Euskaraz mintzatzeaz lotsatua

Mikel Berasaluze Faivre
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ez dakit noiz heldu zen nire belarrietara entzun nuen lehen hitza, ezta non izan zen ere, ea amaren sabelean nintzelarik gertatu zen, edo sortu nintzelarik izan zen, ospitalean. Aldiz, aitak erran zidan zein izan zen nire bizitzako lehen urtean ahotik atera zitzaidan lehen hitza: ama!

Hiru urte nituela, nire adin bereko beste umeen tripetatik bezainbat hitzateratzen ziren niretik. Baina, nire kasuan, hiru taldetan zatitzen ahal ziren. Norbaitek hitz horiek guziak idatzi nahi balitu, hiru kaier desberdin, kolore desberdinetakoak erabiltzeko kontseilatuko nioke.

Lehen kaierak azal gorria izanen luke, eta Molière-ren hizkuntzako, frantsesezko, hitz guztiak zerrendatuko genituzke. Bigarrenean —hori kolorekoa litzateke kaier hori— ordura arte ingurukoek erakatsi zizkidaten espainolezko hitzak idatziko genituzke. Azkenik, kaier urdinean, euskaraz ahoskatutako hitzak agertuko lirateke.

Bizitzan aitzina egin ahala, hiru kaierak betetzen segitzen nuen, ahal nuen bezala. Ikastolan lehenik, eskolan gero. Liburuen laguntzarekin eta, batez ere, jangelako altzarian pausatua zen kutxa beltz horrekin. Familiarekin, lagunekin eta bidean topatzen nuen jendearekin mintzatuz. Azkenik, musika entzunez Gure Irratiaren, Eitb Irratiaren eta Radio Bonne Humeur-en uhinetan. Baina, batez ere, nire buruarekin tar-tar arituz.

11 urte nituela, kaier urdina bete-betea zen. Gorria baino gehiago, eta horia baino oraino gehiago. Beste bat erosi behar izan nuen nire ikasteko gosea asetzeko. Kaier beltz bat ere erosi nuen, ingelesarentzat, eta baita marroi bat, zuri bat eta ubel bat ere, italiera, arabiera eta alemanarentzat. Badakit azken hiru kaier hauek ez zirela biziki seriosak, baina maite nuen hizkuntza berriak ikastea.

Unibertsitateko nire azken urtean, kaier gorria zen txapelduna. Ondotik heldu zen urdina, baina azken urteetan ez zen aski betetzen, beste guztiak ere ez, kaier beltza salbu, zinez beharrezkoa baitzen hura. Orduan, Bordeletik Euskal Herrira itzuli nintzen bost urteko ikasle biziaren ondotik. Momentu horretan erabaki nuen kaier urdina izanen zela nire urrezko liburua. Eta horretarako, ez da sekreturik. Berriz hasi nintzen hizkuntza hori erabiltzen, entzuten, kantatzen, irudikatzen ahal diren manera guztietan.

Gaur egun, kaier guztiak nire liburutegian dira. Batzuetan berriz irekitzen ditut orrialde batzuez oroitzeko. Beste batzuetan, berriak erosten ditut, kolore berriekin edo ez, maite baitut ortzadarra begiratzea.

Kolore maiteena hautatu behar banu, urdina litzateke. Horregatik irekitzen dut egunero, beste jende anitzek bezala, liburu urdin hori. Bai, askotan kendu digute, erre digute, eta aspalditik deabru itxura eman diote. Duela aste gutxi, berriz ere, Frantziako Hezkunde Nazionala saiatu zen haur batzuei hizkuntza hori debekatzen.

Egia erran, lotsa dut, ez hizkuntza horretan mintzatzeagatik, baina ez aski ozen eta indarrez mintzatzeagatik, zurekin, euskaldun zahar edo berri, han eta hemen, euskaraz bizitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.