Txapela, beste buru baten zain

Iker Vicente da bihar Euskal Herriko Txapelketa irabazteko hautagai nagusia. Aitzol Atutxa, azken bost urteetako irabazlea, ez da ariko

Jon Ander De la Hoz.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Heltzear da herri kiroletako urteko egunik garrantzitsuenetako bat, Maila Nagusiko Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finalarena. Urtero ikusmin handia pizten duen jaialdi horrek pizgarri berezi bat du aurten: bost urteren ostean, txapeldun berri bat izango du bihartik aurrera.

Sei aizkolarik neurtuko dituzte indarrak goizeko hamabietatik aurrera, Gasteizko Iradier Arenan, Aitzol Atutxaren lekukoa hartzeko. Dimakoa (Bizkaia) finaletik kanpo geratu zen urriaren 5eko kanporaketan, eta horrek zabaldu egin du txapela janzteko lehia. Hautagaien artean, hala ere, bi izen daude beste guztien gainetik: Iker Vicenterena eta Mikel Larrañagarena.

Askoren begietara, Vicente da urteko sari nagusia etxeratzeko hautagai sendoena. Otsagabikoa (Nafarroa) bigarren izan da azken bi aldietan, txapeletik gertu, eta oso ondo aritu da aurten ere. Ez alferrik, hura izan zen kanporaketan markarik onena egin zuena. Irabaziko balu, inoizko txapeldunik gazteena izango litzateke, 22 urterekin.

Alabaina, aurkari faltarik ez du izango aizkolari nafarrak. Horien artean da Larrañaga, iazko hirugarren sailkatua. Azpeitiarrak estu hartu zuen iaz Vicente, aurretik ibili baitzen azken bi enborretara iritsi aurretik. Koska bat gora eginda dago, gainera; abuztuaren 15ean Donostian jokatutako Urrezko Kopan segundo bakar baten aldea atera zion Vicentek, eta iragan urriaren 12an Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga irabazi zuen, Urrestillan (Gipuzkoa).

Julen Alberdi Txikia IV.a da behetik gora datorren beste aizkolari bat. Hirugarren izan zen kanporaketan, eta onenekin lehian aritu da aurten. Azkoitiarrak aitortu du «zaila» ikusten duela bi faboritoei aurrea hartzea, baina egun ona izan duenetan erakutsia du haiek estutzeko gai dela. Alberdi estreinakoz ariko da final nagusian.

Itzalean, baina ernai

Jon Rekondok ere lehen aldiz jantziko ditu galtza zuriak egun nagusian; aurrez birritan sailkatua da finalerako, baina, osasun arazoengatik, ezin izan zuen aldi haietan aritu. Leitzarrak aukera txikia du txapela janzteko, urtean zehar hautagai nagusiengandik urrun ibili baita.

Antzeko egoeran daude Eneko Otaño eta Iñaki Azurmendi. Lehen postuetatik urrun geratu ziren kanporaketan, eta beste helburu batzuekin ekingo diote hamabi enborrak ebakitzeko lanari. Otañok bigarren aldia izango du finalean, iaz egin baitzuen estreinakoa. Azurmendik, ordea, hamaseigarrena du, eta haietako bietan lortu zuen hura etxeratzea, 2011n eta 2013an.

Hala, ezusteko handirik ezean, inoiz irabazi gabeko aizkolari batek irabazi beharko du Gasteizko Iradier Arenan jokatuko den finala; 11 urteren ostean Araban lehiatuko dira berriz ere.

Begirada atzerago bota behar da Gasteizen jokatutako azken finala aurkitzeko. 1986an izan zen, eta Miel Mindegia izan zen garaile; hura da txapel gehien duen aizkolaria: hamar. Orain 33 urte Gasteizen jokatutako hartan, jaiotzeke zeuden bihar Iradier Arenan ariko diren sei aizkolarietatik lau, eta urtebete eskas zuen Rekondok. Txapelak buru berrien zain dauden seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.