Aurreneko hiriburua izateko bidean

Udazkenean Euskal Herriaren estatusaz galdeketa egiteko sinadura kanpaina hasi dute Donostian. 400 batu dituzte lehen ekitaldian

Donostiako galdeketaren aldeko ekitaldia, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Datorren urteko udazkenean Euskal Herriaren estatusari buruzko galdeketa bat antolatu ahal izateko, sinadurak biltzeari ekin dio Donostiako Gue Esku Dago dinamikak, Konstituzio plazan ekitaldi bat eginda. Gutxienez, Donostiako 18 urtetik gorako bizilagunen %5en sinadurak batzea du helburu, ondoren kontsultara deitu ahal izateko; hain justu, 7.879 firma. Urtarrilean, otsailean eta martxoan ariko da zeregin horretan GEDeko Donostia Galdeketa elkartea. Orain arte ez dahalako galdeketarik izan euskal hiriburuetan; aurrenekoa litzateke, beraz, Gipuzkoakoa.

Ia bi orduko ekitaldia egin dute, hitzartzeekin eta musikarekin, eta 400en bat sinadura batudituzte. Jende ezaguna bildu dute lehen sinatzaileen artean: Joseba Egibar EAJren GBBko presidentea, Amaia Almirall Donostiako EH Bilduko zinegotzia, Xabier Saldias abeslaria, Irati Elizalde kazetaria, Inaxio Kortabarria Realeko jokalari ohia, Donostiako ELAko eta LABeko ordezkariak... Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea ere azaldu da ekitaldira, baina donostiarra izan arren ezin izan du sinatu, ez baitago bertan erroldatuta.

Donostiaren unea

«Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarren garaia iritsi da», esan du Oihana Maritorena aurkezleak. «Hori dela eta, udalerri askotan galdeketa egin ondoren lehenengo hiriburuaren momentua iritsi da: Donostiarena. Gaur hasi eta udazkenean galdeketan bukatuko den bide polit honetan, Donostiako hiritarren parte hartzea oso garrantzitsua izango da. Pertsona bakoitzak asko eman dezake, baina hiri oso batek askoz gehiago eman dezake».

Martxo bukaera artean hainbat saio egingo dituzte gutxienekosinadura kopurua lortzeko, hirigunean eta auzoetan ekinbideak eginda. Sansebastianak baliatuko dituzte, kasurako, kanpaina sustatzeko. Martxo bukaeran ikusiko dute galdeketara deitzeko moduan izango diren ala ez. Hala bada, kontsultako galdera eta data zehazteari ekingo diote elkarteko kideek.

2014ko apirilean izan zen halako estreinako galdeketa, Etxarri Aranatzen (Nafarroa), eta harrezkero denera 180 udalerritan egin dituzte. 177.000 lagun inguruk bozkatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.