«Urraketen lagin baten kontakizuna egin dugu»

Ibon Iturriozek, Eneritz Txabarrik eta Miren Ogandok bost bidaia egin zituzten 2015ean Mendebaldeko Saharara. Blokeo informatiboa hautsi, eta hango egoera salatu dute txosten batean eta film labur batean.

Ibon Iturrioz, Eneritz Txabarri eta Miren Ogando, Donostian. OLATZ ALONSO GUEVARA.
Donostia
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Miren Ogandori, Eneritz Txabarriri eta Ibon Iturriozi poza nabaritzen zaie 2013an Giza Eskubideen Laborategi batekin hasi zenak bost urteren ondoren txosten baten eta film labur baten itxura hartu duela ikustean. Ikerketak aukera eman die Mendebaldeko Saharan bizi diren sahararren borroka lehen pertsonan eta bertatik bertara ezagutzeko. «Militante izanik, ezin zara eserita gelditu horrelako egoera bat ikusita; zeozer egin behar duzu», nabarmendu du Ogandok. Arabako SEADen Lagunen Elkarteari eta Equipe Mediari esker egin dute txostena, «lagunekin, saretzen, gure iraultzarako gogo hori aurrera eramaten, bertara bidaiatzen, hango egoera ikusten... Hain osoa izan da».

Ikerketaren abiapuntua azaldu du Iturriozek: «Giza Eskubideen Laborategian ohartu ginen ez zegoela sahararren berri emateko informazio analitikoa, hutsune bat zegoela, eta brigada bat egin zitekeela egoera salatzeko, baita datu batzuk emateko ere». Esan eta egin.

Azterlanaren nondik norakoak elkarlanean diseinatu ondoren, 2015ean informazioa biltzeko bost bidaia egin zituzten. Txabarrik eta Ogandok lanerako eskubidea jorratu zuten, eta Iturriozek ebaluazio bidaian hartu zuen parte. Proiektuaren fase horri buruz hitz egiteko orduan, hirurek Equipe Mediaren lana goraipatu dute. «Euren lanak egin du hau dena posible», nabarmendu du Iturriozek. Txabarrik gogoratu du koordinazioaz eta elkarrizketatuak lortzeaz arduratu zirela: «Guretzat gerta zitekeen okerrena zen poliziek gu harrapatzea eta kanporatzea. Horrez gain, ez genuen ezer galtzeko. Baina beraiek...».

Ez da erraza lurralde okupatuetan gertatzen denari buruzko informazioa jasotzea zein ematea Marokoren blokeoa dela eta. Kazetariek eta nazioarteko begiraleek oso mugatua dute sarrera, eta kanporatuak izaten dira maiz. Esate baterako, urteko lehen egunean bertan bi ekintzaile euskaldun kanporatu zituen Marokok Aaiundik.

Hiru brigadistek ez zuten arazorik izan, baina tentuz ibili ziren une oro, mugimenduak mugatuz, etxetik ezin atera egoteraino. Horregatik, aitortu dute txostena ez dela ikerketa zientifiko bat. «Horrelako lan bat egiteko baldintzak ez ziren betetzen. Guk egin duguna urraketen lagin txiki baten kontakizun luzea da», argitu du Iturriozek. Hala eta guztiz ere, testigantzen garrantzia azpimarratu dute. «Jaso ditugun bizipenak ez dira pertsona bakar batek bizitakoak: denek gauza bera jasaten zuten», azaldu du Txabarrik.

Orain, ikerketaren emaitzak zabaltzeko lanetan murgilduta daude. Txostena jada argitaratuta dago, eta animaziozko filma otsailean aurkeztuko dute, Gasteizen. «Lan honek oihartzuna izan behar du, nahitaez», adierazi du gogotsu Ogandok. Iturriozentzat, egindako lanaren arrakasta etorkizunean izango duen eraginaren araberakoa izango da, eta ez da oso baikorra. «Emaitzak ekartzea espero dut, baina ez diot ibilbide handirik ikusten. Uste dut kalean borroka gehiago behar dela. Lan honek ez ditu gatazkaren erro ekonomiko-politikoak aldatuko», esan du. Hiru gazteek argi dute lanean jarraitzeko beharra, baina, behintzat, lehen urratsa eginda dago jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.