Eredu bi baino ez euskal hezkuntzarako

2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bi eredu baino ez ditut aurkitzen euskal hezkuntzan. Hezkuntzako hizkuntza-ereduak esan nahi dut, noski. Hau da, ikasleen ikaskuntza gauzatzeko hizkuntza/k kontuan hartzen duten/dituzten ereduak: hizkuntza bakarra hartzen duen eredua eta hizkuntza bat baino gehiago lantzen dituena.

Egia da Euskal Autonomia Erkidegoko legerian hiru topatzen ditugula (aski ezagunak diren A, B eta D hizkuntza-ereduak), azkena hegemonikoa praktikan, desberdintasunak topatu arren mailaren, sarearen edo lurraldearen arabera. Baina azaleko irudia da hori, sakonean, bi modu edo estrategia daudelako soilik.

Lehenengoan, hizkuntza bat da nagusi, bera ikasten da eta bertan ere ikasten da, beste ezagutzak barneratzeko tresna delako. Lantzen diren beste hizkuntzak ez dira bide ezagutzeko ezer, hizkuntza bera baino ez. Eredu horretako hizkuntzen arteko estatusak oso desberdinak dira. Bigarrenean, berriz, lantzen diren hizkuntza guztiak hizkuntza gisa ikasten dira eta ikasteko tresna bezala erabiltzen dira. Agian, ez une berean, era berean, edo intentsitate berean, baina ikasleentzat hizkuntza horiek guztiek garrantzia eta maila bera dute.

Horrela hartuta, hizkuntza-ereduak ez dira eredu, dagoeneko marko bilakatu direlako. Badago marko bat, neurri handi batean elebakarra, hizkuntza batek besterik ez duelako ezagutzak transmititzeko ahalmen osoa, eta bestea, elebiduna edo hirueleduna, non ikasten diren hizkuntzetan irakasten baita. Marko eleaniztun horretan hizkuntza batekiko edo bestearekiko esposizioa ez dator ikasleak hizkuntzez jabetzeko helburuaren arabera, baizik eta ikasleek arlo guztietan dituzten premien arabera. Beraz, ikaslearen egoera da irakaskuntzaren abiapuntua eta ikaslea irakaskuntzaren ardatza.

Marko horrek benetako aukerak ematen dizkie ikasleei (guztioi, ez soilik gutxi batzuei) beren ahalmenak garatzeko eta gizartean inklusio osoa lortzeko. Are gehiago, ikerkuntzak frogatu duenaren arabera, murgiltze-sistemarekin alderatuta, ikaslearen hurbileko hizkuntza kontuan hartzen duen sistemak abantaila argiak ekartzen ditu irakaskuntzan lortzen diren emaitzei dagokienez.

Ez da kasualitatea ikerketa horietako asko Estatu Batuetan sortuak eta argitaratuak izatea, bertan mendearen hasieran hegoaldeko estatuen populazioa anglofono bihurtzeko murgiltze programa indartsuenak garatu direlako, Kalifornian kasu. Baina murgiltze-programa horiek porrot egin dute, hizkuntza-emaitzetan eta gainerako konpetentzietan. Hau da, porrot egin dute hezkuntza sistemak duen xederik oinarrizkoetan: ikaslea giza garapen eta gizartean inklusio egokia lortzeko beharrezko ahalmenen jabe izan dadin.

Gure lurraldeetan, aldiz, marko elebakarrak irmo jarraitzen du, eta sostengu zientifikorik gabe eta emaitza guztien kontra, legerian zabaltzeko eskatu da. Ikasle askorengan fruiturik gabekoa den marko horren ondorioz, eskola askotan ikasle erdaldun gehienei berandutu egiten zaie hoberen ezagutzen duten hizkuntzaren irakaskuntza, baita hizkuntza horrekiko lana ere, nahiz eta haien inguruko hizkuntza izan, eta inoiz ez da ezagutzarako bide izango onurak izango lituzkeen arren.

Duela 40 urte eskolak ematen hasi nintzen beste irakasle askorekin batera. Gure gaztaroko adorez eta harrokeriaz beterik gindoazen. Hanka-sartze galantak egiten genituen, ezjakintasunagatik batez ere. Hala, gureak bezalako hizkuntza gardenetarako egokia ez den metodo globala delakoarekin hasi ginen gehienok irakurtzen eta idazten irakasten. Gaur egun badakigu, eta dagoeneko ez da barkatzeko moduko akatsa metodologia horrekin jarraitzea.

Ikasleak hurbilen duen hizkuntza baztertzen duen sistemak, modu orokorrean hedatzen denean, kalteak dakarzkio ikasle askori, horien ezaugarri sozial, ekonomiko eta kulturalak kontuan hartzen ez baitira. Ez dakit arrazoibidea nahikoa izango den murgiltze-sistema mugarik gabe hedatzearen aldeko den norbaiten iritzia aldatzeko. Baina, gutxienez, ez dezala esan horrek ez duela halakoaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.