Koronabirusa

Positiboen kopurua milakotik hurbil da Hego Euskal Herrian

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Nabarmen goratu da kutsatuen kurba, eta gero eta agerikoagoa da transmisioaren larriagotzea. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, 979 kasu positibo atzeman ziren herenegun Hegoaldean. Zehazki, azaroaren 21etik aitzina erregistratutako kopururik handiena zenbatu zuten Osakidetzak eta Osasunbideak. COVID-19a atzemateko 14.165 proba egin ziren astelehenean, eta, horiek oinarri, %6,9 izan zen positiboen ehunekoa Hegoaldean.

Kutsatzeek Hegoaldeko herrialde bakoitzean utzitako datuak aztertuta, aipatzekoa da Bizkaian erregistratutako kopuru handia. Izan ere, herrialde horretakoak izan ziren herenegun detektatutako kasuen erdiak baino gehiago: 492. Hain zuzen ere, azken bi hilabeteetako daturik makurrena izan zen Bizkaian. Hegoaldeko gainerako lurraldeei dagokienez, Gipuzkoan 219 positibo zenbatu zituzten, Nafarroan 162 izan ziren, eta Araban, berriz, 92.

Hain justu, transmisioaren joera goranzkoa dela uzten dute bistan azken datuek. Hari kontra egiteko, gaur sartu dira indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Labi batzordeak ezarritako neurriak. Aholku batzordeko koordinatzaile Jonan Fernandez adierazi du asmoa dela «kutsatzeen goranzko joera eten eta ahalik lasterren iraultzea, joera beheranzkoa bihurtzeko».

Bestalde, Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, birusarekin eri zen 82 urteko gizonezko bat zendu zen herenegun.

Halaber, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 51 pertsona erietxeratu zituzten herenegun COVID-19aren sintomak larriagotuta. Horiek aintzat harturik, guztira 535 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan. Hala, osasun agintariek astelehenean emandako datua gaindituta, abenduaren 22tik erregistratu den daturik makurrena da berriz ere ospitaleetan. Erietxeratutakoetatik, 445 gela arruntetan daude, eta 90, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Muskiz, Zumarraga eta Erro

Birusa gogor sartu da Muskizko (Bizkaia) Marcelo Gangoiti zaharren egoitzan. Guztira 103 erabiltzaile bizi dira zentroan, eta horietatik 93 daude kutsaturik. Gainera, 93 langileetatik 20k positibo eman dute testetan. Gertatutakoaren harira, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Foru diputatuak esan du«akatsen bati» egotz dakiokeela egoitzan izandako agerraldia. ELA sindikatuak «onartezintzat» jo ditu Murilloren adierazpenak. Erron (Nafarroa), berriz, hamazazpi lagun kutsatu dira txertoa jasotzen hasita dauden egoitza batean.

Halaber, bi agerraldi atzeman dituzte Zumarragako (Gipuzkoa) ospitalean. Osakidetzak ez du zehaztu zenbat diren kutsatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.