Non dago salerosketen muga?

Unai Tamayo Orbegozo eta Beñat Urrutikoetxea Arrieta
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun

Ingelesez idatzia, marketing kontzeptuak bi atal ditu. Batetik, market, merkatua, eta bestetik ing, gerundioa, etengabeko mugimendua adierazten duena. Gaztelaniak ere gerundioak dakarren higidura azeleratua antzematen du. Izan ere, anglosaxoien antzera, espainierak osorik mantentzen du hitza, ukigabe. Motelagoa da merkatua, ordea, euskaldunontzat marketin hitzak g hori galtzen duen ezkero.

 

Merkatuak estalpeko gune fisiko bezala garatu ziren, zeintzuetan merkatari eta artisauek beraiek ekoitzitako ala garatutako produktuak saltzen zituzten. Gaur egun merkatuak garatu egin dira, eta teknologiak gune fisikoetatik gune birtualetara eraman gaitu.

Elhuyar hiztegiak bi atal eta zenbait adiera dauka merkatu hitzaren azalpenak emateko. Lehengoak produktuen merketzea eta merkatzea parekatu egiten ditu, eta hori da, izatez, teknologia berriek ahalbidetu dutena, produktuak merketzea. Baina prezio-jaiste horrek berarekin batera dakarrena balio-galtzea da. Eta bi horiek ere badira bata bestearen baliokide, iturri beraren arabera. Beraz, zer da gaur egungo merkatuetan erosten ari garena? Ba al da horren eta garai bateko estalpeko eta gertuko merkatuetan baserritarrek ekartzen zuten salgaien arteko alderik?

Etimologikoki merkatuak (mercatus) salerosketen (commercium) truke bitartez hartu-emanak izan eta horren bitartez negozioa egitea bilatzen du.

Merkantzien zirkulazio horretan, gaztelaniako traficar adierak zilegi salerosi ala legez kanpo trafikatu, biak hartzen ditu bere baitan. Aditzak berak (traficar), aukera zilegi eta legez kontrakoak, biak batzen ditu, ordena horretan, lehenengo legezkoak direnak, eta ondoren debekaturik dauden aukerak goraipatuz.

Euskarazko hiztegiak, Elhuyarrek, trafiko delakoa legez kanpo jartzen duen bitartean, espainolaren erreferentziazko hiztegiak (RAE) ez du hain argi uzten. Izan ere salgaien mugimendurako edozein garraio bide erabil daitekeela adierazten du, eta adibideak aipatzen ditu, legalak ez direnak eta delitua suposatzen dutenak (drogak eta influentzia-trafikoa), baina definizioen artean ez zaio trafikoari semaforo gorririk jartzen.

Aurreko horrek guztiak hausnarketa zabala egitea dakarkigu. Galdera asko sortzen zaizkigu gai honetan, eta ikuspegi soziokulturalak horretan eraginik duen galdetzen diogu geure buruari. Beste batzuen artean hauek dira gure galderak: zer merkaturatu daiteke eta zein da trafikoaren azken muturra?

Edozer merkaturatzea baimenduta egon beharko luke? Non dago muga? Etika eta moral hitzak etortzen dira normalean gure burura lehendabizi. Horiek ozen azaleratzen dira gero gure ahoetatik kaleko elkarrizketa desberdinetan. Elkartruke horietan baldintza minimo gisa giza eskubiderik ez zapaltzea eskatzen diogu salerosketari. Baina batzuetan ahaztu egiten zaizkigu erosketa erabakia norberak hartu behar duenean, eta berdin zaigu zein balditzatan fabrikatua ala merkaturatua izan den erositako produktu hori.

Horri lotuta, hitz egin dezagun aspaldi bolo-bolo dabilen gai bati buruz: haurdunaldiaren subrogazioa. Gaia argi ez dagoenean erantzunak baino gehiago hainbat galdera sortzen zaizkigu. Hona hemen gureak: umea salerosia izan daitekeen gaia da? Eta hori baino lehenago ere zein merkatutan saleros daiteke eta zein baldintzatan? Zein baldintza/ezaugarri izan beharko lukete elkartruke honetan parte hartzen duten pertsonek? Merkaturaketa horretan nork ezarri behar ditu baldintzak eta mugak? Eta bestetik, Ekonomiak eta Marketinak zein paper jokatzen dute elkartruke honetan? Eta, azkenik, nortzuk eta zergatik daude murgilduta umeen trafikoan? Merkatu libreak salgaien eskari eta eskaintzaren arteko eskualdatzeari ateak zabaltzen badizkio ere, zelan eragin ahal dio pertsona bati ume bat izatea eta jarraian beste pertsona bati ala batzuei ematea/saltzea? Baina trafiko horretan elkartrukea produktu fisiko eta zerbitzuetatik haratago doanean, limiteak ezarri behar edo ahal bazaizkio horri, zeinek egin behar du eta nola artikulatu daiteke horren erregularizazioa? Horretan, aurretik aipatutako RAE hiztegiak ere zalantzak uzten ditu mahai gainean. Izan ere, merkatua aztertzerakoan botere publikoaren esku-hartzea saihestea gomendatzen duen bitartean (4. adiera), irizpide publikoak azpimarratzen ditu aldi berean eta horrekin batera (1. eta 2. adierak).

Bukatzeko, eta egungo sistema ekonomiko kapitalistak jabego pribatuari ematen dion zentralitatea ikusirik, ikuspegi horretatik, zergatik axola zaigu hainbeste umea «norberarena» izatea?

Pertsona baten garapenak zenbat duen biologiko eta zenbat ikasten duen bere testuingurutik kontsideratuz, gure proposamena umeari Ama-lur abizena jartzearena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.