'Dahmer' eta 'Monroe'

Xabier Etxezarraga
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Lasai, artikulu honek ez darama spoiler-ik. Azken urteotan, osasun mentala modan dago. Pandemiaren harira, hamaika eragin-sortzaile atera dira medioetan haien arazo emozionalak aireratzera. Politikariek ere, nola ez, olatu hori aprobetxatu dute beraien kanpaina egiteko. Buruko osasunaren aldeko mugimendua berez positiboa eta premiazkoa delakoan nago. Alde batetik, pandemiak gizartearen ongizate emozionala eta erlazionala kaltetu du, erretxinduta gabiltza, eta zauri hori guztion artean osatu behar dugu. Bestetik, mugimendu horrek balio du biztanleria osasun mentalaren garrantziaz kontzientziatzeko, ez baitago osasunik osasun mentalik gabe. Horri esker, orain arte ezkutuan egon diren gaixoak kontsultetara hurbiltzea lortu da eta, batez ere, gazte kalteberetan esku-hartze goiztiarra erraztu du, bilakaera potentzialki okerrak aldatzeko helburuarekin.

Tamalez, buruko osasunaren ahobatezko aldarrikapenak, momentuz, ez dakar besapean osasun publikoaren baliabideen handitzea. Osakidetzara behintzat ez da heldu. Kontsulta-eskaerek gora egin dute nabarmen, hori baitzen asmoa, baina terapeutek (medikuek, psikologoek eta erizainek) ez. Ondorioz, itxarote-zerrendak luzatu dira, eta pazienteei dagokien arreta-denbora murriztu. Lan-baldintza horiekin, osasun publikoko profesional mordoa erretzen ari dira, sektore pribatura ospa egiten edota bokazioaz zalantzatzen. Paradoxa goibela, herriaren osasun mentalaren ustezko jagoleek haien egonkortasun emozionala hari batean dutelarik dihardute. Eskerrak paziente gehienek depresio edota antsietate arinak dituztela, eta, beraz, kasu askotan ez dagoela tratamendu (psikologiko zein farmakologiko) intentsiboen beharrizanik. Horrek ez du esan nahi paziente horiek oinazerik ez daukatenik, ezta arreta zein aholkularitzarik merezi ez dutenik ere.

Duela gutxi, plataforma ezagun batek bi ekoizpen arrakastatsu estreinatu ditu. Zehazki, artikuluaren izenburuan aipatutako pertsonaien film biografikoak edo biopic-ak dira. Elkarrekin zerikusi gutxi dute Monroe-k eta Dahmer-ek, batak zein besteak gaixotasun mental larriak pairatu zituztela izan ezik. Bi lanek era gordin baina egiazko baten agerrarazten dituzte droga-menpekotasuna, pertsonalitate-asaldurak, depresioa eta psikosia bezalako nahasmendu mentalak. Argitu nahi nuke tratamendu aproposarekin ohiz kanpokoa dela horrelako bilakaera suntsitzaileak ikustea, asaldura oso larria izanagatik ere. Dena den, aipatu pelikulek, zintzo islatzen dute osasun-mentalaren nahasmendu gaiztoek eragiten duten desgaitasun eta sufrimendu aldizka ikaragarria, bai norberarengan, bai ingurukoengan. Gainera, biek hala biek argi erakusten dute gaixotasun hauek haurtzaroan edo nerabezaroan ernatzen direla. Horregatik dira funtsezkoak esku-hartze goiztiarrak. Ohartarazten dizuet bi filmak aztoragarriak direna, baina ez al dute sentsazio hori sortzen gizartean gure paziente larrienek? Ez al da hori psikiatriaren estigmaren funtsa?

Edozein mediku espezialistak bezalaxe, psikiatrek gaitz arinak zein gaiztoak artatzen dituzte, pneumologoek gripeak zein biriketako minbiziak artatzen dituzten moduan. Normalean, minbiziak tratamendu bortitzagoa behar izango du. Desberdintasuna gizartearen ikuskeran datza. Betidanik, osasun mentaleko asaldurak dituzten gaixoek eta haientzako existitzen diren zenbait tratamendu baliagarrik (medikazioak, terapia elektrokonbultsiboak) estigmaren zama astun eta desatsegina jasan behar izan dute. Oso gutxik jartzen du zalantzan kimioterapia edo erradioterapiaren erabilgarritasuna, jakin badakigulako beraien onurek sor litzaketen albo-ondorio arriskutsuak gainditzen dituztela. Bestela begiratzen dira, mesfidantzaz, psikiatrian erabiltzen diren tratamenduak, oraindik ere.

Esan bezala, badirudi azken urteotan arazo mentalen inguruko pertzepzio soziala normalizatzen ari dela, baina eraldaketa hori, oro har, nahasmendu arinetan soilik mamitu da. Ez gaitezen erdibidean geratu. Ez ditzagun babes handiena behar dutenak berriz ere ahaztu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.