Euskararen bidean, aukera galdua

2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Inork ez du dudatan ezartzen Hendaiako Herriak izan duela, orain arte bederen, euskararen aldeko hizkuntza politikarik aitzinatuena Ipar Euskal Herrian; izan ere, azken hogei urtean lan handia egin dugu bide horretan. Hobekuntza Kontratuari esker, Herriko Etxearen paisaian euskara txertatu dugu eta langileentzako formakuntza planak plantan eman ditugu. Halaber, elkarlanean landu dugu Herriko Etxeak eta tokiko euskalgintzak 2016ko Euskararen Plan Estrategikoa. Alta, 2020. urtean Hobekuntza Kontratuaren dispositiboa bukatu egin zen eta Plan Estrategikoa guztiz garatu eta aplikatu gabe gelditu zen. Hauteskunde urtea zen, eta, gerora udal gehiengoa osatuko genuen gure aliatuekin, Hizkuntza eskubideak bermatzeko Protokoloaren aplikazioaren alde egin genuen, Iparraldeko herriko etxeentzat eginiko bertsioan.

Eta horretan bi urte lanean eman ditugu, buru-belarri, euskararen ofizialtasun ezetik abiaturik eta legeak ezartzen dizkigun mugen barnean. Hizkuntza politikari bultzada berria eman nahi genionez, Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluarekin hitzarmena sinatu genuen Protokoloa aplikatzeko. Haren laguntza teknikoari esker, Hendaiako hizkuntza politikaren elementuak aztertu genituen, 12 arlo nagusi eta 53 ataletan. Diagnostikoa landu genuen eta, gero, herriko euskalgintzarekin partekatu genuen, eta haren ekarpenak bildu eta txertatu genituen.

Ondoren, Euskalgintzaren Kontseiluak Hendaiako hizkuntza politika indartzeko gomendioak idatzi eta egin zizkion Herriko Etxeari. Zenbait neurri traktore ere identifikatu zituen: zerbitzu guztiei begirako estrategiak gauzatzen hastea, komunikazio elebiduna segurtatzea, eta elkarte eta merkataritza munduarekiko sustapen estrategiak lehentasunez zehaztea. Euskararen udal lantaldean onarturiko metodologiaren arabera, gomendio horien gaineko hizkuntza politika definitzeko bide orria adostu behar genuen. Ordurako gure taldeak, Hendaia Biltzen-ek, utzia zuen udal gehiengoa, Kotte Ezenarro auzapezaren taldeak behin eta berriz zapaldu eta gero haiekin genuen aliantzarako hitzarmena. Halere, kontsentsuaren bidean, gure taldeak hizkuntza politika berrirako bide orria adosteko proposamena egin eta aurkeztu zuen Euskara lantaldean.

Bat eginez Euskalgintzaren Kontseiluaren gomendioekin, herriko hizkuntza politikan jauzi egiteko mementoa zela uste izan dugu guk ere: udalgintzan eta herrigintzan euskara zentraltasunera eraman eta haren zeharkako aplikazioa guztiz landu. Noski, legeak ezartzen dizkigun mugen kontzientzia osoz eta egingarri eta eragingarri izateko baldintzak kontuan hartuz. Bai, euskara hendaiar guztion ondarea da, euskaldun izan ala ez, aspaldi dakigu hori!

Hala, guk aurkeztu dugun bide orrian, hizkuntza politikaren diseinua herriko eragileekin batera lantzea proposatu dugu. Herritarren subiranotasunaren ordezkari gara hautetsiok. Horrek behartzen gaitu herritarrekin adostera gure politika publikoak. Lehenik erabaki politikoak datoz, ondoren aplikazio teknikoak. Argi genuen hastapen-hastapenetik, Euskararen herri batzordea sortuko genuela Hendaian, bertan bilduz Herriko Etxea, herriko eragileak, euskalgintza eta adituak, bai eta Euskal Elkargoaren ordezkaritza ere.

Horregatik, harritzen eta kezkatzen gaitu udal gehiengoak bide orriaren gaineko adostasunik lortu nahi ez izanak eta Euskalgintzaren Kontseiluak eginiko gomendioak horren azaletik segitzeak. Ez ditu adostu nahi izan hizkuntza politikaren oinarriak, lehentasunak, epeak, ebaluazio neurriak eta neurri zuzentzaileak. Ez du Euskararen herri batzordea sortu nahi izan, Iparraldeko hiri nagusiek ez bezala. Ez ditu definitu nahi izan zerbitzu bakoitzerako hizkuntza irizpideak. Ez du izendatu nahi izan euskara ere herriko mintzaira gisa, ez eta euskararen ofizialtasunaren beharra aldarrikatu ere. Ez du bat egin nahi izan Ipar Euskal Herri mailako ekimen batekin, Europako hizkuntza gutituen euro kartaren tokiko dinamika sinatuz. Ez du Komunikazio zerbitzua indartu eta itzulpen irizpideak berrikusi nahi izan, berdintasunezko elebitasunera joateko. Ez ditu kontsentsuak landu eta erdietsi nahi izan kulturaren eta hizkuntza politikaren alorrak hobeki definitzeko.

Bi urteko lanak merezi zuen, bai, bide hori partekatzea eta adostea! Beti defendatu izan dugu kontsentsuak landu eta lortu behar direla, zinez domaia da herriko delibero baten bidez hori gauzatu eta herritarrei azaldu ez izana. Desadostasun sakonak ditugu Hendaiako udal gehiengoaren egiteko moduekin, baita alor honetan ere. Euskarak du galdu aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.