Albistea entzun

Euskal Herri erosoa 'ahobiziz' eta 'belarriprestez' betea

Alizia Iribarren Andueza - AEKren Artezkaritza Kontseiluaren izenean

2022ko azaroak 15

Atrebentzia handiz, geure aurkezpen txartelarekin osatuko dugu gogoeta honen hasiera: «Hauxe duzue AEKren metodologiaren ardatza: hizkuntza, komunikaziorako tresna den neurrian, pertsonen artean jarduteko eta bizitzeko tresna ere bada. Hala, hizkuntza jakiteak ezinbestean dakar jende artean erabiltzeko gai izatea. Beraz, AEKn nahi dugu gurekin ikasten duen pertsonak euskara bere bizitzako edozein arlotan eta unetan erabiltzen ikas dezan; horretan oinarritzen da gure metodologia».

 

Iruditzen zaigu euskaltegiak beti izan direla euskararen normalizazioaren ametsezko egoeraren lagin bikaina: adin guztietako herritarrak aritzen dira euskararekiko atxikimendua lantzen, eta, batik bat, gaitasun egokia lortzen, euskara ezagutzeko ez ezik euskara erabiltzen ere jaki nahian. Motibazioak ekartzen ditu euskara ezagutzera; baina ezagutza ez da aski euskara erabiltzeko, ez: motibazioa eta gaitasun egokia ezinbestekoak dira, eta horretan trebatzen dira euskaltegietako ikasleak. Horri begira, ikasgelan erabilera erosorako baldintzak sortzen ditugu, eta euskaltegiko elkarreragina arigunetzat dugu, euskaraz lasai aritzeko gunea, Euskaraldiak ekarri duen izendapena aintzat hartuta.

Hori dela eta, betidanik ikasleak prestatu ditugu, baita animatu ere, euskara erabil dezaten ikasgelatik kanpo, bizitzako edozein arlotan eta unetan; beraz, egunotan, ikasleria gonbidatzen ari gara Euskaraldiaren ariketa praktikoan parte hartzera, izan daitezen ahobizi edo belarriprest. Ez hori bakarrik, AEKtik deia egin nahi dizuegu euskaltzale guztioi Euskaraldira hurbil zaitezten, ariketa kolektibo horretan parte har dezazuen.

Oso-oso garrantzitsua da askok izena ematea, eta Euskaraldiak iraungo duen egunotan ariketa buru-belarri gauzatzea, gerora ere ekimenaren bultzadak segida izan dezan. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, Euskal Herri osoan ahobizi eta belarriprest-ak barra-barra azalduz gero, sekulako baldintza onak sortuko dira euskara lasaiago eta erosoago erabiltzeko, euskaltegietan egunerokoan bermatzen ahalegintzen garen moduan.

Dena den, jakinekoa den bezala, herritarren ahalegin soila ez da aski euskararen auzia bideratzeko, hori ere beharrezkoa bada ere; horregatik, ezinbestekoa da udaberrian, azken Korrikan, bizi izandako herri-gogoa berriro sumatzea, euskaltzaleon ilusioa beste kolpe handi batez berritzea edo, hastear dagoela, Euskaraldian herritarren engaiamendu erraldoia ikustea. Arestian genioen moduan, ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea, eta nahitaezko ekintza dugu inguruan eragiteko ere.

Amaitzeko, aurreko esaldiari helduta, eragiteaz ari gara, bai; hori dela eta, adibidez, ariguneak ugaritzea oso garrantzitsua da, herritarrek erabilera-eremu berriak ezagut ditzaten, bertan saia daitezen euskara erabiltzen. Zer esanik ez, instituzioek rol garrantzitsua dute euskararen normalizazioan, herritarren engaiamenduari bide eman behar diotelako, eta guztiz ezinbestekoa delako Euskal Herri osoan euskararen erabilera bermatzeko baldintzak ziurtatzea, inork ez dezan inolako eragozpenik izan euskara baliatzeko. Finean, xedea Euskal Herri erosoa lortzea da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...