ETAren agiria. ANALISIA

Oinarri bat

Enekoitz Esnaola -

2018ko apirilak 21
Atera du ETAk «bere ibilbide armatuan eragindako kalteari buruzko adierazpena». Ezustean harrapatu du eragile bat baino gehiago. Hori da gutxienekoa. Momentuan haiek eta besteek publikoki nola hartu duten ere ez da garrantzitsuena, interes asko baitago plaza politikoan. ETAk bere aldetik biharko egunerako jarri duen oinarria da axola duena.

Adierazpen horretaz, ETAri zenbait gauza lepora dakizkioke. Kaltea onartu arren, ez du autokritika hitza aipatu, eta egotzi dakioke hori; hau da, bere ekintza armatuen kalteari kritika egin ez izana. ETAk esan du «akatsen ondorioz edo akats izan diren erabakiak hartu izanaren ondorioz» eragin duela biktimarik, baina ez da sartu xehetasunetan, ez baitu esan zein izan diren akats horiek edo zein akats izan diren erabakiak, eta egotz dakioke gehiago ez zehaztea edo ez sakontzea horretan, jarduera armatua burutu zuen erakunde politiko bat baita ETA, eta erakunde politiko batek zor baitio herriari azalpen autokritikorik, halakorik baldin balu. Orobat, ETAk aipatu du bere ekintza armatuek kaltetutakoei «errespetua» diela, eta «zinez sentitzen» duela; zehazki, «barkamena» eskatu die «gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten» biktimei eta haien senideei, eta, ondorioz —betiere hark izan duen logika aintzat hartzeke—, kritika dakioke zergatik barkamen eskaera batzuei bai eta ez guztiei.

Lehenengo armak 1962an eskuratu zituen ETAk, eta eskura zeuzkanak 2017an utzi —entregatu, batzuen ustez—; hots, 55 urtera. 1968an hasi zen jendea hiltzen, eta, berariaz, 2009an amaitu; 41 urtera. ETAk —pm adarrak bere partea izanik, ezin ahaztu—, 800 pertsona inguru hil ditu, milaka zauritu, milaka jazarri, 80 bat bahitu, eta beste. Hiltzea gaizki egon zela esateko eskatzen diote, jakinda ez duela halakorik esango, bere izatea ukatzea bailitzateke. Dena dela, ETAk berak azaldu du: «Ulertzen dugu askok guk egindakoa onartezina eta bidegabea izan dela ustea eta adieraztea, eta errespetatzen dugu, inori ezin baitzaio behartu pentsatu edo sentitzen ez duena esatera». Azkeneko esaldi hori bestelako noranzkoan ere aplikatu ahal da.

Egitateak garrantzitsuagoak izan ohi dira hitzak baino. Patxi Zabaletak esaten du ETAren autokritika nagusia 2011ko urriaren 20an gertatu zela, jarduera armatua bukatutzat eman zuela jakinarazi zuenean. Zenbait aste barru, berriz, bere ibilbideari bukaera emango dio, sortu eta kasik 60 urtera.

ETAk orain adierazi duena adierazteko, komeni da haren barne oreka kontuan hartzea. Jesus Egigurenek kontatzen du 2005-2006an Josu Urrutikoetxeak esaten ziola ETAk bukaera garaian egingo zuela aitortzarik eragindako kalteaz. Artean aldebiko eskemaren logika zegoen indarrean, bi parteen aldetik. Ordea, gero, Ipar Irlandan IRAren kasuan eta Kolonbian FARC-EPrenean ez bezala, ETAren jardun armatuaren amaiera ez zen estatuarekin lortutako akordio baten ondorioz iritsi; ez zen aldebikotasunik izan. Garai haietan egon ziren tentsioak ezker abertzalearen eta ETAren artean, eta ETAri kostatu zitzaion egoera berrira egokitzea; barne hausnarketa bat egin behar izan zuen 2012an. Baina ez da ETAn zatiketarik eta talde disidenterik sortu. Aldiz, ituna egon arren, IRAn sortu zen, eta FARCen sortu da talde armatu disidenterik, eta hil izan dute jenderik. Kohesioari eusteko eta berriro aurrerabiderako pausoak batera emateko eragindako kalteaz adierazpena egiteak, edukia eta hitzak zaintzea eskatuko zion, eta denbora bat hartzea. Agian, gaur-gaurkoz esan zezakeen gehiena esan du. Eta gutxiago ezin zezakeen esan. Oinarri politiko bat da biharko egunerako, bake eta konponbide giroa zabaltzeko euskal gizartean.

Etika? Iraganari so, inoren etxean ez dago, apika.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna