.