Txerra Rodriguez. Soziolinguista

«Elkarteek noizbait birformulatu beharko lukete azken helburua»

Antolatzeko modu «malguagoetara» jo beharko lukete euskara elkarteek, Rodriguezen esanetan, baita helburu nagusiak berraztertu eta elementu berriak barneratzera ere; hiztunen «ahalduntzea», kasurako.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Euskara elkarteen mugimendua barrutik ezagutzen du Txerra Rodriguez soziolinguistak(Derio, Bizkaia, 1978), Derioko Tximintx euskara elkarteko kide baita. Halaber, euskara elkarteek euskararen biziberritzeari egindako ekarpena aztertua du, 30 urte mihigintzan. Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017liburuan.

Zer osasun dute, oro har, euskara elkarteek?

Ikuspegi orokorra mila ikuspegi partzialez osatzen duten arren, nik uste dut euskara elkarteak ez daudela eurek nahi luketen bezain osasuntsu. Era berean, uste dut tokian-tokian errealitateak oso desberdinak direla. Susmoa daukat periferietan osasuntsuago dabiltzala, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo.

Zein izan daiteke arrazoia?

Batetik, uste dut periferietako elkarte horiek beranduago sortu zirela, oro har, eta jende gazteagoa bildu dutela euren inguruan, bestelako bizitasun eta berritzeko grina bat zuena. Eta bigarren faktorea da, nik uste, gune horietan bestelako egiteko bide batzuk bilatu dituztela. Bizkaian eta Gipuzkoan euskara elkarte koxkorrak oso bide egituratuari jarraitu izan diote: herri komunikabidea sortu, liberatuak lortu, bazkideak, programak martxan jarri... Eta periferietan uste dut egiteko moduak desberdinak izan direla, tokiko errealitateari askoz lotuagoak. Horrek ahalbidetu die beste buelta bat ematea. Oso lotuak daude tokikoari, eta hortik atera dute indarra bestelako bide eta bestelako jokaleku batzuk imajinatzeko eta sortzeko.

Orain arte izan duten egiteko modutik zer mantendu behar lukete euskara elkarteek?

Tokian-tokian sortu dira historikoki euskara elkarteek egin dituzten berrikuntza gehientsuenak, eta uste dut tokiko mailak jarraitzen duela ikaragarrizko garrantzia izaten. Uste dut eutsi behar diotela erabileraren garrantziaren helburu horri; hau da, erabilerak markatzen duela, benetan, hizkuntza baten osasuna. Eta eutsi behar diote, nire ustez, orain arte lorpenak izan diren alorrei: tokiko komunikabideak, Mintzalagun egitasmoak, Euskaraldia.

Eta zer aldatu?

Bada, nik uste dut euskara elkarteek dituzten arazo nabarmenenak azken urteotan antolaketari eta diskurtsoari begirakoak izan direla. Uste dut euskara elkarteek malguago antolatzera jo beharko luketela. Sortu zireneko sasoia eta gaur egungoa oso desberdinak dira sozialki, eta baita militantziari dagokionez ere. Eta uste dut eredu horizontalagoak eta parte hartzaileagoak jarri beharko lituzketela martxan. Eta, diskurtsoari dagokionez, uste dut gehiago jo behar dutela, eta ari dira hein batean, ahalduntzearen inguruko diskurtsora. Eta, gero, uste dut noizbait birformulatu beharko luketela azken helburua. Trinkotzea ezarri zen xedetzat, baina azken 30 urteetan asko ikasi dugu soziolinguistikaz, asko ikasi dugu hizkuntzaren biziberritzeaz, eta agian bada momentua azken helburu hori eraldatzeko, edo, behintzat, buelta bat emateko eta zehazteko ea horrek izan behar duen, ñabardurarik behar duen edo erabateko eraldaketa behar duen.

Zer zentzutako aldaketa behar luke, izatekotan?

Ez naiz gai azken helburu hori formulatzeko, baina uste dut badaudela handik eta hemendik elementu batzuk, seguruenik kontuan eduki beharko liratekeenak. Hiztunen ahalduntzea da bat, aipatu dut, baina badaude beste batzuk ere: gizarte euskaldun batera jo behar dugun, espazioak euskalduntzearen garrantzia, gutxiengo aktibo bezala egituratzea geure burua...

Militantziaren eta profesionalizazioaren arteko soka finean dabiltza euskara elkarte asko. Zein da formula egokiena?

Militantziaren ereduak baditu alde onak, baina muga nabarmenak ere bai. Eta profesionalizazioaren bideak ere baditu alde onak, baina mugak ere baditu. Askotan profesionalizazioak berak eramaten ditu euskara elkarteak euren buruak elikatzera. Azken batean, langile batzuk daude, eta egitura hori mantendu behar da. Eta hori ez da inondik ere euskara elkarte baten helburua. Euskara elkarte baten xedea gizartean eragitea da. Horretarako, profesionalizazioa tresna izan behar da eta ez helburu, eta ez diot inori kritika egiten, baina batzuetan egitura mantentzera jo da. Uste dut oreka horretan ez dugula asmatu 30 urteetan euskara elkarteetan, eta ez dakit zergatik, baina uste dut hurrengo urteetan ere ez dugula asmatuko. Jarraitu behar dugu sokatira horretan, tiraka batzuetan militantziatik, tiraka batzuetan profesionalizaziotik, eta bidean ebatzi beharreko korapiloa izan beharko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.