Nork eman diezaioke min ume bati?

Pilar Caballero eta Zumai Zapirain
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hilabete barru, martxoaren 8an, Irati Etxebarria Zapirainek 3 urte beteko ditu, eta Aranjuezko espetxea uztera derrigortua izango da, gurasoengandik banandua. Hamarnaka ume dira azken urteotan egoera bera bizi behar izan dutenak. Hilabeteak daramatzagu egoera honi aterabideak proposatuz; hain zuzen ere, Zaballako espetxean familientzako modulua prestatu dezaten eskatuz, bertan gurasoak preso dituzten umeek ehunka kilometro egitera kondenatuak izan gabe beraien ama eta aitarengandik gertuago egon ahal izateko.

3.564 lagun gara Katixa Agirrek egindako manifestu honi gure atxikimendua eman eta Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikatik proposatu diren eskaerekin bat egin dugunok. Zuk ere zure aletxoa jar dezakezu iratigurasoekin.eus webgunean.

Esaten digute haurrak sakratuak direla, babesgabeak, denok tribuan zaindu beharrekoak. Eta ideia polita iruditzen zaigu. Horregatik ematen du inor ez dela ume bati min emateko gauza.

Jakin badakigu batzuek min ematen dietela, baina pentsatzen dugu munstroren bat izango dela, psikopata zoro bat akaso... baina orokorrean? Ez, inolaz ere ez, denok umeak zaintzeko, babesteko prest omen gaude. Ideia polita.

Baina esan ditzagun gauzak argi. Umeei min egiteko modu ugari dago egun, ikusten da egun. Eta modurik zabalduena, orokortuena eta oharkabeen pasatzen zaiguna hurrengo pentsamendutik dator: umeak bigarren mailako pertsona gisa kontsideratzetik. Oraindik egin gabeko izakiak dira, kontatzen ez dutenak, entzun nahi ez ditugunak, gogaikarriak. Gurasoen ardura soila edo gurasoen ondasunak edo gurasoen luzapen hutsak izan daitezke. Edozein kasutan, ez dira kexatuko, ez dira gai, ahotsa altxatuta ere ez ditu inork entzungo. Umeek sufritzen duten diskriminazioaren aurrean erraza da begiak ixtea.

Feminismoak ideia iraultzaile hau zabaldu zuen: emakumeak ere pertsonak dira. Antzeko lelo iraultzailea bota beharra dago: umeak ere pertsonak dira.

Txikiak izateagatik kexatuko ez direlako, ahotsa altxatu ezin dutelako, ez dute eskubide gutxiago. Aitzitik, horregatik hain zuzen ere eskubide gehiago dituzte, edo izan beharko lituzkete. Horregatik, gizarte aurreratu batek ahalegin guztiak egin beharko lituzke bere txikiak, denak, zaintzeko. Horregatik behar dute gure ahotsa, behar dute gure kemena, behar dute gure babesa.

Umea bizi daiteke txirrindularik gabe, piszinarik gabe, marrazki bizidunik ikusi gabe, musika eskolarik gabe. Gauza gutxi behar ditu ume batek benetan, baina badago bat guztiz beharrezkoa zaiona: gurasoen babesa, maitasuna eta gertutasuna. Iratik bere gurasoekin egoteko beharra dauka. Iratik bere gurasoekin egoteko eskubidea dauka. Eta berak ezin duenez ahotsa altxatu, hemen dauka gurea.

Otsailaren 6an, Bilboko Arriaga plazatik hasita, arratsaldeko 17:30ean egingo dugun Jira eta Bira, Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, garaia baita umeen eskubideak oinarri hartuta familientzako aterabide bat eman eta espetxe politika humanoago bati ateak zabaltzen joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.