Itziar Resa. Dendaria

«Denetik eskaintzen duten supermerkatuekin ez dugu zer eginik»

IZAR MENDIGUREN.
Laudio
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Dendariak dira Itziar Resa eta Eduardo Zurimendi. Duela 25 urte ireki zuten denda, familiako lokal bat hutsik zegoela eta bizitza aurrera eramateko baliabide egokia zela ikusita. Urteak igaro ahala, «auzoko denda» kontzeptua aldatu dela uste dute. «Auzoko denda kontzeptuak ez du zentzurik egun. Duela 50 urte, bai, bazirelako arrautzak edo xaboia bakarrik saltzen zituzten denda txikiak. Egun, produktu bakarrarekin ez zoaz inora». Hargatik uste dute supermerkatuek eman ezin duten kalitatea eman behar dutela tankera honetako zerbitzu guneek. «Lehiatu zaitezkeela uste duzun produktuekin bete behar duzu denda. Garbigailutik txokolateraino eskaintzen duten supermerkatuekin ez dugu zer eginik», diote.

Bezero finkoa dute, auzokoa, baina bada herriko beste auzoetatik erostera etortzen zaionik ere: «Alboko herri batzuetatik eskariak egiten dizkigute, baina horretarako lan handia egin behar da, eta ezin zara aritu zerbitzatzen auzoko eraikinetan bizi direnak bakarrik». Azaldu dutenez, saltzailea ezin da litro bat esne erostera jaitsiko denaren zain egon. Horregatik, jatetxeei eta tabernei eskaintzak egiten dizkiete. «Ezin duzu harategi bat edonola izan, alperrekoa da oso urdaiazpiko ona izatea mota bakarrekoa soilik saltzen baduzu». Hori dela eta, jateko bakarraren alde egitekotan berebizikotzat du produktuaren eskaintza zabala izatea.

Era berean, garrantzitsua deritzote produktua eta denda bera berritzeari. «Gaur egun ateak irekita izateko, beharrezkoa da egunean edukitzea bai dendaren kanpoko aldea bai barrukoa. Bezeroak gustura egon behar du, eta lanean dagoenak ere bai», azpimarratu dute.

Gizartea krisi ekonomikoan badago ere, lanik ez zaie falta laudioarrei. «Beti izaten dugu dendan jendea». Asteburuetan jasotzen dute bisita gehien, «astelehenetik asteazkenera lan gutxiago egoten da». Ostegunetan, baina, herriko plazan antolatzen duten azoka dela eta, beherakada nabaritzen dute. «Hala ere, ostiraletan eta larunbatetan lan pila bat izaten dugu». Merkatu handiak txikia irentsi ez duen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.