Eibarrek partida zaila jokatuko du gaur Sevillaren zelaian

Aitor Manterola -

2019ko otsailak 10
Pausoz pauso eta partidaz partida ari da Eibar Lehen Mailan jarraitzeko lekua ziurtatu nahian, eta beste erronka bat izango du gaur helburu hori gauzatzeko bidean. Sevillaren zelaian jokatuko du, eta, itxuraz, ez da aurkari errazena. Izan ere, goialdean da sailkapenean, eta sendo ari da zaleen aurrean, nahiz eta azkenaldian Espainiako Kopatik kanpo geratu den eta ligan ere galtzaile izan zen aurreko saioan. Eibar etxetik at partida bakarra irabazita dago, hamar jokatu eta gero. Ipuruatik kanpo puntu gehiago batzen hasteko erronka ere badu taldeak.

Horretarako partida gaiztoa ematen du gaurkoak, baina Jose Luis Mendilibarren taldeak erakutsi du edozeini aurre egiteko gai dela, eta aurkaria hobea izanagatik ere ez duela atzera egiten. Jokalariei eskatu die prest egoteko buruz, bizi ibiltzeko. Ez du nahi taldeak lo hartzea, azken hiru partidetan zazpi puntu atera eta gero: «Ez dugu oraindik ezer lortu. Jaitsierako taldeak bi partidaren aldean dauzkagu, eta behera begira gabiltza», esan zuen herenegun Eibarren entrenatzaileak. Betiko leloa da, baina ez dabil gezurretan Mendilibar.

Gaurkoari begira, aldatu egin beharko du atezaina, Dmitrovicek zuntz haustura baitu eskuin izterrean, eta Riesgok beteko du serbiarraren lekua berriz ere. Beste gainontzean, Calavera eta Pedro Leon ez dabiltza taldekideen martxa berean, eta etxean geratu dira, Pere Milarekin batera. Hemeretzi jokalari joan ziren atzo Sevillara (Espainia), eta batek harmailatik ikusi beharko du norgehiagoka.

SEVILLA-EIBAR

Sevilla. Vaclik; Kjaer, Carriço, Sergi Gomez; Promes, Banega, Vazquez, Escudero; Sarabia; Ben Yedder eta Andre Silva.

Eibar. Riesgo; Peña, Arbilla, Ramis, Jose Angel; Orellana, Diop, Jordan, Cucurella; Enrich eta Charles.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Sanchez Pizjuan (43.883 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).