Deabrua eta Hezkuntza

2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Biba! Hezkuntza Lege berri bat negoziatzen ari dira eta ohiko susmagarriak txango egunean baino asaldatuago agertu dira: «Biba!» garrasi egin dute, eta legeak jorratu beharreko gaien zerrendak plazaratu dituzte pozaren pozez: finantziazioa, segregazioa, sareen bateratzea, euskara, autonomia, lan baldintzak, berdintasuna...

Den-dena arteztu beharko du lege miragarri berriak eta, egokitu zaion lanaren zamaz jabetuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak 2023a jarri du legea onesteko mugarri moduan. Hezkuntzan epeak denbora geologikoan neurtzen dira batzuetan.

Baina, egia esan, inork ez du arautik asko espero. Ez. Ohiko susmagarrien ametsik basatienetan ere ez da inolako iraultzarik aurreikusten. Statu quo-aren inertzia astunegia da sakoneko aldaketak ahalbidetzeko. Are gehiago: jokoan hainbeste interes daudenean, normala da araua atal odoltsuenak bideratzera mugatzea (funtsean, finantziazioa) eta listo! Bestela 2024rako ere ez dute bukatuko. Eta ohikoak, susmagarriak badira ere, ez dira inozoak. Hala ere, lobby desberdinek aukera paregabea dute nork bere opilari ikatza esaeraren gaurkotasuna berresteko.

Mamiari dagokionez, gutxi batzuk izan dira aurreiritzietatik baztertu eta zehaztasunen lokatzean sartzeko adeitasuna izan dutenak. Hamaika arlo komentatu daitezke, baina bereziki deigarria egin zait mito kutsua duten deszentralizazioari eta ikastetxeen autonomiari buruz esandakoaren ganora falta. Dudarik gabe, deszentralizazioa eta eskolen autonomia kalitatezko hezkuntzaren oinarrizko ezaugarriak dira. Eta bat nator. Baina kontuz. Esperientziak demostratu baitu ikastetxeen autonomiak mugak dituela.

Batetik, eskola guztiek ez dute masa kritiko nahikorik proiektu sendo eta osoak garatzeko. Izan ere, proiektu pedagogiko konkretuez aparte irakaskuntzan baliabide ugari behar dira (ikasmaterialak, aholkularitza, prestakuntza...), eta horretarako indarrak biltzea nahitaezkoa da. Ikastolen Elkartearen eta Kristau Eskolen antolaketa ez da ikastetxeen apeta hutsa. Eskola isolatuak biltzen dituzten erakunde horiek arrazoi konkretuengatik sortu ziren, beharrizan zehatzei erantzuten diete eta euren ekarpenak funtsezkoak dira eskolen eguneroko lanean. Ikastetxez gaindiko estruktura sendo barik eskolen gaitasuna eta hezkuntzaren kalitatea larriki mugatuko ziren.

Bestetik, ikastetxeen autonomia sustatu nahi badugu, eskumen hori jaso eta garatuko duten egiturak eta profesionalak behar-beharrezkoak dira. Ikastetxe ertain bat kudeatu eta garatzeko, hezkuntzan eta kudeaketan adituak diren lantaldeak ezinbestekoak dira. Eskolak, harrigarria eman arren, kudeatu behar dira. Eta kudeaketa eredu eguneratuak behar dira gainera. Zoritxarrez, kudeaketa edo ardura postuak betetzea (zuzendari, ikasketa buru...) benetako arazoa da eskola gehienetan. Inortxok ez ditu lanpostu horiek dakartzaten lan kargak eta ardurak jaso nahi. Eta zuzendaritza talde sendo eta egonkorrik gabe, ezinezkoa da hezkuntza proiektua osorik garatzea.

Bestalde, horrelako profesionalak ez dira perretxikoen moduan sortzen. Prestakuntza eta lan baldintza espezifikoak behar dituzte. Eta euren ibilbide profesionalean apurka-apurka landu eta garatu behar diren ezagutzak eta gaitasunak oinarrizkoak dira ikastetxe bat arrakastatsua izan dadin. Tamalez, horretarako profilak identifikatu, prestatu eta garatu beharrean, erre baino ez ditugula egiten sinistuta nago. Hortaz, zertarako autonomia gehiago, eskumen horiek jaso eta garatuko dituzten profesionalak topatzea nekeza denean?

Hezkuntza sistemaren erreforma gai korapilatsua da. Sakoneko arazo konplexuak konpontzeko, antzuak dira orokorkeriak, eskuztatutako esloganak eta eskuliburuko errezeta sinpleak. Arazo konkretuak eta eguneroko errealitateak zorroztasunez aztertu behar dira, baldin eta hezkuntza sistema beste maila batera eraman nahi badugu.

Deabruaren trikimailurik maltzurrena existitzen ez dela sinetsaraztean datzala esaten da. Egia borobila: deabrua existitzen baita. Eta ez, ez da Ajuriarenean ezkutatzen. Deabrua xehetasunetan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.