Feminismoaren dardara 20 urtean

Kizkitza Gil de San Vicente eta Aiora Epelde Agirre
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Hogei urte, azkar esaten da, baina zenbat gauza kabitzen diren hogei urtean, zenbat bizipen, zenbat eztabaida eta hausnarketa, zenbat partekatze eta konpartitze, zenbat min eta zauri, zenbat poz eta ospatze, zenbat garapen eta eraldaketa.

Eta, aldi berean, gazte izatea da 20 urte betetzea.

Batzuek jada adin bat ere badugu eta zahartzen ari edo eta sikiera heldu garelako baieztapena ere bada, parte sentitu eta oraindik ere parte sentitzen garen horrek jada 20 urte bete dituelako konstatazioa.

2002a urte berezia izan zen guretzat, aurreko urteetan barne mailan garatutako eztabaidek eman baitzuten fruitua; Euskal Herriko Bilgune Feministak bere burua antolatu eta ibilbide publikoa abiatzera zihoala plazaratu baitzuen. Euskal feminismoaren oinarri ideologikoak bere egin, plan estrategikoa diseinatu eta berau garatzeko konpromisoa hartu zuen. Bidea marrazten hasi zen, Euskal Herriko arlo estrategikoetan zuzenean eragin nahian. Sorkuntza horren aurrekarien parte izateak nahiz lehen urte haietako antolaketan buru-belarri ibili izanak harrotasunez betetzen gaitu.

Ez zen erraza izan, sexuen arteko zapalkuntza bera auzitan zegoen garai horretan mugimendu subiranistan. Euskal Herrian emakumeok pairatzen genituen diskriminazio eta zapalkuntzen argazkia erakusten zuen diagnostikoa osatu genuen; euskal feminismoak hartu behar zuen zentralitate berria eztabaidaezina bilaka zedin. Ez zen erraza izan, beraz, patriarkatua eztabaidaezina zela eta gure egunerokoan eragin handia duela, horren ebidentzia lortzea. Ez zen erraza izan berezko zapalkuntzak berezko estrategia eskatzen zuela ulertaraztea. Hau da, justizia sozialaren aldeko lana edo estatugintza ez zirela nahikoa, estrategia feminista integrala behar genuela. Eta ez zen erraza izan denok interpelatuko gintuen, den-denok, izateko arrazoi nagusi feminismoa izango zuen eragile autonomoa behar genuela indartzea eta kokatzea.

Hipotesiek bere fruituak eman dituzte. Zapalkuntza hirukoitza berriro ere erdigunean jarri eta lortu genuen bidea garatzea; gerora ere garatzen, eraldatzen, zabaltzen eta garai berrietara moldatzen abila den mugimendu berri bat abiatzea. Asko dago oraindik egiteke, baina eragiletza eta sentsibilitate feminista nahiz abertzalea nagusi da gure herrian, eta honek ekarpen kualitatiboa eta kuantitatiboa egiten dio gure herriko politikari.

Asko ibili eta garatu gara ordutik, Bilgune Feministak bide propio eta aberatsa garatu du ordutik hona, berrasmatu eta arakatu ditu bazterrak, borobildu ditu ertzak, sortu poliedroak eta mugiarazi barrenak... Erronka zahar eta berriei eutsiz dena aldatzen, eta aldatzeko ari garela jartzen praktikan.

Bizi kolektibo baten ibilbidea biziki ospatzeko moduko zerbait da, harrotasunez aldarrikatu eta erreibindikatu daitekeen zerbait... Zorionak Euskal Herriko Bilgune Feminista! Urte askotako!

Asko aurreratu du feminismoak oro har eta euskal feminismoak zehazki hogei urte hauetan. Garai batean imajinatu ere egin ez genuen modu eta tamainan. Eta, orain, testuinguru berri baten aurrean gaude, mundu mailan nahiz Euskal Herrian. Baliatu dezagun 20. urteurren hau indarrak hartu eta etorkizunari anbizioz begiratzeko, erronka handiak ditugu-eta aurrean!

Ezin lerro hauek amaitu OƱatin ekainaren 11n eta 12an ospatuko den Topagune Feministan parte hartzeko deialdia egin gabe. Aukera paregabea izango baita elkar ikusteko, elkar sentitzeko, elkarrekin eztabaidatzeko eta elkarrekin ospatzeko. Gozatu dezagun, merezi dugu eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.