Agindutakoak eta bete beharrekoak

2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Agindua bat, egina bi,aginduarekin konforma hadi!

Esamolde jator hori amaginarrebari ikasi nion, eta entzuten diodan bakoitzean hauteskundeak ekartzen dizkit burura, halakoetan aginduak edo promesak ugariak izaten baitira, baina, tamalez, hauteskundeak igarotakoan agindutako asko, sarritan ez dira betetzen eta.

Carles Puigdemont Kataluniako president-aren defentsarako ildoetako bat horixe izan zen: berak, bere alderdiak, egitarau bat aurkeztu zuela, programa hura publikoa izateaz gain lau haizeetara zabaldu zutela, eta Hauteskunde Batzordeak egitaraua ontzat jo zuela; beraz, programa hori betetzea ezin zitekeela delitua izan, areago, zerbait delitua izatekotan programa ez betetzea izan zitekeela, betetzea inoiz ez.

Gurean ere baditugu bete gabeko aginduak. Gogoan dut Europako bozei begira, Herri Batasunaren mitin bat Bilboko Etxebarria parkean. Urtea ez nuen gogoratzen, baina Googlek dio 1989an izan zela. Oroitzen dudana da Txema Monterok, orduko hautagaiak, bere hizketaldia bertso batekin hasi zuela, eta ostean, gaztelerara igaro aurretik, modu apalean aitortu zuela euskaraz ez zela behar bezain ondo moldatzen, baina legegintzaldia amaitu baino lehen euskara menperatuko zuela. Legegintzaldia aspaldi joan zen, baina Txema oraindik ez da euskaraz behar bezain ondo moldatzen.

Hizkuntzarekin lotura izan gabe, gure herrian hauteskundeetan bete gabeko agindu mingarrienetakoa 2008an gertatu zen, herritarroi Kontsulta bat eskainiko zitzaigula esanda, gauzatu ez zenean. Gogoan dut urte hartako urriaren 25a: Buletinetik fotokopiatutako papeleta eskuan, Algortako Zabala eskolaren kanpoan ateak zabaltzeko zain egon nintzen. Hantxe konturatu nintzen nire optimismoa inoxokeria igurzteraino hel daitekeela.

Baina bada bestelako adibiderik. Andoni Ortuzarrek, esaterako, EITBko zuzendari hautatua izateari begira Legebiltzarrean Euskal Herritarrok-en bozkak eskuratu ahal izateko, beste gauza batzuen artean euskaldunduko zela agindu zuen; esanbeharra dago bere agindua bete zuela.

Hauteskundeetan agintzen denak hitzarmen sozialaren izaera omen du; hortaz, haren saritzea/zigortzea ere soziala izango da, eta printzipioz, nekez onartuko du epaitegiren batek kanpainan agindutakoa ez betetzeagatik inor nolabait zigortzea edo agindutakoa betetzera behartzea. Dena dela, hori bada esplora litekeen bide bat….

Hauteskundeen bitartez lanpostuak baino gehiago eta era iragankorrean bada ere, zuzenean agindu postuak eskuratzen dira. Behin agindu postu horiek eskuratuta, eta agintariek lege edo araugile bihurtuta, euren azpiko lanpostuen soslaiak definitzen dituzte; eta hemen oso fenomeno bitxia gertatzen da, zenbaitetan lanpostu horiei, aginte postuei galdatzen ez zaizkien betebeharrak ezartzen baitzaizkie. Era horretan ikusten dugu, esaterako, Arraldeko alkate izateko, badela nahikoa euskaldunduko zarela esan eta herritarren botoak jasotzea; Arraldeko kale garbitzaile izateko, aldiz, gutxienez 2. hizkuntz eskakizuna izan behar duzu, Arralde herri euskalduna baita.

Postu desberdinek betebehar desberdinak dituztela eta, unibertsitatean ere ikusten dugu errektoregai gisan komunitate horretako edozein ezin daitekeela hautatua izan, aurkezteko betebeharrak tasatuta baitaude. Bertako Estatutuetan agertzen den eran, errektoregai gisan onartuak bakarrik izan daitezke EHUn arduraldi osoa edukirik jardunean dauden katedradunen kidegoko irakasle funtzionarioak.

Euskal Herriko Unibertsitatean, Arralden bezala, euskara titulua aurkeztu beharra dago bertan lanean aritu ahal izateko; ez da beharrekoa, aldiz, Instituzioa zuzentzeko.

Lagun batek esaten zidan badirela arrazoi ugari unibertsitateko Errektoretza katedradunentzako soilik mugatzeko. Ez du ematen horren arrazoizkoa, ordea, 2020. urtean Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea izateko euskara titulurik aurkeztu behar ez izatea.

EHUn gaur egingo diren hauteskundeen inguruan, curriculum ikaragarria edukita, euskara titulurik ez daukan eta bertarako dagoen hautagai bakarrari irakurri diot «euskonpromisoa» hartu duela, 2022ko Euskaraldian ahobizi izateko. Talentuen parabola hona ekarriz, iruditzen zait oraindik ere errektoregaia den horrek «euskonpromiso» ausart eta eraginkorragoa hartu beharko lukeela bere gain: EHUko estatutuak aldatzea, esaterako, katedraduna izateaz gain bertako errektorea izateko ezinbesteko baldintza gisan titulu bidez euskalduna dela egiaztatzea ezarriz. Era horretan, lau urte barru, berrautaketaren unean, hortxe aurkituko bailuke momentuz hartu duen «euskonpromisoa» bete duen ala ez markatuko lukeen langa objektiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.