Nerabeak, jendartea eta agintariak

Jon Irastorza
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Lehenik gogoratzen hasi nahiko nuke zu ere gaztea izan zarela. Ez dakit nola kokatuko zenukeen zeure burua garai haietan egungoa gertatu izan balitzaizu, nola barneratuko zenituzkeen arauak edo zein neurritan lagunduko ote zeniokeen bizilagunari. Niri, erantzukizun handiz jokatzen ari direla iruditzen zait, miresmena sortzen dit arauak betetzeko hartu duten jarrerak, eta nola ez Euskal Herri osoan zehar gazteek bultzaturik sortu diren zaintza taldeen sareak. Are miresgarriago, kontuan hartu ez dituen eta alternatibarik eskaini ez dien gizarte eta momentu honetan.

Jendartea, ordea, bere logika patriarkalean poliziaren antzera jarduten ari dela dirudi. Polizia ere oldarkor izan ohi baita adingabe bati belar pixka bat antzematean, aldiz, ez da ez ausartzen prostituzio sareen aurka joaten. Lau gaztek festa bat egin eta gure zaharren hiltzailetzat jotzen ditugu, gizarte honetako benetako kriminalei beren kasa jarduten uzten diegun bitartean, bide batez, eztabaida gai garrantzitsuenak alboratuz.

Gure egoa salbatzen jarraitzeko errazagoa baita zaurgarrienen aurka jotzea, eraldatzeko gai ez garen eta etsipena sortzen diguten erronka eta kriminal nagusiagoei aurre egitea baino. Izatez, honek zaurgarri eta ahul sentiarazten gaitu. Badut beraz susmoa, gazteriaz gain, gizarte osoa ez ote den arduragabe, eta ondorioz, baita ditugun buruzagiak ere. Norberaren etxeko lanak eginak izan gabe gainontzekoei ardurak eskatzea ez baita oso jokaera arduratsua. Ezta pandemia hau sortu duen eta parean dugun erronka ekologiko kolosalaren aurrean ez ikusiarena egitea.

Gobernuan direnek, kasu, Zaldibarko hondamendia kudeatzen 27 miloi euro baino gehiago gastatu dituzte jada; hamau helikoptero batean eta beste lau Ertzaintzaren furgonetak erosten; Europako Batasunekodiru-laguntzak lagunartean banatzen ari dira; industriaren arazoak diren zaborren kudeaketarako erraustegi erraldoi bat eraiki dute; AHTa, SuperSur-a eta Metroa eraikitzeko dirua lepo, eta orain hidrogeno berdea omen da ezinbestekoa euskal oasian.

There is not alternative, ez dago alternatibarik, zioen Margaret Thatcherrek. Egun kontrakoa da, ez dago bizitza eta ongizatea bermatuko duen alternatibarik, desazkundea baino.

Bidegurutzean ipini gaituen eta duin bizitzeko beharrezkoak ez diren kontsumo ereduak aldatu behar ditugu, gustuko izan ala ez. Sortu dugun hondamendi ekologikoa onartu, egoeraren egiazko diagnosi bat eginez akatsak identifikatu, eta aterabidea jorratu. Datorkigun errealitate eta etorkizun ilunari aurre egiteko, geure burua indartu eta bakoitzak bere ardurak betetzen hastea dagokigu. Nerabeak salatzen ditugun bitartean, ez baikara gure buruzagi politiko eta agintari ekonomikoei oldartzen. Ez diogu aldaketa klimatikoari eta krisi ekologikoari garrantzirik ematen, ez dugu gure osasun, hezkuntza, elikadura, zaintza eta energia burujabetzarantz pausu irmorik ematen, eta botere ekonomikoen dependentzian sakontzen dugu, zor publikoa handituz. Gure ondorengoek, gazteek, jasan beharko duten zorra, gogoratu beharrik bada.

Bitxia da. Eraiki dugun gizarte heldugabe honen tankeran hazi eta hezi ditugun gazteak, gure erru, ezgaitasun, amorru eta gorrotoen helburu bihurtu ditugu. Erraza bezain erosoa. Arduragabekeria bikoitza, edo berbera. Atera kontuak. Gure eguneko zenbat denbora baliatzen dugu gure artean salatzen, eta zenbat, kutsatzen gaituzten pantailen aurrean, norberaren erantzukizun politikoa ekiditen?

Beraz, nor?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.