Izan ziren, gara

2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Garai hauetan, Euskadi 2021, jada 145 urte bete dira Euskal Pizkundearen fenomenoa sortu zela Euskal Herrian. Garai haietan, 1876ko Euskal foruen galeren ondoren hain zuzen, gerrate karlisten porrot eta triskantzen ondoren, baina garaiko etsipenari eta tristeziari gaindi egin nahian, euskal kultura, euskara, euskal ohitura, euskal historia eta abar aldarrikatzeko eta erreibindikatzeko mekanismo kulturalak martxan jarri ziren ordu hartako euskal gizartearen baitan, zeren kontzientzia berri bat ernatu eta errotu zen askorengan. Aro berri bati ekin beharra sumatzen zen. Euskal Pizkundea deituko zen garai gihartsu bat biziko zen Euskal Herrian zehar alor askotan. Eta honela, testuinguru horretan, Lehiaketa Literarioek indar berezia hartu zuten, era eta leku desberdinetan. Euskal literaturaren berrikuntza, beraz, euskal foruen galerarekin batera eman zen; paradoxa, benetan.

Politikoki, Sabino Aranaren eskutik, euskal abertzaletasunak gorputza hartuko zuen. Gizartean aldaketak zetozen, sozialki eta politikoki aro berri batean zeuden gure aurrekoak. Euskal Pizkunde honek, bere hastapenak, Iparraldean izan zuen hasiera eta abiapuntua. Sorrera eta aitzindariak, argi eta garbi, Anton Abadiaren eskutik etorri ziren, Urruñan eta Saran bereziki antolatutako saio eta lehiaketak zirela medio. Garai haietan, urte batzuk gora urteak behera, beste lurraldeetan, Poe, Baudelaire, Mallarmé, Byron, Eliot, Huxley eta beste idazle batzuen oihartzunek bizirik zirauten. Hurbilago, Katalunian Renaixença eta Galizian Rexurdimento indartsu zeuden.

Euskal Lore Jokoak suertatu ziren 1879 eta 1895 bitartean, Donostiako Euskal Lore Jokoen udalbatzaren sorrera festa hauen harrera ona zela eta. Donostiako Lore Jokoak oraindik bizirik dirauen Antzoki Zaharrean (Principal antzokian) ospatzen ziren, eta betiere irailean edota Santo Tomas egunean. Dena dela, esan daiteke 1879an eta Elizondon izan zirela lehenengo Euskal Lore Jokoak. Lore Joko horiek egun bateko iraupena izaten zuten, lan sarituak irakurtzen ziren musika tartean, eta irabazleen sari banaketa alaitasunez ospatzen zen, nolabaiteko solemnitate bereziz. Diputazioaren eta udaletxearen diru laguntzak jasotzen zituzten. Sariek, hasieran behintzat, izaera sinbolikoa izan zuten. Lehiaketei dagokienez, edukiari buruz hain zuzen, eremu eta alor denetariko gaiak lantzen ziren. Helburua argia zen, zuzena, garbia eta konprometitua: euskararen errekuperatzea.

Geroago, Euskal Festak, 1896 eta 1915 urtetan zehar, aipaturiko Lore Jokoak beste ekintza bat bezala hartuak izaten ziren festen egitarauetan. Esan behar da, literaturaz edo arteaz gain, festa herrikoi eta nekazaritza mundukoek eragin nabarmena zutela ospakizun horietan. Donostian izan ziren lehenengoak, literatur saio, bertsolari eta txistulari txapelketaz osatuak hain zuzen. Lurralde ezberdinetan ospatzen ziren eta askotan euskararen presentzia testigantzazkoa izaten zen, zoritxarrez, eta halabeharrez. Presentzia soil hori ez zen gutxi edo txantxetako kontua, lurralde ezberdinen arabera betiere. Urteak joan eta urteak etorri, sariak sinboliko izatetik eskudirutan izatera pasa ziren. Denborarekin, herri ezberdinetan ospatzen ziren festa hauek aldaera bat jasan zuten, zeren Lurralde Historiko ezberdinetako, probintziako boterearentzat, herriarekin erlazionatzeko ezinbesteko espazio erakargarri bihurtu ziren. Dena dela, euskara bizkortzeko asmoa zuten festa eta lehiaketa hauek Gipuzkoan eta Iparraldean ospatzen dira batik bat. Nafarroan, Bizkaian eta Araban horien presentzia benetan eskasa izan zen, hasieran behintzat.

Festa horietan, herrikoia dena kultura idatziarekin nahasten da, eta bertan, garaiko garaian kezka sortzen zuten gaiak proposatzen eta lantzen ziren. Ospakizun horiei esker, irakurketa eta idazketarako eremu berriak sortzea eragin zutenak hain zuzen, publiko berri honek (euskaraz irakurtzen dutenak) jaietan parte hartzea erakarri eta eragin zuen. Lehiaketa eta festa horietan idatzia eta ahozkoa elkartu egiten ziren; eta herria hiriarekin. Euskaldungoak horrela, alfabetatzeari ekin zion, apal baina eten gabe, saridunen lanak argitaratzen eta hauek irakurtzen, kartel ezberdinak begiratzen eta komentatzen... eta horrela euskarak, komunikatzeko bide berri bati ezinbestez ekin zion.

Eta gaur egun, 2021. urtean, 145 urte ondoren, Euskal Pizkunde zahar hura jarraitzeko, indartzeko, gaurkotzeko, egokitzeko, biziberritzeko, bermatzeko eta atxikitzeko asmo irmoan darrai euskal gizartearen borondateak, euskal gizartearengan datzan irrika nabariak. Orain, gaur egun ere, globalizazioan murgilduta gaudelarik buru-belarri, euskararen aldarrikapenaren aldeko gogoak, euskararen ezagutzaren etengabeko aldarrikapenak eta euskararen erabileraren xedeak, esaldi hark zioen bezala, «zahar berri» esamoldeari heltzen diote ilusioz. Eman diezaiegun gure ondorengoei gure aurrekoek eskueran utzi ziguten altxor preziatuena, zeina baita euskararekiko atxikimendua eta konpromiso solidarioa, hots, euskararen ezagutza eta erabilpena. Erabilpena, horra hor benetako hitz klabeenetan klabeenetakoa.

Izan zirelako gara bai, eta garelako eta nahi dugulako izango dira baita ere; jaioko dira berriak (eta abestiak esaten duen bezala) gu gara Euskal Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.