Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiri gutuna

Markel Brouard Maiz, Javier Salazar Plaza, Lidia Barcena Aurrekoetxea, Maddi Arrieta Laka eta Nekane Berriotxoa
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ez, Gotzone Sagardui: lehen arretaren aurka egindako adierazpenakez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Jakina da Eusko Jaurlaritzak osasun publikoko sistema desegiteari aspaldi ekin ziola, lehen arreta jopuntuaren erdian kokatuz. Erreleboen egoeraren inguruko analisi interesatuetan oinarritu, urteetan BAME Barneko Mediku Egoiliarren plaza gehiagoren beharrei muzin egin eta lehen arretako langileen lan baldintzak okertuz joan ondoren, Osakidetzan zerbitzuen murrizketak azeleratu izana justifikatzeko erabiltzen ari zarete zuek sortutako mediku falta. Honela, gizartearen osasun beharrei erantzuteko zerbitzu publikoen hutsunea beteko duten osasun aseguru pribatuak erabiltzeko «kultura» sortu duzue: kapitalaren kultura eta ez bizitzarena.

Orain osasun arretaren eskasiari kultura-auzi gisa heldu behar diogula esatera ausartu zarete. Osasunerako eskubidea guztiona eta doakoa izatearen bermea jendartearen ohitura kontu soila balitz bezala. Erabaki politikoen pisua arindu eta herritarron jokabide eta ohituren gain ardura jartzea, halako jarrera doilorrik ez dugu aspaldian ikusi. Oinarrizko eskubideen bermearen eginkizunari eta babes sozialeko, osasun eta zaintza sistema publikoa izateari uko egiten dien politika publikoek izen bakarra dute: pribatizatzaileak.

Horrela soilik uler baitaitezke pasa den urteko uda osteko 4.000 kaleratzeak, etengabeko arreta guneen itxierak, ebakuntza gelak mugitzea, ospitaleko larrialdi zerbitzuen itxiera, kirurgia zerbitzuak murriztea edota berriki ezagutu duguna, Mutualiak historia klinikoetarako sarbidea izateko ituna. Hori gutxi balitz bezala, itolarrian utzi duzue osasun sistemak beharko lukeen zuhaitzaren enborra eta sustraiak, lehen arreta alegia. Irisgarritasuna kilometroetara urrundu, hizkuntz eskubideei muzin egin eta erizain zein medikuen jarraitutasunak eragiten duen osasunaren onura, frogatua dagoena, ukatu dizkiguzue.

Entzungor egin diezue milaka herritarrek lehen arretara baliabide gehiago bideratzeko eskatuz sinatu eta erregistratutako erreklamazioei. Zumarragan, Erandion, Araian, Irunen, Tolosan, Zornotzan, Txorierrin, Donostian, Algortan, Elgoibarren, Bilbon, Gasteizen... Herritarren osasuna hobetzeko lehen arreta indartzea beharrezkoa dela deritzogu, aurrekontuen ehunekoa handituz zein pribatizazioa ahalbidetzen duten legeak bertan behera utziz.

«Etorkizuneko erronka» bestelako kultura bat eraikitzean datza, jakina. Bestelako kultura politikoa, non Osasun sailburuak, sailak, gobernuak eta agintariek herritarren osasun behar eta interesen arabera jokatuko duten, eta ez aseguru pribatuen interes ekonomikoen arabera.

Egindako adierazpenek garra piztu dute: osasungintza publikoak bestelako norabide bat behar du, urgentziaz. Eta guri osasungintza publiko, doako, unibertsal, kalitatezko eta euskaldunaren defentsa egitea dagokigu. Herriz herri deitutako mobilizazioetan zein ekainaren 26rako sindikatuek Bilbon deitutako manifestazioan parte har dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.