Arrauna

Watt berdeak Ibaizabalen

Hondarribiak denboraldiko bigarren bandera irabazi du, Sestaon. Berdeek Urdaibairekin buruz buruko lehia izan dute, eta azken txanpan nagusitu dira

Ioseba Amunarriz Hondarribia taldeko patroia, bandera astintzen, atzo, Sestaon, Eusko Label ligako zazpigarren jardunaldian. OSCAR MATXIN EDESA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hondarribia taldeko ontzi berdea arraunlari arinez osatuta badago ere, tostartean watt asko mugitzekoak dira. Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa traineruko txopan doan patroi zailduak esandakoa da hori; atzo, hain zuzen, Sestaoko (Bizkaia) Ibaizabalen nagusitu ostean, Eusko Label ligako zazpigarren jardunaldian. Hondarribiak Urdaibairekin buruz buruko lehia ikusgarria izan zuen, arraunzaleen gozagarrirako, eta Amunarriz eta haren kuadrilla izan ziren azkarrenak azken txanpan. Mikel Orbañanosenek bigarren bandera dute denboraldi honetan, eta, Donostiarra liderraren parean jartzea lortu dute sailkapen nagusian, 76na punturekin.

Ur geldietan arraun egiteak arraunlariei eragiten dien higatze fisiko handiaz gain, bazen prestatzaileei eta patroiei kezka eragiten zien naturaren aldagai bat: itsaslasterra. Marea behean 19:57an zen, eta, ondorioz, lehen txandako traineruek itsaslaster handiagoa zuten ohorezko txandakoek baino. Kezka horiez gain, kale zozketak sortzen zuen urduritasuna gehitu behar zitzaion egoerari; izan ere, kanporanzko luzean, erdiko kaleetatik zihoazenek itsaslaster handiagoa zuten alde, lehendabizikotik eta laugarrenetik baino; eta alderantziz barrurako luzean.

Atzoko garailea bigarrenetik joan zen; Donostiarra, lehendabizikotik; Urdaibai, hirugarrenetik; eta Orio, laugarrenetik. Gorputzari lehen egurra eman eta berehala, esperotako gidoia bete zen: Donostiarrako Arkaitz Diaz patroiak eta Orioko Aner Etxegoienek erdiko kaleetara joateko norabidea hartu zuten. Metro gehiago egiten ari ziren bitartean, ordea, Urdaibaik eta Hondarribiak estropada burua hartu zuten. Bou Bizkaia izan zen ziabogara heldu zen lehen trainerua; bi segundo atera zizkien berdeei, hiru zuriei eta sei horiei.

Bigarren luzean, estropada apurtzeko lehen kolpea eman zuten Urdaibaik eta Hondarribiak. Iker Zabalaren taldeak, gainera, erabaki ausarta hartu zuen: ababorrera joan beharrean, hirugarren kaleari eutsi zion, itsaslaster handiagoa aurka zuen arren. Ama Guadalupekoa-k, berriz, istriborrera jo zuen, Donostiarra atzean zegoela eta. Bada, Urdaibai baino segundo bat azkarrago heldu zen bigarren ziabogara. Donostiarra bederatzi segundora iritsi zen, eta Orio, hemeretzira.

Hirugarren luzean, Urdaibai jo eta jo aritu zen Hondarribiari hanka egiteko, baina berdeek Bou Bizkaia-ko zaldien joaldiei eutsi zieten, azken ziabogara bi segundo atzetik heldu ziren arren. Zirt edo zart egiteko tenorea iritsi zitzaien biei. Amunarrizek ez zuen zalantza izan: lehen kalera jo zuen; Aranberrik, berriz, laugarrenera. Azken metroetan, biek arraunkadak ikaragarri sarritu zituzten, eta azken txanpan berdeak gehiago izan ziren.

Zierbenak irabazi zuen bigarren txanda, Kaikurekin eta Getariarekin lehia estua izan ondotik. Isuntza, berriz, inork nahi ez zuen laugarrenetik aritu zen, eta ontzirik apalena izan zen, Caboren mesederako; gorriek, hain zuzen, puntu sorta ederra bildu zuten atzo, zazpigarren eginda, eta, orain, hamaikagarrenak dira sailkapen nagusian, Aresen aurretik. Gaur, Santurtzin (Bizkaia) izango dute estropada (12:13, ETB 1).

Hibaika, San Juan eta Lapurdi

ETE ligako ontziak Errenterian (Gipuzkoa) aritu ziren atzo, eta Hibaika etxeko ontziak irabazi zuen. KAE 1 ligan, San Juan nagusitu zen, Pasaian (Gipuzkoa). San Pedro eta Arkote sailkatu ziren arrosen atzetik. KAE 2 ligan, Lapurdi gailendu zen.

Bestalde, Euskadiko Txapelketa jokatuko da bihar (12:00), Lekeition (Bizkaia). Emakumezkoetan, Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia, Donostiarra, Hibaika, Orio, Tolosaldea, Ondarroa eta Deustu ariko dira; gizonezkoetan, Orio, Getaria, Ondarroa, Kaiku, Hondarribia, Donostiarra, Urdaibai eta Zierbena izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.