Aurrez aurre 'sine qua non'

Resu Abasolo Gallastegi eta Juana Lopez de Munain
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Itzuli da eskolara joateko ordua. Atzean geratu dira usteak, eginahalak, iritziak, zalantzak eta 'baina'-k. Denbora eman dugu hausnarrean norbere buruarekin lehenengo, gero albokoekin eta azkenik, egia esateko, nahi izan dugunarekin. Beharrezkoa zen. Bizi izandako esperientziak alde on hauek utzi ditu behintzat.

Garai hau hezkuntzaren unea da. Haur eskola, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitateak eta Helduen Hezkuntza, denak dira etapa garrantzitsuak, eta eskolak aurrez aurre izateko baldintza sine qua non dela aldarrikatu nahi dugu.

Aurtengo irailak ez du zerikusirik aurreko urteetako irailekin. Sei hilabete etxean egon ostean, egoera berriaz zorrotz jabetzea dagokie ikasleei eta irakasleei, biei. Gertatu eta gertatzen denaz jardun beharra dago oraingo ohitura aldaketak ulertzeko. Modu horretan bakarrik jakingo du irakasleak, ikasleek bizitako isolamenduak norainoko eragina izan duen bakoitzaren baitako maila emozionalean, akademikoan eta sozialean. Ondorioz, irakasleek denbora behar dute sumatutako arrakala lantzeko eta irakaste prozesua ondo antolatu eta prestatzeko. Funtzionatzeko modu askori uko egin beharra dago, zalantzarik gabe. Egoera honek berrikuntzarako bultzada handia ematen digu, eta zer esanik ez murgilduta geunden 'liburu-inertzia paralizantetik' irteteko. Mugikorrek, tabletek, ordenagailuek eta online ikasteko moduek ahatzarazi egin digute Montessorik esaten duena: ikasi, eginaz eta mugimenduan egiten dela, heztea eta irakastea prozesu espezifiko eta konplexuak direlako.

Hezte prozesua harremanetan oinarritzen da. Ez da nahikoa entzutea, irakurtzea, kalkuluak egitea, fitxak egitea eta laburtzea. Aldiz, ezinbestekoa da besteekin berba egitea, beste ikasleekin eta irakasleekin lankidetzan ekintzak burutzen jardutea, gauzak partekatzea eta elkarri laguntzea; bestela, nola hezi aniztasunean? Nola jabetu demokraziaz eta tolerantziaz? Nola hezi baloreetan besteak ez badaude alboan? Kalitatezko eskolak bakarrik prestatuko ditu komunikazioan oinarritutako egoera aproposak jarrerak, emozioak eta portaerak lantzeko.

Tutoretza lanak berebiziko garrantzia hartzen du. Honek bermatzen duelako ikasle bakoitzak egiten duen liseriketan trabarik dagoen edo ez: traba akademikoak, traba emozionalak edo-eta traba sozialak. Gero gurasoekin izango diren harremanetan kontrastatzeko eta konpromisoak partekatzeko.

Eta hau guztia ondo ateratzeko, ezinbestekoa da familiekin koherentzia lantzea. Eskola-orduz kanpo egiten dena eskolak dioena finkatzeko izan behar da, eta ez alderantziz. Honek inoiz baino gehiago parte hartzea eskatzen du jarraipen kolektibo bat egiteko.

Osasuna ziurtatzeko hartutako neurriak beharrezkoak dira, baina ez dira nahikoa kalitatezko heziketarako. Zergatik ez dugu pentsatzen pandemiak sortutako egoeratik Hezkuntza Sistema indartuta atera daitekeela? Eta heziketa dela behingoz tresnarik garrantzitsuena jarrerak, portaerak, pentsaerak, iritziak, bizitzarako helmugak eta sinesmenak aldatzeko?

Aurrez aurre jardutea sine qua non baldintza da ikasleendako. Hori bermatzeko zer falta zaie irakasleei? Horretazgutxi esan da eta ez dugu uste irakasle kopurua handitzeak bakarrik egoera hobetuko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.