Euskara, Kafkaren amaraunean

2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Badira berrogeita hamar urte baino gehiago Euskaltzaindia, Gabriel Aresti edo Ez Dok Amairuren tankerako kultur agerkari berrien bulkada eta hauspoaz, euskara gizarteko alor guztietan (kultura, ekonomia, irakaskuntza, komunikabideak…) baliagarria izango zen hizkuntza garatzeko herri egitasmo zirraragarriari ilusioz gainezka ekin zitzaionetik.

Garai hartako h-aren eztabaidak eta euskara arautuaren auzia gailenduta zeudela zirudienean, ETBko bi kirol kazetarik urteetan Aiestaran abizenaz sinatu izan dutenean, hara non azken urteotan, Euskaltzaindiaren deituren idazketari muzin eginez Ayestaran (sic) izenaz atzerrian den kazetaria agertu baita. Badira oraindik, deiturak espainieraz idazteko, tradizioaren aitzakia aipatzen dutenak. Zein tradiziotan oinarritzen dira? Aitzinetik erabili den espainieraz idaztearen tradizioan?

Nik ez diot inori ukatuko bere deitura espainieraz edo frantsesez idazteko eskubidea, baina ezin dena onartu da norbere burua eta besteena engainatzea. Deitura euskalduna izanik, norbere izen markaserioa izateko espainieraz idatzi behar dela dirudi. Dena oso cool eta mundura irekia… Euskaldunok, geuk, baztertzen dugu euskara folklorekeriaren zokora.

Deiturak espainieraz idaztearen izurritea azkenaldi honetan ikaragarri zabaldu da bai EITBn, eta bai BERRIAren kide den Tolosaldeko Ataria-n. Zoritxarrez Argia aldizkarian ere azkenaldian joera hau sumatu dut, eta, euskal deiturak euskara arautuan ez idazteko joeraren puntua borobiltzeko, jaso berri dudan ikastolen federazioaren Ikastola aldizkarian Ayerra (sic) idatzita azaltzen da.

Nik ulertuko nuke Gipuzkoan nagusi den egunkari borboizalean hori gertatzea, baina denon bulkadaz eutsi nahi diogun euskarazko egunkarian, aldizkarian eta telebistan gertatzea, ez. Duela hainbat urte Ameztoi margolari handiari elkarrizketa egin nionean Galtzaundi-rako, euskaraz ondo idatzita argitaratzean ez zidan esany grekoaz idazteko. Ataria-n espainieraz Ameztoy (sic) idazteko, zendutako margolariari galdetzeko gaitasuna izan al duzue oraingoan? Zuek irudikatzen al duzue kazetari frantsesen bat elkarrizketa amaitu ondoren Dubois edo Dubua idatzi behar den galdezka?

Gure herria normaltasunetik at euskaldunok, guk geuk, jartzen dugu. Euskaltzaindiaren arauei intsumisioa egin beharrean, hobe genuke gure buru eta erakundeetatik jartzen zaizkigun oztopoei menez egitea.

Katalunian espainiarzaleek ere bere deitura katalanez idazten dute. Hizkuntz tradizioa luzeagoa dute eta bera gauzatzea eginkizun serioa da. Euskara ez da serioa hainbat euskaldunontzat, ospakizunetarako erabiltzen dugun irudi eder loretsua baizik. Euskara ez da serioa, baina ez dago barre egiteko moduan, etsipeneko barne negar lehorra egiteko baizik.

Lagun batek bere izen-deiturak euskaratzeko saioa bertan behera utzi berri du, balizko alderdi euskaltzaleak nagusi diren udal batean, bertako Kafkaren zomorro-munstroak, armiarma erraldoi bihurturik, zabaldutako amaraun burokratikoan harrapatuta: tramiteak luze eta korapilatsuak dira. Oso nekeza da izen-deiturak euskaratzea eta onartezina norberaren ekimenez euskaraz ondo idazteko prozesu korapilatsuari ekin beharra. Zergatik ez zaio prozesuari buelta eman eta deitura euskaldunak espainieraz idatzi nahi duenak norberaren ekimenaz egin behar izatea, gure erakundeen bermeaz?

Deiturak euskaratzeko urte ugari egin dugu, besteak beste, epaitegietatik makina bat buelta emanaz. Dena alferrik, inguruan deitura hori araututako euskaratik at azaltzen jarraitzeko, behin eta berriro.

Zer da izanaren izen euskalduna espainieraz idazten duena?

Euskalgintzaren apustua serio eta benetakoa zela uste nuen…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.