Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Emaitzak Espainian

Pedro Sanchez: «Etorkizunak irabazi du, eta iraganak galdu»

PSOEko buruzagiak erran du «politika progresistak» eginen dituela gobernuan. «Riverarekin ez!» oihukatu diote jarraitzaileek

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia garaipena ospatzen, atzo, Madrilgo Ferraz kalean. JUANJO MARTIN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

«Baziren 11 urte ez genuela entzuten 'Alderdi Sozialistak hauteskundeak irabazi ditu!». Pozik atera zen Pedro Sanchez PSOEko buru eta gobernuko egungo presidentea jendaurrera Madrilgo Ferraz kalean, inoiz ezagutua ez zuen uneaz gozatzera. Alderdiaren, LGTBI kolektiboaren eta Espainiako banderez gainezka zegoen kalea, eta alderdiko jarraitzaileek askotan moztu zuten buruzagiaren hitzaldia, kantuekin eta oihuekin. No pasarán! 36ko gerrako lelo antifaxista ere oihukatu zuten. «Etorkizunak irabazi du, eta iraganak galdu egin du», aldarrikatu zuen Sanchezek.

Izan ere, kanpainan hartutako jarrerari jarraituz, eskuin muturra geldiarazi duen mugimendu gisa aurkeztu zuen bere burua Sanchezek. «Europari eta munduari mezu bat eman diogu: autoritarismoa eta ultraeskuina geldiarazi daitekeela». PSOEk hauteskundeetan zuen lehenengo helburutzat aurkeztu zuen hori, baina jarraian erran zuen «gobernatu» eginen dutela. Ez zuen zehaztu zeinekin agindu nahi duen, baina «politika progresistak» eginen dituela erran zuen. Jarraitzaileek argi oihukatu zioten: «Riverarekin ez!». «Entzun dut», erantzun zien Sanchezek. Baina zehaztu zuen ez zuela «haiek» bezala eginen. «Ez diet banaketa hesirik jarriko».

Berreskurapen handia

Garai batean apaltzat joko lirateke PSOEk atzo izandako emaitzak, 1977tik egin diren Kongresurako bertze hamahiru hauteskundeetan soilik bortz aldiz atera baititu jarleku gutxiago. Baina bilakaera kontuan hartuta, egiazko garaipen bat da Sanchezek lortu duena. Izan ere, sei aldi horietatik hiru 2011tik egin diren hiru bozetan izan dira, eta alderdiaren historiako emaitzarik txarrenak izan dira hiru horiek. Gainera, 2015ean PSOEk inoiz izan duen boto kopururik txikiena jaso zuen —%22,01; Sanchez lehenbizikoz aurkeztu zenean—, eta 2016koetan, berriz, inoizko diputatu kopururik txikiena —85—. Berreskurapenak, beraz, garaipen bihurtu du atzoko emaitza, baina ez horrek bakarrik, iraganean ez bezala, bi alderdiko hegemonia politikoa hautsi egin baita azken hauteskundeetan. Hortaz, balio berezia eman dio PSOEren garaipenari. Hamar hilabeteko presidentetza izan da Sanchezentzat garaipenerako kanpainarekin onena.

Eskuinari erantzun dio ezkerrak

Behin irabazita, Pedro Sanchezek bi bideren artean aukeratu beharko du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.