Itxaropen aktiboaren alde

Aizpea Otaegi Mitxelena
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Udan Yayo Herrerok idatzitako artikulu sorta oso interesgarri bat irakurtzeko aukera izan dut, irakurri ez baduzue gomendatzen dizuedana. Eta, artikuluetako batean, lehendabizikoan, kontatzen du Mendebaldeko ekonomia garatu dela Lurrarekiko bereizita, agorrezina den planeta batekin amets eginez. Eta esaten du, baita ere, nahikotasuna, banaketa eta zaintza ortzi-muga desiragarriak izango direla soilik finitutasunaren kontzientzia hartzen baldin badugu.

Finitutasunaren kontzientzia hartzeak ez omen gaitu erruduntasunera eraman behar, erruduntasuna tristea eta paralizantea delako. Erruduntasunak antsietatea eragiten duelako. Aitzitik, Yayok dio finitutasunaren kontzientzia hartzeak eraman behar gaituela erruduntasuna alde batera utzi eta erantzukizunez jokatzera. Bere esanetan, erantzukizuna indarra baita, potentzia eta egiteko ahalmena. Erantzukizuna sentitzea boterea izateko aurre-urratsa omen da, botereaz ulertzen badugu besteekin batera jardunez gai izatea. Zoritxarrez, gehiegizko erruduntasuna dagoen eta erantzukizuna urria den une bat bizi omen dugu, itxaropena desbideratzera garamatzana.

Baina guk ez dugu desbideratutako itxaropenik nahi. Itxaropen aktiboa behar dugu. Eta, horretarako, erantzukizunetik, bizi dugun ziurgabetasun testuinguru larri honetan, zer gertatzea nahi genukeen pentsatzea dagokigu. Geure buruari galdetu behar diogu zer den gertatzea nahi genukeena, eta posible izan dadin ekin. Horrek boterea sortzen baitu.

Yayo Herreroren gogoeta honekin eman nahi izan nion hasiera EHUrekin elkarlanean antolatu eta berriki Lekuona Fabrikan ospatu dugun COVID-19 ondorengo tokiko gobernantza publiko-komunitarioaren erronkak izeneko udako ikastaroari. Izan ere, gogoeta horrek mahai gainean jartzen baititu ikastaroa bera antolatzeko izan ditugun arrazoiak, baita ikastaroaren bidez eragin nahi izan duguna ere. Finean, ikastaroa gonbidapen bat izan da: gonbidapena pandemiak eragindako testuinguru honetan bizi (izan) dugun egoeraren inguruan gogoeta egiteko, eta egoera horren aurrean joka dezakegun paperaren kontzientzia hartzeko. Ikastaroa gonbidapena ere izan da erakundeen eta herritarren arteko lankidetzan, lankidetza publiko-komunitarioa deitu dugun horretan, sakontzeko, sinetsita baikaude ahaldundutako jendarte baten ekimenari bokazio berdinzalea eta birbanatzailea duen tokiko administrazio batena gehitzen zaionean horrek zaurgarrien diren herritarren bizi-baldintzetan eta, oro har, komunitatearen ongizatean duen inpaktua bestela lor ezin daitekeena dela.

Uste dut ikastaroak iraun zuen bi egunetan parada ezin hobea eskaini digula erantzukizunetik, itxaropen aktiboa ereinez, bizi dugun ziurgabetasun honetan, zer gertatzea nahi genukeen pentsatzeko eta posible izan dadin udalgintzatik nola ekingo diogun kolektiboki irudikatzeko.

Eta aukerarengatik oso eskertuta gaude. Eskertuta ikastaroa antolatzeko eta ikastaroa garatzeko bidaide ezin hobeak izan ditugulako. Eskertuta, EHUko udako ikastaroei, lankidetzarengatik; eskertuta, udako ikastaroan parte hartu duzuen ia 30 hizlariei, zuen ekarpen eta gogoeta interesgarriengatik; eta eskertuta, ikastaroan izena eman duzuen herrikide eta bisitariei, erakutsitako interesarengatik.

Errealitatea eraldatzeko behar dugun botere hori sortzen jarraitzeko, erantzukizunetik, zer nahi ote nahi dugun geure buruari galdetuz eta besteekin batera jardunez sortzen dena eragiteko alea gehitu izana espero dugu. Behar dugun itxaropen aktiboari jaten eman izana. Eta, gu behintzat, Yayok dioen bezala, gauzak ongi irten daitezen prest gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.