Aiaraldean ere abian da herri galdeketa

Datorren urteko maiatzaren 6an egingo dute. Kontsultaren aldeko sinadurak eta bidea prestatzeko ekitaldi sorta aurkeztu dituzte

Laudioko Kasinoan atzo egindako batzarra. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Aiaraldeak (Araba) ere Euskal Herriko estatus politikoari buruzko herri galdeketa egingo du. Data finkatua dute dagoeneko—datorren urteko maiatzaren 6an egin asmo dute—, eta, orain, galdeketa sustatzeko bilduriko sinadurak eta bidea prestatzeko antolatuko dituzten ekitaldiak aurkeztu dituzte, Laudion (Araba) egindako agerraldi batean.

Kontsulta antolatzeari ekin aurretik, horren aldeko sinadurak biltzen aritu dira azkeneko bi hilabeteetan. Botoa eman dezaketen herritarren %10ek sinatzea zen lortu beharreko kopurua, galdeketaren prozesua berme guztiekin abiarazteko. Aiaraldean aise gainditu dute langa, eta kontsultan parte har zezaketen herritarren %15 inguruk eman dute aldeko sinadura.

Eskualdeko herri guztietan gainditu dute langa. Aiaran, %32k eman dute galdeketaren aldeko sinadura; Amurrion, %16k; Artziniegan, %10ek; Laudion, %13k; eta Okondon, berriz, %21ek. Eskualdea osatzen duten bost herriez gain, Arakaldok (Bizkaia) ere bat egingo du haiekin, eta bertan ere galdeketa antolatuko dute. Orotara, 30.000 lagun inguruk izango dute bozkatzeko aukera,maiatzaren 6an.

Aiaraldea Bat taldeak nabarmendu du «adin guztietako herritarrek, herri erakundeek, sindikatuek eta alderdi politikoek» parte hartu dutela sinadurak biltzeko ahaleginean, eta emaitza «oso ona» izan dela.

Sinadurak biltzeko kanpainaren emaitzez gain, herri galdeketak egin arte antolatuko dituzten ekitaldiak aurkeztu dituzte Laudioko Kasinoan egindako batzarrean. Besteak beste, herri kontsultan bozkatuko dutenaren inguruko hausnarketa egiteko herri guztietan bilerak eta batzarrak antolatuko dituztela iragarri dute Aiaraldea Bat elkarteko kideek.

Orain arte, 177.000 herritar

Orain arte, herri galdeketak 780.000 biztanleko eremu batera iritsi dira, eta 177.000 herritarrek parte hartu dute. 2014ko apirilean izan zen aurreneko kontsulta. 2017an ere bultzada handia hartu du egitasmoak: orotara, 142 galdeketa egin dituzte aurten -63 Bizkaian, 53 Gipuzkoan, 24 Nafarroan eta 2 Araban-, eta 136.195 herritarrek parte hartu dute. Gure Esku Dago-ren asmoa da herri galdeketen zikloa 2018an amaitzea, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian 2019ra arte luza badaiteke ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.