'D+' eredua: Etxean + Hezkuntzan + Aisian

2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
D eredua, Nafarroako ikastetxetan behintzat, bizikidetza faltsu eta tranpati baten izenean, ereduak nahasten hasi direnetik (Eredu mistoen sustapena: 2019-2023ko Programa Akordioa, 3.1 apartatua, 32. puntua), eta ingelesari ordu gehiago etalehenagotik (PAI) ematen diotenetik, D- eredua bilakatzen ari da. D- ereduarekin, hau da, murgiltzearen oztopatzearekin eta euskararen disoluzioarekin, D ereduarekin lortzen ziren helburuak ere ez lortzeko arriskua daukagu. Gogora dezagun, gaur-gaurkoz, gaztelera nagusi den herrietan behintzat, D ereduarekin, euskara ulertu eta erabiltzeko gaitasun orokorra lortzeko zailtasunak handiak direla. Eta gogora ditzagun soziolinguistika datu orokorrak: ezagutza gora doa nabarmen eta erabilpena mantendu edo beherako joeran dabil. Iruñerriko kasuan, erabilpenera salto egiteko zailtasunak nabarmenak dira, noiz eta geroz eta euskaldun gehiago gaudenean. Behar duguna, beraz, D+ eredua da, galdera honetatik sortzen den eredua: Zure haurrek euskaraz egitea nahi duzu edo nahikoa duzu ulermen gaitasunarekin?

Komeni da aipatzea, eredu mistoen gainean kritiko agertzen naizenean, hainbat tokitan lortu den D ereduaren ezarpenaren ondorioz ezarriko den ereduen bizikidetzaz ez naizela ari (Allo, Castejon, Mendigorria...). Nafarroako erdiguneko betaurrekoetatik begiratuta, euskararik ez zegoen tokian, euskarazko adar bat lortzea, onartu eta txalotu beharreko aurrerapauso bat da. Euskaraz funtzionatzen zuen ikastetxe batek, eredu misto batera pasatzea, ordea, atzerapen bat da, are gehiago, euskara hutsez funtzionatzeko ikastetxeak edukitzeko biztanleria nahikoa duten udalerrietan, Iruñeko haur eskoletan bezala.

Zer da orduan D+ eredua? Hezkuntzak eskaintzen duen D ereduari, guraso, langile eta eragile euskaltzaleon kontzientzia euskaldunari esker sortutako gehigarria, eredu estraofizial berri bat izateraino ailegatzen dena. D+ ereduak, gehiegi sakondu gabe esanda, euskararen transmisiorako, hezkuntza arautuko D eredua hobetu eta hezkuntzatik haratago dauden transmisio multzo batzuetan eragiten du: etxeko giroan eta aisian.

Etxeko giroan eragiteko, eskolak, guraso elkarteek eta tokiko eragile euskaltzaleek haurrentzako materialak, jolasak, ipuinak, telebista edo Internet saioak,... proposatuko dituzte.

Hezkuntza arautuan, euskararen erabilpena helburu duen euskara plan bat du. Horretarako, hezkuntzako langileek, euskaraz eta euskaratik lan egiteaz gain, gurasoekin dituzten bileretan, gurasoekin batera, haurraren euskara plana egokituegiten dute, eboluzioa aztertuz eta beharrezko baliabideak eskainiz. Euskara etxetik dakarten umeak indartuko ditu euskarari eutsi diezaioten. Eta etxean euskararik ez duten umeak lagunduko ditu.

Aisiak, berebiziko garrantzia hartuko du. Haurrentzako euskarazko eskaintza oparoa eta anitza izan behar da. Euskara eskolatik haratago identifikatzeak izugarrizko garrantzia dauka. Euskara eskolaz kanpoko jardueretara, kultur agendara, opor garaietara, komertziora, kirolera... ailegatzea.

Gogora dezagun, Kike Amonarrizek bere liburuan erakutsi digun «bidegurutzean» gaudela. Eta gure gaurko kudeatzaileek, harrigarria bada ere, euskaltzale batzuen laguntzaz, Irlandako gaelikoaren bidea erakusten digutela: ezagupenez zabalduz doana baina normalizaziorik lortzen ez duena; folklorean geldituko dena; itzaliz doana arnasarik gabe geratu arte. Guk, Iruñerrian, badugu gure bidegurutze propioa ere, erabilpenera salto egitearena edo euskara erabiltzeko oinarri minimoak ere ez lortzearena. Begiak irekiz gero, badira baikor egoteko arrazoiak. Geroz eta gehiago gara, euskara etxean duten geroz eta ume gehiago daude; badira kultur, merkataritza, aisialdi eta lagunarteko zirkuituak,... Arazoaz jabetu, ahaldundu, kontzientzia euskalduna bereganatu eta ekintzarako beharrezko indarra lortzea da gakoa. D- edo D+, nik nahiago positibo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.