Jaurlaritzak zuzen bete zuen Verterrekiko kontrola, ikuskaritza baten arabera

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Ricardo Energy & Environment-i enkargaturiko txostenak dio egokia izan zela ingurumen baimena

Langileen gorpuzkien bilaketa lanak, Zaldibarren. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Zaldibarko (Bizkaia) luizia izan eta bi hilabetera eskatu zion Ricardo Energy & Environment ikuskaritzari gertaturikoari buruzko txosten bat egiteko. Atzo eman zizkion ikuskaritzak txostenaren emaitzak Eusko Legebiltzarrari, eta, hor idatzitakoaren arabera, Jaurlaritzak kontrol neurriak zuzen bete zituen Verter Recyling enpresarekiko. Edo bai, bederen, Europako arau eta legeen arabera.

Txostenak dioenez, Eusko Jaurlaritzak zabortegiari emandako ingurumen baimenak Europako zuzentarauak betetzen zituen, baita irizpide legal guztiak ere. Era berean, arau horien araberako kontrol egokia eraman zuen Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, txostenaren arabera. Efe berri agentziak jakitera eman duenez, txostenak dio, nolanahi ere, Verter Recycling enpresaren funtzionamendua okertuz joan zela 2019an. Bertzeak bertze, txostenak zehazten du ingurumen baimenak «energia efizientzia egokirako» irizpideak jarri behar izanen lituzkeela, baita aireko «gai kutsatzaileen isuri lausoentzako» muga zehatzagoak ere. Jaurlaritzak, halere, instalazioen kontrol egokia egin zuela dio ikuskaritzaren txostenak.

Enpresak zehaztu gabe

Ikuskaritzak «maila txikiko desadostasun» bat topatu du Zaldibarko inspekzio planean: Jaurlaritzak ez zeukan planarekin lotutako enpresen erregistro zehatzik. Halere, nabarmentzen du horrek ez duela zabortegiarekikokontrolarekiko ondoriorik.

2011n zaborra biltzen hasi zenetik zazpi inspekzio egin zizkioten zabortegiari, eta ikuskaritzak hainbat gomendio ematen ditu inspekzio horiei buruz: erraterako, inspekzioen maiztasuna malguagoa izatea. Arau hauste larriren bat atzemanez gero, halaber, sei hilabetera bertze inspekzio bat egiteko betebeharra jartzeko proposatzen du txostenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.