Kataluniako prozesu subiranista. ERC-PSOE akordioa

Independentisten arteko mahai bat osatzeko deia egin du Puigdemontek

Generalitateko presidente ohia «akatsa zuzentzeaz» mintzatu da; ituna itxi aurretik «baldintzak ezarri ez izana» leporatu die errepublikanoei

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
ERCren eta PSOEren arteko akordioak zeresana emango du aurrerantzean ere, baina ituna ezagutarazi eta biharamunean bertan bata bestearen atzetik iritsi dira hari buruzko iritziak eta balorazioak. Kataluniako errepublikanoen eta alderdi sozialistaren arteko adostasunari esker, gobernua eratzeko korapilorik handiena askatu dute, baina akordio horrek berak gobernu krisia eragin du Katalunian. Generalitatean koaliziokide diren JxCren eta ERCren arteko talka agerikoa da adierazpenen trukaketa ikusita.

Carles Puigdemont «akatsa zuzentzeaz» mintzatu zen erbestetik, Belgikatik. Kataluniako presidente ohiak (JxC) akordioa itxi aurretik elkarrizketa mahai batek izan beharko lituzkeen baldintzak ezarri ez izana leporatu zien errepublikanoei: «Hori da ERCk PSOErekin akordioa itxi aurretik egin behar zuena estatuarekin negoziatzeko mahaian izan beharreko edukiak eta akordioak» erabakitzeko: «Hortik hasi behar genuen».

Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahai batek bete beharko lituzkeen baldintzak elkarrekin adostea aldarrikatu du buruzagi independentistak, «orain arte» prozesu subiranistaren «alde erabakigarriak» adostasun «oso zabal» baten bidez erabaki direla iritzita: «Horrek, momentuz, hala izateari utzi dio».

Quim Torra presidenteak (JxC) akordioari buruzko azalpenak eskatu zizkion herenegun Pere Aragones presidenteordeari (ERC), eta jakinarazi zion gobernuak ez zuela bere egiten errepublikanoek sozialistekin adostutakoa.

Puigdemontek kritika zorrotzagoa egin du, baina zehaztu du alderdiak ez dituela negoziazioak oztopatu: «Informazioa jasotzeko zain egon da. Inork ez du halakorik egin, akordioa itxita egon den arte. Uste dut errespetu eta leialtasun handiagoa merezi ditugula, guk akordioan parte hartzea nahi izanez gero». ERCri, hala ere, eskua luzatu dio «politika egiten» jarraitzeko «elkarrenganako errespetuarekin».

Marta Vilalta ERCko idazkariorde nagusiak RAC1 irratian egin zioten elkarrizketan erantzun zion Puigdemonti. Aitortu zuenez, ez dute JxC informatu alderdi errepublikanoak nahiko lukeen bezala, eta jarrera hori justifikatu du esanez PSOErekin izan dituzten negoziazioetan «azkartasunak eta diskrezioak» behartuta jokatu dutela. Dena dela, nabarmendu du Aragonesek Torra informatu zuela bi agintariek herenegun egin zuten bileran. Vilaltak, gauzak horrela, ziurtzat jo zuen Generalitateak negoziazio mahaian parte hartuko duela Espainiako Gobernuarekin batera: «Ziur nago ez dugula erreminta hori erabilgarri bihurtzeko aukera alferrik galtzen utziko». Vilaltaren iritziz, Kataluniako Gobernuak autodeterminazioa eta amnistia defendatu behar ditu mahai horretan.

Itunaren interpretazioa

Itunaren edukiaren inguruko interpretazioek ere zeresana eman zuten atzo. Vilaltak berak adierazi zuen konstituzioa ez dela muga bat izango: «Guk identifikatu dugu joko zelaia, marko legala, ordenamendu juridiko demokratikoa dela, konstituziotik haratago doana zeren zuzenbidearen printzipio demokratikoak dira, baita nazioarteko zuzenbidearenak ere».

Jose Luis Abalos PSOEko idazkariari emandako erantzuna izan zen Vilaltarena. Abalosek adierazi zuen «kontsulta bat ez dela autodeterminazio erreferendum bat». Ituna «ordenamendu juridiko demokratikoaz» ari dela, eta horrek konstituzioa bere barnean hartzen duela azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.